Etxebarria

Bitxori Muniozguren Larrañaga

Posted on Actualizado enn

Bitxori Muniozguren Larrañaga (Etxebarria, Elordi 1917 – Iruzubieta, Barrena 2012).

Frente bien tartean geratu zen baserria baina faxistek etxea erabiltzeaz gain, beraientzat lanak eginarazteaz gain egunero esnea emateko obligazioa jarri zieten.

Bere neba bi, frentera eraman zituzten nafar erreketeek eta biak hil egin ziren (Pedro eta Juan) eta hirugarren bat, Ramon, asistente gisa hartu zuen Kortazar Kapitainak. Bitxorik, orduko alkate Marcelino Bereziartuak egindako gestioei esker, Irunera joan ahal izan zuen Markinako Veganekoen taxian bere nebaren gorpuaren bila. Oraindik ere hotzikarak bizi ditu momentu hura gogoratzean: lokatzez betetako gorpuak, gogortuta eta gela bat hildakoz beteta. Banan banan, hildako bakoitza errekonozitu behar izan zuen bere neba ezagutu arte; momentu horretan mareatu egin zen eta Irunetik ia Debara arte ez da gogoratzen ezertaz.

Frentea egonkortuta egon zen hilabeteetan, etxeko lanetan jardun zuten, eta baita bere ahizparen umeak zaintzen. Izan ere, bere ahizpa hirugarren umea izan eta berehala hil egin zen (1931). Umezurtz geratu ziren eta Bitxorik hartu zuen hauen ardura; horrela, etxe aurrean zebilela zauritu zen Pedro Txurruka Muniozguren. Erreketeak Urkaregi inguruetan posizioak hartuta, 1936 urrian bala galdu batek ipur  masailean jo eta zauritu zen Pedro, Elordiko etxe aurrean.

Amulategira eraman zuten Bitxori Elordikok bere neba Ramonen laguntzaz. Han hartatu zuten (Frankisten puesto de socorro zen Amulategi) eta lehen behaketa egin ondoren, Azkoitiko ospitalera eraman zuten. Bitxori izeba egon zen han berarekin eta hiru hilabete egin zituzten, soldadu zauritu artean, erreketeen erretaguardiako ospitaletako batean; sendatu ondoren bueltatu ziren Elordira. Bertan zegoela, Mandiolako etxean zegolea zauritu eta odolustu zen  Molina komandatea ikusi zuen Azkoitiko ospitalean.

Markinaldeko Frentearen nondik norakoak: Ekainak 3 eta 5ean

Posted on Actualizado enn

Aurtengoa urte berezia du oroimen historikoak. 75 urte beteko dira indar faxistak Markinaldeko Frentean agertu zirenetik.

1936ko irailean gerraren lerroak edo frenteak geldirik geratu ziren, baina ez su etenean. Ia ia, gaur egun Gipuzkoako muga egiten den lekuan finkatu zen frentea. Etxebarria, Markina beste hainbat herrirekin batera, gerraren lehen lerroan ziren. Zazpi hilabetez erreketez eta falangistez osatutako Nafarroako Brigaden kokapenek osatu zuten Markinaldeko Frentea, Gipuzkoarekin mugan.

7 hilabete hauetan, Markinaldeko Frentean hainbat borroka izan ziren, zaurituak, hildakoak, gudari eta milizianoen joan etorria, inguruko baserritarren itolarri eta bizi ezina… gertaera izugarriak izan ziren.

Guzti honen inguruan, 75.urteurren hau kontuan harturik GARAIAN Kultur elkartearekin batera AHAZTUEN OROIMENAk ekitaldi hauetara gonbidatzen zaituzte:

 

Markinaldeko Frentearen inguruko zehaztazunak

 Ekainak 3: Ibilaldiari buruzko azalpena

Iluntzeko zortziretan, Uhagonen elkartuko gara ibialdiari buruzko azalpenak entzuteko. Azalpenak Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek emango dituzte.

Frontea ezagutzeko ibilaldia

Ekainak 5: Ibilaldia

Ordua: goizeko zortziretan elkartuko gara Markinako Arkupeetan.

Joateko modua: Autoetan joango gara, beraz, bakoitzak bere autoa ekarri beharko du, eta autoetak betetzen saiatuko gara, ahal den auto gutxien eramateko.

Iraupena: Usartzatik hasiko gara oinez, eta hiru ordu eta erdiko ibilaldia izango da. Aldapa batzuk izango dira, baina mundu guztiak egiteko moduko ibilaldia da.

