Gernika bonbardatu zuten efemeridea izan dugun honetan gogora datorkigu Gerra Zibilean abiazioak izan zuen indarra. Alemanek Kondor Legio zapaltzailearekin txikitu zuten Gernika 1937ko apirilaren azken astelehen hartan. Faxismoaren abiazio-entseguak ziren haiek; geroagoko mundu gerrarako abiazioarekin herritarren aurkako eraso txikitzaileak burutzeko.
Baina ez ziren Kondor Legioko hegazkinak solikik izan Franco, Mola eta Militar faxistek hasitako kolpea babestu zutenak: Hegazkin italiarrek ere beraien papera izan zutenĀ 1936ko uztailean hasitako altxamendu militarrean.
Markinaldeko frentean, erreketeen IV Brigada sartu zen 1936ko irailean eta hainbat hilabetez Kalamuatik Mutirkurainoko posizoak hartu zituzten. Gainera, Amallo ingurutik Mutrikuraino Italiar Flechas Negras deituriko batailoiak hartu zuten agintea. Beraien kide ziren hegazkin italiarrak Markinaldeko frentean zehar ere ibili ziren eta hona hemen ikusgai hegazkin italiarrek airetik ateratako argazkiak. Garai hartarako puntako teknologia eta egiteko zaila izan arren italiarrek lortu zituzten hainbat argazki ateratzea, zehaztasunez, eta hauek elkartu ondoren izugarrizko mapa egitea.
Argazki hoiekin, Italiarrek, errepublika defendatzen zutenen posizioak kokatu zituzten, horrela, frenteak aurrera egin ahal izateko, Miloi, Asterrika, Kalamendi eta hainbat inguru erasotzeko planteamendu militarrak osatuz. Kontuan hartu behar da, Bizkaiari Molak egin zion āazken ofentsibaā indartsua bete betean prestatzen ari zirela.
Argazki hoietan argiago ikusteko izendatu egin ditugu italiarrek ongi markatu eta lekutu zituzten posizioak; batez ere errepublikaren defentsaren posizioak ongi markatu zituzten, kolpe militarrarekin nondik jarraitu ikusteko.
Antxin jaio eta bizi izan nintzen, ni jaio nintzenean ahizpa bat (ni baino hamaika urte nagusiagoa) eta neba bat zaharragoak nituen, baina neba 7 urterekin hil zen. Aita, Amerikatik etorri eta umea, nire neba ikustearen gogoarekin; Donositara eraman zuten medikuarenera, nire neba, buruan zuen zerbait, baina ez zegoen ebakuntza egin ezkero, ondo aterako bermerik. Aitak berriro joan behar izan zuen Amerikara, artzai eta meatzetan jardun zuen lanean, Idaon. Handik etorritakoan, baso sail batzuk eta erosi zituen, han egindako diruarekin. Orduan ezagutu ginen aita eta biok, nik 4 urte nituenean. Hemen geratu zen betirako. Aulestiarra zen izatez, eta hemen, bere aitaren lehengusuak edo bizi ziren.
Gerra etorri zenean, Antxin geunden. Ez genekien ezer eta lehenengo unean, aitaren neba arrebengana joatekotan egon ginen, Aulestira, Etxebarrin, gerra frontetik gertu geundela eta. Baina Kainoi batzuekin batera etorritako kapitain batek, esan zigun, ez zela egun askotako kontua izango eta ez joateko inora. Etxean geratu ginen. Zazpi hilabetez iraun zuen froteak, balak Mandiola ingurutik etortzen ziren eta kainoikadak berriz, Urkaregitik.
Kapitan hura, gure etxera etotzen zen, arrautzak eta oiloen eske, gure aitak oilo zuriak zituen, erotzat hartu zuten orduan, oilo zuriak jartzeagatik, baina arrautza gehiago ematen zituzten, hori bentaja. Kapitain hark eramaten zituen arrautzak eta oiliak, eta harremana egitean, lagundu ere lagundu zigun. Gure etxeko arrautzak bere Bilboko familiari eramaten zizkion. Munibeko koartel nagusira joaten zen, guretik, Montarreiko erreka kontratik zehar. Oluan eta Zuluetan eta nor zeuden milizianoak, Mandiolan berriz Nazionalak. Ez dakit nondik igoko zuten, Beideko txabolan gora zegoen bidea, handik agian, gu ere handik joaten ginen gereziak jatera Oluara.
