San Migel

Zierdamendi: urteetako isiltasuna bistaratu da

Posted on Actualizado enn

Aranzadi Zientzia Elkarteak gidaturik, Elgoibar 1936 eta Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 elkartearen elkarlanaz, Ziardamendiko hobi komunak aztertu ditugu. Hobi honetan egon litezkeen gudarien edo eta Zierdamendiko borrokan izan ziren gudarien zenbait senidek ere gurekin elkarlanean jardun dute eta bertatik bertara parte hartu, Joseba Felix Tobar Arbulu kasurako, zeinaren osaba, Felix Arbulu Zierdamendiko borrokan parte hartu zutenetako bat izan zen.

1936ko irailaren azken asteetan, tropa frankistek Gipuzkoa ekialdetik mendebalderantz hartu ostean Azkoititik Elgoibarren sartu ziren (1936/09/21). San Migel aldean gertu zeuden ordurako lehen borrokalariak faxistei aurre egiteko eta 1936ko irailaren 24ean Bilbotik atera ziren hainbat gazte abertzale autobusetan gure ingurua defendatzera eta faxisten erasoa geratzera. Gaua Markinako zelaian igaro ondoren, Etxebarritik gorantz, Urkaregi aldera jo zuten.

1936ko irailaren 25ean Bilbo, Santurtzi, Barakaldo eta Bizkaiko beste zenbait herrietako gazte aberatzaleak egunsentian Urkaregin aurrera abiatu ziren baina Zierdamendiko gainera bidean faxistek erasoa jo eta bertan hil ziren.

Gerraren lerroa 7 hilabetetan estabilizatu aurreko borrokak izan ziren eta ondorioz, Zierdamendiko basoan hilotz geratu ziren gudariak inguruko auzotarrek lurperatu zituzten.

Hauen lekukotasuna urrengo belaunaldiei transmititzeari esker, eta batez ere Aranzadi Zientzia Elkarteak atzokoan egindako lan profesionalari esker, Zierdamendin ziren hobi komunak aztertu ahal izan genituen. Hau dela eta, hiru hobi ezberdinetako baten 4 bat gudariren gorpuak lekutu genituen.

Hona hemen bertan ateratako argazki eta irudi batzuk.

Adi aurrerago,berririk dagoenean jakinaren gainean jarriko zaituztegu.

Zierdamendi: isiltasunetik omenaldira, aldarrikapenera

Posted on Actualizado enn

Gaur goizean Zierdamendiren alde bietako herrietatik, bertako pagadian bat egin eta 1936an han hildakoei omenaldia egin diegu. Gaur 75 urte baina, Diaz de Riveraren indar faxistak, Nafar Brigadetan antolatutako erreketen indarrarekin, Elgoibar aldetik Bizkairantz sartzeko helburuarekin sartu ziren; balore demokratikoak eta herritarrek aukeratutako sistema defendatzen zituztenak armen tiroz aurrean eramanez.

Zierdamendin ziren anarkistak, milizianoak eta eratu berri ziren Zubiaur eta Garaizabaleko boluntarioak. Bizkaitarrak guztiak: Mungia, Bilbo-Begoñakoak, Santurtzikoak, Barakaldokoak… baina irailaren 24an Bilbotik abiatu, eta 25 egunsentirako hainbat hil zituzten. Batzuen izenak badakizkigu, Zubiaur konpainiako 6 gudari 1982an Derioko hilerrian hobiratu zituzten, baina egun oraindik hainbat gorpu lurpean daude.

Gaurko ekitaldi honekin, beraien borondatez, faxistei aurre egitera etorri ziren eta zauritu zein hil zirenei gure besarkadarik beroena eskaini eta omenaldia egin nahi izan diegu. Baita, beraien familiei gure gertutasuna eta elkartasuna adierazi.

Hemendik aurrera lanerako ordua da, erreparazio oso bat lortu arte, benetako justizia egin arte. Duintasunez. 75 urteren ondoren.

Lotura honetan gaurko ekitaldiko argazkiak.

Bitorio Agote

Posted on Actualizado enn

Testigantza entzuteko:

Ni jaio nintzen el 12 de septiembre de 1938, hortxe, Zierdan. Hau ere, Zierdan terrenua da, oin beste batena da, saldu ein naban baina, Zierda Mendi du izena.

Gerra, batzuk atzeazka ta besteak aurreazka, gerra danak bezala etorri zan. Hamendikan militarrak zagozen, Garellanoko kuartelekuak, eta gero ba, ezin zuten eutsi izen be Erreketiak aurrera zioazen gainera Bitorixatik (Gasteiztik) zeozen soldauak, eta Nafarrua dana hartuta zuten.

Zierda Mendiko burrukak 1936Ko setiembrian 23,24,27,28, egun hauetan izan ziren.

Herri ezberdinetako boluntarioak etorri ziren hona, gerran: Bata Riojakua ta bestia auskalo nungua. Alde danetakuak ziren milizianoak. Begoñatikan (Bilbo egun) PNVkoak etorri zian hona. Oin horrek, etorritxa hemen egongo zian Sestao, Portugalete… lana ere gutxi zauen da, todos al frente. Baina heurek gaizki pasatu zuten, ez zauken atzetik janaririk bialduta, en cambio PNVkoak bazaken… eta hori ala da, Eibarren astelehena pilotalekuan eitxen zan Elgetan hasi eta Kalamuarako janari guztia, baina hamen e…

Hona etorri zian, Zubiaur konpainiakuak, (Sabino Arana lehenengo batailoia) bestiak sartuta zagozen, bertan zagozen eta gainera, errekete nafarrak, epoka txarrien, heurek zazpi hildako euki zitxuen (Erreketiak) eta normala, hurrengo egunean gertatu zirenak…

Lagunak zien…milizianoak ziren, ez zan ejerzitua bezala, ejerzito baten bata Malagakua egongo da ta bestia… baina danak hauek auzotarrak zian, boluntario etorritxakuak zian danak….eta hainbat hil ziren hemen…bai bai, gogorra…

Nire aitxai, (Ignazio Agote) udaletxetikan eman ziuen parte, enterrau ein biar ziala. Orduen danak zeken obligaziua: frentera etorri zienak, auzokuak, bestiak…

Heurek etorri zienian (Sabino Arana lehenengo batailoia, Zubiaur konpainiakoak) pentsaizu batailoi bat zan, gainera bakoitza bere galoiakin etorri zien, buzuakin etorriko zien baina, Jose Landa Teniente etorri zan, hura izan zen hemengo nagusietako bat.