Anastasi Malaxetxebarria Ibarzabal

Posted on Actualizado enn

IMG_7856.JPGAntxin jaio eta bizi izan nintzen, ni jaio nintzenean ahizpa bat (ni baino hamaika urte nagusiagoa) eta neba bat zaharragoak nituen, baina neba 7 urterekin hil zen. Aita, Amerikatik etorri eta umea, nire neba ikustearen gogoarekin; Donositara eraman zuten medikuarenera, nire neba, buruan zuen zerbait, baina ez zegoen ebakuntza egin ezkero, ondo aterako bermerik. Aitak berriro joan behar izan zuen Amerikara, artzai eta meatzetan jardun zuen lanean, Idaon. Handik etorritakoan, baso sail batzuk eta erosi zituen, han egindako diruarekin. Orduan ezagutu ginen aita eta biok, nik 4 urte nituenean. Hemen geratu zen betirako. Aulestiarra zen izatez, eta hemen, bere aitaren lehengusuak edo bizi ziren.

Gerra etorri zenean, Antxin geunden. Ez genekien ezer eta lehenengo unean, aitaren neba arrebengana joatekotan egon ginen, Aulestira, Etxebarrin, gerra frontetik gertu geundela eta. Baina Kainoi batzuekin batera etorritako kapitain batek, esan zigun, ez zela egun askotako kontua izango eta ez joateko inora. Etxean geratu ginen. Zazpi hilabetez iraun zuen froteak, balak Mandiola ingurutik etortzen ziren eta kainoikadak berriz, Urkaregitik.
Kapitan hura, gure etxera etotzen zen, arrautzak eta oiloen eske, gure aitak oilo zuriak zituen, erotzat hartu zuten orduan, oilo zuriak jartzeagatik, baina arrautza gehiago ematen zituzten, hori bentaja. Kapitain hark eramaten zituen arrautzak eta oiliak, eta harremana egitean, lagundu ere lagundu zigun. Gure etxeko arrautzak bere Bilboko familiari eramaten zizkion. Munibeko koartel nagusira joaten zen, guretik, Montarreiko erreka kontratik zehar. Oluan eta Zuluetan eta nor zeuden milizianoak, Mandiolan berriz Nazionalak. Ez dakit nondik igoko zuten, Beideko txabolan gora zegoen bidea, handik agian, gu ere handik joaten ginen gereziak jatera Oluara.

Antxi eta Beide artean ere jarri zituzten kainoiak. Bide bidean, orduan gurdi bidea. Bista bistan zeuden eta atake baten, Beideko etxea jo zuen obus batek. Beiden bi etxebizitza zeuden; bat harrizko etxe altu bat, ederra, berriagoa zen, hura jo zuen bonba batek eta su hartu zuen. Beide erre zenean, gurasoak Ikaitxen zeuden, handik, kea ikusten zuten, eta etxetik gertu begitandu zitzaien, kainoiak ere han zehar zituztenez, etxean edo bidean izango zelakoan beldurtuta etorri ziren; gu berriz Montarrein geunden.

Amotoko gizona joan zen bertakoie laguntzera. Ahal zuten moduan, balkoitik zerbait ateratzen ari zirela, beste kainoikada batek jo eta gizon hura hil zen. Amotokoan, hiru ahizpa geratu ziren bakarrik orduan. Gizon hura, zinegotzia izan zen, EAJ-PNVkoa uste dut. Bitartean, zaurituak Munibera eramaten zituzten, angarilan edo, orduan oraindik ez zen esku-oherik egongo, zegoenarekin, zaurituak eramateko, gurean mantak hartu eta eraman zuten Amotoko gizona.

Ama hilda zuten ordurako, neba, Etxebarriko frontoia egin zenean, 1935an, peoitzan, auzolanean ziarduela aldamiotik erori eta hil egin zen, eta aita berriz, gerra garaian Bedieko etxean hil zen. Hiru ahizpa geratu ziren Amotokoan, bakarrik. Haien nebarena gertatu zenean, eskolatik irten eta bazkaltzera etxera nindoala, berria eman nien etxekoie, haien nebak istripua izan zuela. Ez zekiten ezer, errekadurik hartu gabe zeuden artean, eta niri, niri ez zidan inork esan abisatzeko baina joan egin nitzen. Umeen kontuak zirelakoan edo ez horretan geratu zen, nik 6-7 urte nituen orduan.

Miliziano eta gudariak ibiltzen ziren hara hona, etxera etortzen ziren, sartu irtenean asko ibiltzen ziren; umea nintzen gauza askorekin kontuatzeko baina gudari batzuk, Lekeitiokoak eta, euskaldun euskaldunak ziren, eta haiek baimenarekin joaten zirenean, bruse, praka mil rayas eta abarka kaltzakin etortzen ziren. Euren euskal giroa zaintzeko. Egun batzuetako permisoa izaten zuten.

