Anastasi Malaxetxebarria Ibarzabal

Posted on Actualizado enn

IMG_7856.JPGAntxin jaio eta bizi izan nintzen, ni jaio nintzenean ahizpa bat (ni baino hamaika urte nagusiagoa) eta neba bat zaharragoak nituen, baina neba 7 urterekin hil zen. Aita, Amerikatik etorri eta umea, nire neba ikustearen gogoarekin; Donositara eraman zuten medikuarenera, nire neba, buruan zuen zerbait, baina ez zegoen ebakuntza egin ezkero, ondo aterako bermerik. Aitak berriro joan behar izan zuen Amerikara, artzai eta meatzetan jardun zuen lanean, Idaon. Handik etorritakoan, baso sail batzuk eta erosi zituen, han egindako diruarekin. Orduan ezagutu ginen aita eta biok, nik 4 urte nituenean. Hemen geratu zen betirako. Aulestiarra zen izatez, eta hemen, bere aitaren lehengusuak edo bizi ziren.

Gerra etorri zenean, Antxin geunden. Ez genekien ezer eta lehenengo unean, aitaren neba arrebengana joatekotan egon ginen, Aulestira, Etxebarrin, gerra frontetik gertu geundela eta. Baina Kainoi batzuekin batera etorritako kapitain batek, esan zigun, ez zela egun askotako kontua izango eta ez joateko inora. Etxean geratu ginen. Zazpi hilabetez iraun zuen froteak, balak Mandiola ingurutik etortzen ziren eta kainoikadak berriz, Urkaregitik.
Kapitan hura, gure etxera etotzen zen, arrautzak eta oiloen eske, gure aitak oilo zuriak zituen, erotzat hartu zuten orduan, oilo zuriak jartzeagatik, baina arrautza gehiago ematen zituzten, hori bentaja. Kapitain hark eramaten zituen arrautzak eta oiliak, eta harremana egitean, lagundu ere lagundu zigun. Gure etxeko arrautzak bere Bilboko familiari eramaten zizkion. Munibeko koartel nagusira joaten zen, guretik, Montarreiko erreka kontratik zehar. Oluan eta Zuluetan eta nor zeuden milizianoak, Mandiolan berriz Nazionalak. Ez dakit nondik igoko zuten, Beideko txabolan gora zegoen bidea, handik agian, gu ere handik joaten ginen gereziak jatera Oluara.

Antxi eta Beide artean ere jarri zituzten kainoiak. Bide bidean, orduan gurdi bidea. Bista bistan zeuden eta atake baten, Beideko etxea jo zuen obus batek. Beiden bi etxebizitza zeuden; bat harrizko etxe altu bat, ederra, berriagoa zen, hura jo zuen bonba batek eta su hartu zuen. Beide erre zenean, gurasoak Ikaitxen zeuden, handik, kea ikusten zuten, eta etxetik gertu begitandu zitzaien, kainoiak ere han zehar zituztenez, etxean edo bidean izango zelakoan beldurtuta etorri ziren; gu berriz Montarrein geunden.

Amotoko gizona joan zen bertakoie laguntzera. Ahal zuten moduan, balkoitik zerbait ateratzen ari zirela, beste kainoikada batek jo eta gizon hura hil zen. Amotokoan, hiru ahizpa geratu ziren bakarrik orduan. Gizon hura, zinegotzia izan zen, EAJ-PNVkoa uste dut. Bitartean, zaurituak Munibera eramaten zituzten, angarilan edo, orduan oraindik ez zen esku-oherik egongo, zegoenarekin, zaurituak eramateko, gurean mantak hartu eta eraman zuten Amotoko gizona.

Ama hilda zuten ordurako, neba, Etxebarriko frontoia egin zenean, 1935an, peoitzan, auzolanean ziarduela aldamiotik erori eta hil egin zen, eta aita berriz, gerra garaian Bedieko etxean hil zen. Hiru ahizpa geratu ziren Amotokoan, bakarrik. Haien nebarena gertatu zenean, eskolatik irten eta bazkaltzera etxera nindoala, berria eman nien etxekoie, haien nebak istripua izan zuela. Ez zekiten ezer, errekadurik hartu gabe zeuden artean, eta niri, niri ez zidan inork esan abisatzeko baina joan egin nitzen. Umeen kontuak zirelakoan edo ez horretan geratu zen, nik 6-7 urte nituen orduan.

