Erritoiti

Errigoitiko talaiatik, Gernikako bonbardaketa basatiaren lekukotza.

Posted on Actualizado enn

Margari Barainka, testigantza jasotzeko unean (2022ko apirila)

1922.urteko urtarrilean jaioa, ehun urte bete berri ditu Errigoitiko Margarita Barainkak. Ispasterkoa zen Fermin bere aita, eta Errigoitiko Madalenbeko baserriko Luzia Etxebarriakin ezkondu eta bertan bizi izan ziren, Margari izan zen familia honen lehen ondorengoa.

Errigoitiko udaletxearen etxabean zegoen nesken eskolan gerra aurretik ikasi bazuen, beti gazteleraz aritu behar zen irakasle euskaldunik izan ez zuelako. Sarri joaten zen Gernikara, astelehen gehienetan bai behintzat. Baita aldiro Bilbora ere, ama Bilboko jatetxe baten sukaldari aritua zenez, trenak eskaintzen zieten aukeraz baliatuz txangoak egiten zituzten Bizkaiko hiriburura.

Errigoitiko udaletxea. Argazkia: Indalecio Ojanguren. Gurre GIpuzkoa. AGG-GAO_OA01863

15 urte zituen Margarik Gernika suntsitu zutenean. 1937ko apirilaren 26an Gernikako aire erasoa izan aurretik Margarik ez zuen gerraren gordintasunik nozitu. Baina astelehen horretako goizean, matxino faxisten alde borrokatu zuten hegazkin alemaniarrek Gerrikaitz eta Arbazegi (Munitibar, gaur egun) erasotu eta suntsitu zuten goiz horretan, etxetik ikusi zituen hegazkinak Oiz aldetik etorriaz Errigoiti parera arte heltzen zirela, itzulia hartzera.

Ikusitakoarekin bere ama mesfidati zen, Gernika bonbardatuko zutelakoan ziren, beldur ziren. Gernikako azokara bera bakarrik jaistea erabaki zuen amak, han, parean suertatu zitzaion arratsaldeko laurak inguruan hasi zen erasoa. Hiru orduz estolda estu batean babestuta, gauez lortu zuen amak etxera itzultzea.

1937ko apirilaren 26ko Gernikaren aurkako bonbardaketaren ondorengo argazkia

Tartean etxekoak estu eta larri, eta larriago hurrengo egunetan frentea eta borrokak Errigoitira iritsi zirenean, etxetik alde beharrean, izkutatuta, tirokatuta, etxaldea trintxeraz josia, …

Margariren bere nahia izan da gerrateko pasarteak kontatzea, berea izan da testigantza eskaintzeko iniziatiba. Ikusitakoa, entzundakoa eta bizitakoa kontatu digu, bere memoria irekiaz Margarik bere lekukotza eskaini digu.

Memoriak ez gaituelako iraganean ainguratzen, oroitze kolektiboak etorkizun hobeago batera bideratzen gaituelako, eredugarria zara. Eskerrik asko Margari.