Etxeetan ere jende asko egon zen, Tomasenekoak Monterrein egon ziren babestuta, gu ere bai, eta gainera, aitak, etxe ostean errefugio bat egin zuen, tinkoi batzuekin, teilatua adarrekin eta idearekin estalita, gainetik botata. Goitik bonba bota ezkero, biguna zela eta hemendik bota ezkero lau horma pasatu beharko zituela. Uste horrekin, salbu. Atakeak zeudenean, gu zein Beideoak, hara joaten ginen, Montarreira joaten ginen, babestera, babeslekura, pentsa nolakoa den ezjakintasuna.

Izan ere kainonazoak lantzean lantzean izaten ziren. Goizean goiz nabaritzen zuten etxekoek atakea izango zela, “bai, gaur argi, urten egin bida ta,” akordatzen naiz, amarekin gosaltzen geunden egun batean, zera esan zigun “bixkor bixkor jan, Montarreire jun biogu te, ze gaur atakie da ta, gox goxetik dabiz aprobak eitxen eta gaur bada ta” amak hori esan eta akordatzen naiz, tiroteue hasi, eta jeiki, arin-arinka, eskatzeko atetik irten handiko aldera gindoazela, ama atzetik, Joxe eta ahizpa ere izango zen, kokotean zehar, geu jaten egon ginen leihotik sartu eta eskaiera barrenean eztanda egin eta justu justuan irten ginen. Ezer ere ez zitzaigun gertatu. Kainonazoa izan zen. Haren ondotik , beste bi sartu ziren teilatutik etxean. Hiru kainoikada, denpora ezerezean, gure etxean sartu zirenak. Pentsa, nolako arriskuaan bizi ginen, eta ez zitzaigun ezer pasatu inori.

Antxi inguruko etxeetan denok egon ginen bertan, bakoitzaren etxeetan. Ez zen inor urten, Amotokoan hiru ahizpa, Miren, zeukan izena, eta badakizu, orduan ezin zen euskarazko izena eduki; denbora askoan ez baina, Maria deitu behar izan zen.

Lehen esandako Kapitain horrek esan zigun etxean zerbait baliokorik bagenu, edo dirurik izan ezkero gastau, diru zuria eta diru beltza zeuden, ta diru zuriak ez zuela luzaro balioko eta geneukana gastatzeko. Akordatzen naiz zelan Gernikan izen ziren, etxekoak eta tribulixaz ekarri zuten, zaldian, beti egon izan ziren gurean zaldia eta tribulixe, da akordatzen naiz, izarak eta pieza osoak, etxean zuten diru zuria gastatu arte, iristen zena arte ekarri zituzten.

Diru zurixe, Euskadiko dirue zen, eta bestia, españa guztixen balixo bana, hark bazekien, galdu egin behar zutela, eta horregatik esan zien etxekoie.

Frontea aurrera joan zenean, handik urte betera izango zen, ospakizuna izan zen, akordatzen naiz, bandera español txikiak eskuan Markinara joan ginela. Kainaberako kirtena, eta paperezko banderak ziren, eskolan geuk egindakoak. Gero han eztakit zer egin genuen, geure banderokin. 6 urterekin joan nintzen lehenengoz eskolara, 1934an. Gero gerra denporan eskola zarratuta egon zen, gerra ostean ireki arte. Beti irakasle bakarra izan nuen, 13 urterekin eskolatik urten arte, Doña Salva. Gero bere gizona ere etorri zen. Aurretik, bitarteko irakasleak egoten ziren baina hark plaza lortzean, bertan geratu zen.

Razionamendua iritsi zen gero, frankistak sartzean ogi zuria jango genuela eta esaten ziguten, zeren ordura arte ogi beltza jaten genuen, eta abantailak izugarriak izango genituela esaten ziguten, baina bai zera, razionamendua… Gure amak Atsoingoena ere eskatu egiten zuen, harek ez baitziren jeisten herrira eta hurrengo jeistean ematen zien. Zegoenarekin pasatu behar egunak.