Antxi eta Beide artean ere jarri zituzten kainoiak. Bide bidean, orduan gurdi bidea. Bista bistan zeuden eta atake baten, Beideko etxea jo zuen obus batek. Beiden bi etxebizitza zeuden; bat harrizko etxe altu bat, ederra, berriagoa zen, hura jo zuen bonba batek eta su hartu zuen. Beide erre zenean, gurasoak Ikaitxen zeuden, handik, kea ikusten zuten, eta etxetik gertu begitandu zitzaien, kainoiak ere han zehar zituztenez, etxean edo bidean izango zelakoan beldurtuta etorri ziren; gu berriz Montarrein geunden.
Amotoko gizona joan zen bertakoie laguntzera. Ahal zuten moduan, balkoitik zerbait ateratzen ari zirela, beste kainoikada batek jo eta gizon hura hil zen. Amotokoan, hiru ahizpa geratu ziren bakarrik orduan. Gizon hura, zinegotzia izan zen, EAJ-PNVkoa uste dut. Bitartean, zaurituak Munibera eramaten zituzten, angarilan edo, orduan oraindik ez zen esku-oherik egongo, zegoenarekin, zaurituak eramateko, gurean mantak hartu eta eraman zuten Amotoko gizona.
Ama hilda zuten ordurako, neba, Etxebarriko frontoia egin zenean, 1935an, peoitzan, auzolanean ziarduela aldamiotik erori eta hil egin zen, eta aita berriz, gerra garaian Bedieko etxean hil zen. Hiru ahizpa geratu ziren Amotokoan, bakarrik. Haien nebarena gertatu zenean, eskolatik irten eta bazkaltzera etxera nindoala, berria eman nien etxekoie, haien nebak istripua izan zuela. Ez zekiten ezer, errekadurik hartu gabe zeuden artean, eta niri, niri ez zidan inork esan abisatzeko baina joan egin nitzen. Umeen kontuak zirelakoan edo ez horretan geratu zen, nik 6-7 urte nituen orduan.
Miliziano eta gudariak ibiltzen ziren hara hona, etxera etortzen ziren, sartu irtenean asko ibiltzen ziren; umea nintzen gauza askorekin kontuatzeko baina gudari batzuk, Lekeitiokoak eta, euskaldun euskaldunak ziren, eta haiek baimenarekin joaten zirenean, bruse, praka mil rayas eta abarka kaltzakin etortzen ziren. Euren euskal giroa zaintzeko. Egun batzuetako permisoa izaten zuten.
Etxeetan ere jende asko egon zen, Tomasenekoak Monterrein egon ziren babestuta, gu ere bai, eta gainera, aitak, etxe ostean errefugio bat egin zuen, tinkoi batzuekin, teilatua adarrekin eta idearekin estalita, gainetik botata. Goitik bonba bota ezkero, biguna zela eta hemendik bota ezkero lau horma pasatu beharko zituela. Uste horrekin, salbu. Atakeak zeudenean, gu zein Beideoak, hara joaten ginen, Montarreira joaten ginen, babestera, babeslekura, pentsa nolakoa den ezjakintasuna.
Izan ere kainonazoak lantzean lantzean izaten ziren. Goizean goiz nabaritzen zuten etxekoek atakea izango zela, ābai, gaur argi, urten egin bida ta,ā akordatzen naiz, amarekin gosaltzen geunden egun batean, zera esan zigun ābixkor bixkor jan, Montarreire jun biogu te, ze gaur atakie da ta, gox goxetik dabiz aprobak eitxen eta gaur bada taā amak hori esan eta akordatzen naiz, tiroteue hasi, eta jeiki, arin-arinka, eskatzeko atetik irten handiko aldera gindoazela, ama atzetik, Joxe eta ahizpa ere izango zen, kokotean zehar, geu jaten egon ginen leihotik sartu eta eskaiera barrenean eztanda egin eta justu justuan irten ginen. Ezer ere ez zitzaigun gertatu. Kainonazoa izan zen. Haren ondotik , beste bi sartu ziren teilatutik etxean. Hiru kainoikada, denpora ezerezean, gure etxean sartu zirenak. Pentsa, nolako arriskuaan bizi ginen, eta ez zitzaigun ezer pasatu inori.