Miliziano eta gudariak ibiltzen ziren hara hona, etxera etortzen ziren, sartu irtenean asko ibiltzen ziren; umea nintzen gauza askorekin kontuatzeko baina gudari batzuk, Lekeitiokoak eta, euskaldun euskaldunak ziren, eta haiek baimenarekin joaten zirenean, bruse, praka mil rayas eta abarka kaltzakin etortzen ziren. Euren euskal giroa zaintzeko. Egun batzuetako permisoa izaten zuten.

Etxeetan ere jende asko egon zen, Tomasenekoak Monterrein egon ziren babestuta, gu ere bai, eta gainera, aitak, etxe ostean errefugio bat egin zuen, tinkoi batzuekin, teilatua adarrekin eta idearekin estalita, gainetik botata. Goitik bonba bota ezkero, biguna zela eta hemendik bota ezkero lau horma pasatu beharko zituela. Uste horrekin, salbu. Atakeak zeudenean, gu zein Beideoak, hara joaten ginen, Montarreira joaten ginen, babestera, babeslekura, pentsa nolakoa den ezjakintasuna.

Izan ere kainonazoak lantzean lantzean izaten ziren. Goizean goiz nabaritzen zuten etxekoek atakea izango zela, “bai, gaur argi, urten egin bida ta,” akordatzen naiz, amarekin gosaltzen geunden egun batean, zera esan zigun “bixkor bixkor jan, Montarreire jun biogu te, ze gaur atakie da ta, gox goxetik dabiz aprobak eitxen eta gaur bada ta” amak hori esan eta akordatzen naiz, tiroteue hasi, eta jeiki, arin-arinka, eskatzeko atetik irten handiko aldera gindoazela, ama atzetik, Joxe eta ahizpa ere izango zen, kokotean zehar, geu jaten egon ginen leihotik sartu eta eskaiera barrenean eztanda egin eta justu justuan irten ginen. Ezer ere ez zitzaigun gertatu. Kainonazoa izan zen. Haren ondotik , beste bi sartu ziren teilatutik etxean. Hiru kainoikada, denpora ezerezean, gure etxean sartu zirenak. Pentsa, nolako arriskuaan bizi ginen, eta ez zitzaigun ezer pasatu inori.

Antxi inguruko etxeetan denok egon ginen bertan, bakoitzaren etxeetan. Ez zen inor urten, Amotokoan hiru ahizpa, Miren, zeukan izena, eta badakizu, orduan ezin zen euskarazko izena eduki; denbora askoan ez baina, Maria deitu behar izan zen.

Lehen esandako Kapitain horrek esan zigun etxean zerbait baliokorik bagenu, edo dirurik izan ezkero gastau, diru zuria eta diru beltza zeuden, ta diru zuriak ez zuela luzaro balioko eta geneukana gastatzeko. Akordatzen naiz zelan Gernikan izen ziren, etxekoak eta tribulixaz ekarri zuten, zaldian, beti egon izan ziren gurean zaldia eta tribulixe, da akordatzen naiz, izarak eta pieza osoak, etxean zuten diru zuria gastatu arte, iristen zena arte ekarri zituzten.

Diru zurixe, Euskadiko dirue zen, eta bestia, españa guztixen balixo bana, hark bazekien, galdu egin behar zutela, eta horregatik esan zien etxekoie.