Guk goserik ez gendun pasatu, ogia egiten genuen etxean eta artoa. Hirina lortzeko txarto, izan ere, errotei, txapak jarri zizkien, eta ezin alerik eho, baina egiten ziren tranpak. Hori gerra ondoren izan zen, gerra garaian, guk garbantzua eta lenteja eta arroza nahi beste izan genuen, gudari eta milizianek ekartzen zuten. Nazionalak sartu zirenean, berehala razionamendua eta garia entreatu behar udalean. Akordatzen naiz, aita, hirinaren eske, behia eta gurdia hartu eta Arratzu eta Mendatara joaten zen. Gurdiaren barrenean gari sakuak eta gainean sagar sakuak jarri, hartara garia izkutatu eta bidaia egiten zuen. Handik ekartzen zuen hirina. Ez genen goserik pasatu, aukera handirik ez genuen izango, baina goserik ez.

Herriko abadeak, gerra garaian mehatxatuta egon ziren. Horregaitik alde egin zuten herritik. Peñaneko etxeak zeuden udaletxea dagoen lekuan, han bizi zen Jose Peña. Handiko aldera pasatu eta fusilatu egin zuten. Euskalduna zen, euskalduna. Akordatzen naiz, gu Beidetik zubira bitartean, karakolak biltzen genbiltzan behin. Peña egunero joaten zen Markinara, oinez eta hark: “zetan zabize?” “karakolak batzen”, “karakolak ezta esaten, marraskuluk esaten da” ointxe be akordetan naz. gero eztakit zegaitxik baina Elgoibarren atrapau ben.

Don Martzelino eta Don Francisco (laguntzaile eta abadea, hurrenez hurren) ere, ihes eginda ibili ziren, Oluan izkutatu ziren. Gorriek Olua erregistratu zuten baina aurkitu ez, ide ardatzean izkutatuta egon omen ziren.

Gero, nazionalak sartu zirenean, bueltatu egin ziren, eta abadetxea nola apurtuta zegoen, Arriondonekoek hartu zituzten abadeak etxean. Gu ezkondu baino bi urte aurreitk hil zen parrokoa eta bestea, Don Martzelino gurekin bizi izan zen.

Abadetxea gero auzolanean berriztu zen, ez dakit elizak edo zeinek baina berriztu egin zen: Kontua da Don Martzelino eta Don Francisco, Pilar izeneko zerbitzariarekin bizi zirela, eta gorriek Pilarri galdeketa egin ondoren, Pilarrek ortuan izkutatuta, kantin bete diru zutela deklaratu zuen.

Gero, herrian hildakoen plaka jarri zuten elizpean. Gerra denboran hil zirenak ziren, frankoren denboran hildakoak, miliziano modura hil zirenik ez zegoen han. Don Bernardinok kendu zuen gero, urteetara, gerran hildako denak, hildako zirela eta.

Kanpokoak gurean (I)

Posted on Actualizado enn

Ezaguna da Markinaldeko frentera, 1936ko udazkenean boluntario asko etorri zirela faxismoaren aurka egitera. Eusko gudarostearen batailoi ezberdinek eta pentsakera askotariko pertsonak izan ziren guren inguruko mendietan borrokan.
Jose Antonio Urgoitia Badiola da horietako bat. Polizia Militar gisa destinatu zuten Elorriora, Erreketeek ia Gipuzkoa osoa hartuta zuten garaian. Han baitzegoen inguru haietako kuartel nagusia. Elorrio Gudariz beteta zegoen.

Astra pistola bat eskuetan, inguruetako ordena zaintzea zen gure zeregina. Polizia Militarra deitzetik, Ertzaña izatera pasatu ginen 1936an, Eusko Jaurlaritzaren polizia.

Egun batean, gudariekin batera, Markinaldera autobusetan eraman gintuzten.Merzedeko konbentuaren aurrean jeitsi ginen, konbentua kuartel gisa ere erabiltzen baitzen garai horretan.Afaria jaso ondoren, lurrean lo egin genuen. Goizaldean, kornetaren soinuak esnatu, kafesnea eta ogia gosaldu eta Markinako plazara eraman gintuzten formatzera.

Formatu ondoren, kartutxerak fusilen balekin bete eta fusil berriak banatu zizkiguten, joan beharreko postura irtetzeko garaia zen. Etxebarrira bidean, errepidetik gindoazela, 15,5 mm-ko kainoi batzuk zeramatzatela ikusi genuen, gure ondotik pasatu ziren Etxebarrira bidean.

Eguna argitzeko zegoen Etxebarrira iritsi ginenean. Elizan hartu genuen lekua. Hasieran isiltasuna zen nagusi, lekuari zor genion errespetuagatik baina denborarekin berbaroa ozenagoa zen. Plaza baten bageunde bezala mugitzen ginen eliza barruan.