Hemen hildakoen gomutan jarri zan Kurutzea; nik hamasei bat urte nituen, Jose Maria Otsoa de Txintxetru etorri zan (Zierdamendin gerran zauritua) eta nere aitxakin egon zan eta berak esplikatu zion nola jo zuten hor (bi tirok), pagoaren kontran. “Pasau hari hona”– Zabalak. Zabala gero teniente alkate egon zan Bilboko udaletxian, aitxak, bera ikusi arratsaldian ta bixamon goizian hil.

Erreketiak, geixena zauen e, Lekunberri, Betelu… oin, beste leku baten zeuazen beste leku batekoak, hona inguru horretakoak etorri ziren. Zien horrek, euskaldun jatorrak, guk jun da etorri ta ez dezue esan behar jun da etorri! Harea ta honea!.

Hildako famatu bat izen zan bai; Morkaikon hil zan bai, Belarretara igo zuen, Elgoibar hartu zabenian eta handikan nahi zeben Kalamurajo baina Morkaiko bertan bilau zitxuen (frente bietakoak elkar). Usten dot, sekulo ez da hori garbi jakin, Eibarkuak ziala, han bertan zagozenak hamendikan horra pagora bezela eman zioen hai tirua, bertan gainian bertan zagozen da, harrixekin zera eginda. Don Carlos de Borbon y Orleans hil zuten; 1936ko irailaren 27an.

Gure etxekuak ez zuten faltan izan janaririk porque heurek (erreketeek) ekartzen zioten; han erropia zikatzen edo, dana bustitxa…Trintxeran baldin bazaude, zulua einda, ta eurixa baldin bada pentsaizu zelan egongo zean e…

Berdeskunden sei kainoi egon zien, Berdeskundeko etxetik kaminora bitartien, Belaustein berriz bost egongo zien; harek 15 terdikuek. Oruben, pipixek esaten ziuenak Oruben euki zitxuen, ez dia kaoinoiak: Kainoiak dia baina, Kainoiakin jaurti zeinkizu hamendik Markinara, baina bestiak ez, bestiak pipixak Loperreka nahi bozu Loperrekan ero Aisten nahi bozu Aisten, hurrerakoak zian, eta horrelako bategaz gertatu zen Arratekoa.

Izan zan dana, pentsaizu, hor e, Arraten zauen milizianuetako edo, bueno, militarretako neusixa, teniente koronela edo, eta paguan azpixan lo zeula, gaztiak zebizen bueltan, da granada bat erori zakuen eta bera hil zan. Botata hil zaben ala zer, ba… da beti izen zien gauza zerak! Arrateko abadie, Urkiola baserrikue zan, detenidu eta abadia eta Urkiola baserriko radixua Elgoibarrera erun zitxuen. Gero handikan bajatu zitxuen Elgoibarrera da orduen konde zauen e, Isasa Itxasmendi konde, orduen zauen ayuntamientuen zer, da esan ziuen militarrei: atzera lehengo lekure radixua ta… baina holako nobleziakin ez da beti entzuten e!

Agustin Gurrutxaga Garate

Posted on Actualizado enn

Agustin Gurrutxaga Garate, Berdeskunde baserrian jaio zen. Elgoibarko San Migel auzoan 1917ko irailaren 20an.

Berdeskunden zegoela harrapatu zuen gerrak bete betean. Ordurako, auzotarrak gerra usaina hartuta mugimenduan hasita zeuden, baita etxekoak eta alboko etxekoak izan ere Elgoibarko arduradun errepublikazaleen gomendioz familiak ebakuatu egin zuen.

Agustin etxean geratu zen eta alboko etxean (Berdeskundeko beste bizitzan) Andres Agotek ere horrela egin zuen. Milizianoek hartu zuten Berdeskunde ingurua lehenengo, eta bere begiekin ikusi zuen Zierdamendiko borroka (1936/09/25) baita, geroago erreketeen etorrera. Morkaikon hil zen Borbon-dar printzipea ezagutu zuen Berdeskundera etorri zenean eta behin frentea finkatuta frankistek hartu eta gerrara eraman zuten Agustin, sasoiko mutila.

Eskoriatza-Aretxabaletan jardun zuen Artillerian gerran, gero handik Bergarara eraman zuten geroago Elgoibarko Karakate gaineko posizioetan kokatzeko. Handik ikusi zuen Errepublikazaleen erretirada Arrate-Urkotik atzera zioazela eta frenteak aurrera egin ahala Muxika, Morga, Balmaseda eta hainbat lekutan ibili zen Bilbo faxistek hartu arte. Geroago, Frankistek, Asturiasera eraman zuten, beti artileria astunarekin gerra egitera behin «Frente Norte» erorita Huescara joan behar izan zuen hango frentera.

Oharra: Testigantza editatzen ari gara. Aurrerago jarriko dugu bideo zein idatzizko formatuetan.