Antxi inguruko etxeetan denok egon ginen bertan, bakoitzaren etxeetan. Ez zen inor urten, Amotokoan hiru ahizpa, Miren, zeukan izena, eta badakizu, orduan ezin zen euskarazko izena eduki; denbora askoan ez baina, Maria deitu behar izan zen.
Lehen esandako Kapitain horrek esan zigun etxean zerbait baliokorik bagenu, edo dirurik izan ezkero gastau, diru zuria eta diru beltza zeuden, ta diru zuriak ez zuela luzaro balioko eta geneukana gastatzeko. Akordatzen naiz zelan Gernikan izen ziren, etxekoak eta tribulixaz ekarri zuten, zaldian, beti egon izan ziren gurean zaldia eta tribulixe, da akordatzen naiz, izarak eta pieza osoak, etxean zuten diru zuria gastatu arte, iristen zena arte ekarri zituzten.
Diru zurixe, Euskadiko dirue zen, eta bestia, espaƱa guztixen balixo bana, hark bazekien, galdu egin behar zutela, eta horregatik esan zien etxekoie.
Frontea aurrera joan zenean, handik urte betera izango zen, ospakizuna izan zen, akordatzen naiz, bandera espaƱol txikiak eskuan Markinara joan ginela. Kainaberako kirtena, eta paperezko banderak ziren, eskolan geuk egindakoak. Gero han eztakit zer egin genuen, geure banderokin. 6 urterekin joan nintzen lehenengoz eskolara, 1934an. Gero gerra denporan eskola zarratuta egon zen, gerra ostean ireki arte. Beti irakasle bakarra izan nuen, 13 urterekin eskolatik urten arte, DoƱa Salva. Gero bere gizona ere etorri zen. Aurretik, bitarteko irakasleak egoten ziren baina hark plaza lortzean, bertan geratu zen.
Razionamendua iritsi zen gero, frankistak sartzean ogi zuria jango genuela eta esaten ziguten, zeren ordura arte ogi beltza jaten genuen, eta abantailak izugarriak izango genituela esaten ziguten, baina bai zera, razionamendua… Gure amak Atsoingoena ere eskatu egiten zuen, harek ez baitziren jeisten herrira eta hurrengo jeistean ematen zien. Zegoenarekin pasatu behar egunak.
Guk goserik ez gendun pasatu, ogia egiten genuen etxean eta artoa. Hirina lortzeko txarto, izan ere, errotei, txapak jarri zizkien, eta ezin alerik eho, baina egiten ziren tranpak. Hori gerra ondoren izan zen, gerra garaian, guk garbantzua eta lenteja eta arroza nahi beste izan genuen, gudari eta milizianek ekartzen zuten. Nazionalak sartu zirenean, berehala razionamendua eta garia entreatu behar udalean. Akordatzen naiz, aita, hirinaren eske, behia eta gurdia hartu eta Arratzu eta Mendatara joaten zen. Gurdiaren barrenean gari sakuak eta gainean sagar sakuak jarri, hartara garia izkutatu eta bidaia egiten zuen. Handik ekartzen zuen hirina. Ez genen goserik pasatu, aukera handirik ez genuen izango, baina goserik ez.
Herriko abadeak, gerra garaian mehatxatuta egon ziren. Horregaitik alde egin zuten herritik. PeƱaneko etxeak zeuden udaletxea dagoen lekuan, han bizi zen Jose PeƱa. Handiko aldera pasatu eta fusilatu egin zuten. Euskalduna zen, euskalduna. Akordatzen naiz, gu Beidetik zubira bitartean, karakolak biltzen genbiltzan behin. PeƱa egunero joaten zen Markinara, oinez eta hark: āzetan zabize?ā ākarakolak batzenā, ākarakolak ezta esaten, marraskuluk esaten daā ointxe be akordetan naz. gero eztakit zegaitxik baina Elgoibarren atrapau ben.
Don Martzelino eta Don Francisco (laguntzaile eta abadea, hurrenez hurren) ere, ihes eginda ibili ziren, Oluan izkutatu ziren. Gorriek Olua erregistratu zuten baina aurkitu ez, ide ardatzean izkutatuta egon omen ziren.