Frontea aurrera joan zenean, handik urte betera izango zen, ospakizuna izan zen, akordatzen naiz, bandera español txikiak eskuan Markinara joan ginela. Kainaberako kirtena, eta paperezko banderak ziren, eskolan geuk egindakoak. Gero han eztakit zer egin genuen, geure banderokin. 6 urterekin joan nintzen lehenengoz eskolara, 1934an. Gero gerra denporan eskola zarratuta egon zen, gerra ostean ireki arte. Beti irakasle bakarra izan nuen, 13 urterekin eskolatik urten arte, Doña Salva. Gero bere gizona ere etorri zen. Aurretik, bitarteko irakasleak egoten ziren baina hark plaza lortzean, bertan geratu zen.

Razionamendua iritsi zen gero, frankistak sartzean ogi zuria jango genuela eta esaten ziguten, zeren ordura arte ogi beltza jaten genuen, eta abantailak izugarriak izango genituela esaten ziguten, baina bai zera, razionamendua… Gure amak Atsoingoena ere eskatu egiten zuen, harek ez baitziren jeisten herrira eta hurrengo jeistean ematen zien. Zegoenarekin pasatu behar egunak.

Guk goserik ez gendun pasatu, ogia egiten genuen etxean eta artoa. Hirina lortzeko txarto, izan ere, errotei, txapak jarri zizkien, eta ezin alerik eho, baina egiten ziren tranpak. Hori gerra ondoren izan zen, gerra garaian, guk garbantzua eta lenteja eta arroza nahi beste izan genuen, gudari eta milizianek ekartzen zuten. Nazionalak sartu zirenean, berehala razionamendua eta garia entreatu behar udalean. Akordatzen naiz, aita, hirinaren eske, behia eta gurdia hartu eta Arratzu eta Mendatara joaten zen. Gurdiaren barrenean gari sakuak eta gainean sagar sakuak jarri, hartara garia izkutatu eta bidaia egiten zuen. Handik ekartzen zuen hirina. Ez genen goserik pasatu, aukera handirik ez genuen izango, baina goserik ez.

Herriko abadeak, gerra garaian mehatxatuta egon ziren. Horregaitik alde egin zuten herritik. Peñaneko etxeak zeuden udaletxea dagoen lekuan, han bizi zen Jose Peña. Handiko aldera pasatu eta fusilatu egin zuten. Euskalduna zen, euskalduna. Akordatzen naiz, gu Beidetik zubira bitartean, karakolak biltzen genbiltzan behin. Peña egunero joaten zen Markinara, oinez eta hark: “zetan zabize?” “karakolak batzen”, “karakolak ezta esaten, marraskuluk esaten da” ointxe be akordetan naz. gero eztakit zegaitxik baina Elgoibarren atrapau ben.

Don Martzelino eta Don Francisco (laguntzaile eta abadea, hurrenez hurren) ere, ihes eginda ibili ziren, Oluan izkutatu ziren. Gorriek Olua erregistratu zuten baina aurkitu ez, ide ardatzean izkutatuta egon omen ziren.

Gero, nazionalak sartu zirenean, bueltatu egin ziren, eta abadetxea nola apurtuta zegoen, Arriondonekoek hartu zituzten abadeak etxean. Gu ezkondu baino bi urte aurreitk hil zen parrokoa eta bestea, Don Martzelino gurekin bizi izan zen.

Abadetxea gero auzolanean berriztu zen, ez dakit elizak edo zeinek baina berriztu egin zen: Kontua da Don Martzelino eta Don Francisco, Pilar izeneko zerbitzariarekin bizi zirela, eta gorriek Pilarri galdeketa egin ondoren, Pilarrek ortuan izkutatuta, kantin bete diru zutela deklaratu zuen.

Gero, herrian hildakoen plaka jarri zuten elizpean. Gerra denboran hil zirenak ziren, frankoren denboran hildakoak, miliziano modura hil zirenik ez zegoen han. Don Bernardinok kendu zuen gero, urteetara, gerran hildako denak, hildako zirela eta.

Un comentario sobre “Anastasi Malaxetxebarria Ibarzabal

    oier gorosabel escribió:
    5 abril, 2011 en 12:47

    Kaixo danoi. Atzo emon zestan Ainak blog aldaketian barri, eta fitxau zaittuet. Segi fuerte,
    Oier

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.