Gero, nazionalak sartu zirenean, bueltatu egin ziren, eta abadetxea nola apurtuta zegoen, Arriondonekoek hartu zituzten abadeak etxean. Gu ezkondu baino bi urte aurreitk hil zen parrokoa eta bestea, Don Martzelino gurekin bizi izan zen.
Abadetxea gero auzolanean berriztu zen, ez dakit elizak edo zeinek baina berriztu egin zen: Kontua da Don Martzelino eta Don Francisco, Pilar izeneko zerbitzariarekin bizi zirela, eta gorriek Pilarri galdeketa egin ondoren, Pilarrek ortuan izkutatuta, kantin bete diru zutela deklaratu zuen.
Gero, herrian hildakoen plaka jarri zuten elizpean. Gerra denboran hil zirenak ziren, frankoren denboran hildakoak, miliziano modura hil zirenik ez zegoen han. Don Bernardinok kendu zuen gero, urteetara, gerran hildako denak, hildako zirela eta.
Gerediaga Elkarteak egindako ikertearen ondoren, Italiara egindako bidaian lortutako hainbat argazkiren berri eman zuten pasa den asteartean.
Hurrengo egunean egindako ekitaldi batekin, Juantxo EgaƱa argazkilariarekin batera honen berri emateaz gain Bizkaiko hainbat herri eta gunetan hegazkin italiarrek egindako bonbardaketen argazkiak jarri zituzten erakusgai.
Asteartetik hona, hainbat gunetan argitaratu dira argazkiok, Bizkaian jasandako aire bonbardaketen argazkiak. Deiak 2009an argitaratu zituen, ETBk bere albistegi saioan erreportaia egin zuen, Sustatu.com-en ere badira gehiago, Ahaztuak 1936.1977 elkarteak ere egin du jarraipena…
Ezaguna da Markinaldeko frentera, 1936ko udazkenean boluntario asko etorri zirela faxismoaren aurka egitera. Eusko gudarostearen batailoi ezberdinek eta pentsakera askotariko pertsonak izan ziren guren inguruko mendietan borrokan.
Jose Antonio Urgoitia Badiola da horietako bat. Polizia Militar gisa destinatu zuten Elorriora, Erreketeek ia Gipuzkoa osoa hartuta zuten garaian. Han baitzegoen inguru haietako kuartel nagusia. Elorrio Gudariz beteta zegoen.
Astra pistola bat eskuetan, inguruetako ordena zaintzea zen gure zeregina. Polizia Militarra deitzetik, ErtzaƱa izatera pasatu ginen 1936an, Eusko Jaurlaritzaren polizia.
Egun batean, gudariekin batera, Markinaldera autobusetan eraman gintuzten.Merzedeko konbentuaren aurrean jeitsi ginen, konbentua kuartel gisa ere erabiltzen baitzen garai horretan.Afaria jaso ondoren, lurrean lo egin genuen. Goizaldean, kornetaren soinuak esnatu, kafesnea eta ogia gosaldu eta Markinako plazara eraman gintuzten formatzera.
Formatu ondoren, kartutxerak fusilen balekin bete eta fusil berriak banatu zizkiguten, joan beharreko postura irtetzeko garaia zen. Etxebarrira bidean, errepidetik gindoazela, 15,5 mm-ko kainoi batzuk zeramatzatela ikusi genuen, gure ondotik pasatu ziren Etxebarrira bidean.
Eguna argitzeko zegoen Etxebarrira iritsi ginenean. Elizan hartu genuen lekua. Hasieran isiltasuna zen nagusi, lekuari zor genion errespetuagatik baina denborarekin berbaroa ozenagoa zen. Plaza baten bageunde bezala mugitzen ginen eliza barruan.
Jaso genituen azalpenen arabera, inguruko posizio zehatz bat hartu behar genuen. Etsaiaren, Kalamuko trintxerak eraso ondoren, faxistek aurrera ez egitea zen gure bete beharra, beraz beheragoko postu batean kokatu ginen. Baina nahikoa eta eraginkorra izan ez zen atakea izan zen hura. Infanteriaren txanda izan zen ondoren. Baina artileriaren atakeak, faxisten kokapenak berdin berdin utzi zituenez, atakea jo zuten gudari asko aurrean eraman zituzten etsaiaren metrailadore eta fusilen erasoak.
Erasorako saiakera batzuk egin ziren, denak antzuak, eta ehundaka zauritu eta hildako izan ziren.
Guk, tiro batzuk botatzen genituen, baina ez zuten eraginik, borroka eremua baino urrunago baikeunden.
Arratsaldean berriro posiziotik jeitsi eta autobusetan Bilboko agustinoen kuartelera bueltatu ginen. Handik egun batzuetara, Areetako, El Pinari zeneko etxera eraman gintuzten, Getxon. Jose Irureta kapitainaren agindupean, IbaƱez izena jarri zioten konpainiari.
Aurreko ostiralean, Markinako Gaztetxean egindako aurkezpenaren argazki batzuk dituzue hemen.
Bertaratu zirenek, gure ekimenaren berri jaso zuten urbil urbiletik.
Oroimen istorikoaren inguruko ausnarketa txiki bat egin asmoz, Martxelo Alvarezek (Ahaztuak 1936-1977) Etxebarriko bideo forumean egindako hitzak, eta bideoa ikusi ahal izan zen.
Ondoren Ahaztuen Oroimena, Markinaldeko Frentea 1936ren berri eman genuen. Izan ere, herritarrok sortu dugun ekimen hau herritarrengana zabaltzea da interesatzen zaiguna. Aurkezpen honekin, gerra zibila eta faxismoaren errepresioa bizi izandakoekiko dugun elkartasuna zabaltzeaz gain, biktima hauen erreparaziorako transmisioa burutzen saiatzen gara.
Une honetan, Markinaldeko frentea deiturikoaren inguruan, testigantzak jasotzea oso garrantzitsua da guretzat. Etxebarria, Xemein, Markina eta Bolibar inguruetan gertaera latz haiek bizi izan zituztenek edo isilik gorde behar izan zituztenek, gertatutakoa kontatu eta herritarrei izkutatu zaien istoriaren pasarte haiek zabaldu nahi ditugu.
Ostiral honetan zita berezia izan zen Etxebarrin. 1936ko gerra zibilak, gaur egun ere aztarnak utzi dituela edo eta oraindik gerra zibiliaren zertzeladak hor daudela argi geratu zen.
Izan ere, ETX KULTUR ELKARTEAK antolatuta hainbat atal izan zituen ostiral iluntzeak.
Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 taldeko kidearen hitzaldiarekin hasi zen ekitaldia. Berak, Ahaztuak 1936-1977 taldearen ibilbidea azaltzeaz gain memoria historiakoaren inguruko gogoeta batzuk plazaratu zituen. Izan ere, garrantzitsutzat baloratu zituen azken urteetan gerra zibilaren inguruko ikerketa eta lan guztiak; gainera, bide horretan jarraitu beharra dagoela aipatu zuen. Alabaina, AHAZTUAK 1936-1977 elkartearen iritziz, garaia da benetako justiziaren bidean, benetako aurrerapausoak egiteko. Beraien hitzetan, frankismoaren biktimen balore demokratikoak berreskuratzea garrantzitsua da eta baita golpe faxista zein hurrengo urteetako errejimen faxistak egindako basakeriak argitu eta arduradunak justiziaren aurrera eramatea.
Bertan, web orrialde honetan aurkitu dezakezuenaren berri eman genuen, eta deia luzatu Markinaldeko Frentean (Etxebarria, Xemein, Markina, Bolibar) gertatutakoa aztertu eta oroimen historikoa berreskuratzera. Guztion etxeetan dago gerra zibilaren pasarteen berri, guztion lana da hau biltzea eta hurrengo belaunaldiei transmisio egoki bat egitea, errepresio eta faxismoaren biktimei babesa eman eta bizitakori elkartasuna adierazteko.
Txaber Larreategiren Ā«Prohibido recordarĀ» dokumentala ikusgai izan zen ondoren. Saturrarango kartzelan egondako emakumeen testigantzekin egindako dokumental bizi eta hunkigarria. Bukaeran, Txaberrek eta Maria Gorasarrik beraien ikuspuntua eta balorazioa helarazi zuten han bildutako guztien aurrean. Maria Gorosarrik, Ā«No lloreis, lo que teneis que hacer es no olvidarnosĀ» liburuaren ikuspegi paregabea agertu zuen: Autoritarismoa erabiliz, faxistek āgaraituen botereakā genero ikuspegitik emakumeenganako eragin zien zapalkuntza.