Jaso genituen azalpenen arabera, inguruko posizio zehatz bat hartu behar genuen. Etsaiaren, Kalamuko trintxerak eraso ondoren, faxistek aurrera ez egitea zen gure bete beharra, beraz beheragoko postu batean kokatu ginen. Baina nahikoa eta eraginkorra izan ez zen atakea izan zen hura. Infanteriaren txanda izan zen ondoren. Baina artileriaren atakeak, faxisten kokapenak berdin berdin utzi zituenez, atakea jo zuten gudari asko aurrean eraman zituzten etsaiaren metrailadore eta fusilen erasoak.

Erasorako saiakera batzuk egin ziren, denak antzuak, eta ehundaka zauritu eta hildako izan ziren.

Guk, tiro batzuk botatzen genituen, baina ez zuten eraginik, borroka eremua baino urrunago baikeunden.

Arratsaldean berriro posiziotik jeitsi eta autobusetan Bilboko agustinoen kuartelera bueltatu ginen. Handik egun batzuetara, Areetako, El Pinari zeneko etxera eraman gintuzten, Getxon. Jose Irureta kapitainaren agindupean, Ibañez izena jarri zioten konpainiari.

Oroimen historikoa aztertzen Etxebarrin

Posted on Actualizado enn

Ostiral honetan zita berezia izan zen Etxebarrin. 1936ko gerra zibilak, gaur egun ere aztarnak utzi dituela edo eta oraindik gerra zibiliaren zertzeladak hor daudela argi geratu zen.
Izan ere, ETX KULTUR ELKARTEAK antolatuta hainbat atal izan zituen ostiral iluntzeak.

Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 taldeko kidearen hitzaldiarekin hasi zen ekitaldia. Berak, Ahaztuak 1936-1977 taldearen ibilbidea azaltzeaz gain memoria historiakoaren inguruko gogoeta batzuk plazaratu zituen. Izan ere, garrantzitsutzat baloratu zituen azken urteetan gerra zibilaren inguruko ikerketa eta lan guztiak; gainera, bide horretan jarraitu beharra dagoela aipatu zuen. Alabaina, AHAZTUAK 1936-1977 elkartearen iritziz, garaia da benetako justiziaren bidean, benetako aurrerapausoak egiteko. Beraien hitzetan, frankismoaren biktimen balore demokratikoak berreskuratzea garrantzitsua da eta baita golpe faxista zein hurrengo urteetako errejimen faxistak egindako basakeriak argitu eta arduradunak justiziaren aurrera eramatea.

Guri dagokigunez, ohorezko gonbidatuekin batera Ahaztuen Oroimena, Markinaldeko Frentea 1936 aurkeztu genuen.  Markinaldeko Frentea deiturikoan, oroimen historikoaren inguruan lan egiteko asmotan.

Bertan, web orrialde honetan aurkitu dezakezuenaren berri eman genuen, eta deia luzatu Markinaldeko Frentean (Etxebarria, Xemein, Markina, Bolibar) gertatutakoa aztertu eta oroimen historikoa berreskuratzera. Guztion etxeetan dago gerra zibilaren pasarteen berri, guztion lana da hau biltzea eta hurrengo belaunaldiei transmisio egoki bat egitea, errepresio eta faxismoaren biktimei babesa eman eta bizitakori elkartasuna adierazteko.

Txaber Larreategiren «Prohibido recordar» dokumentala ikusgai izan zen ondoren. Saturrarango kartzelan egondako emakumeen testigantzekin egindako dokumental bizi eta hunkigarria. Bukaeran, Txaberrek eta Maria Gorasarrik beraien ikuspuntua eta balorazioa helarazi zuten han bildutako guztien aurrean. Maria Gorosarrik, «No lloreis, lo que teneis que hacer es no olvidarnos» liburuaren ikuspegi paregabea agertu zuen: Autoritarismoa erabiliz, faxistek “garaituen botereak” genero ikuspegitik emakumeenganako eragin zien zapalkuntza.

Ikur Frankistak kentzeko erabakia

Posted on Actualizado enn

Gasteizen, Legebiltzarrean egindako bileran, ordezkaritza duten talde guztien botuekin lakuako gobernuari ikur frankistak kentzeko eskatu zioten.
Hainbat herritan, ezagunak dira etxeetako atarietako gaineetan dauden plakak, edo Bilbon, ogasunaren egoitzako armarria… baina orain, jaurlaritzak ikurren zerrenda egin beharko du, erabaki beharko duelarik zeintzuk diren ikurrak eta zeintzuk ez. Ikurrak eta eskulturak dira bakarrik zerrenda horretarako baliogarri? Kaleetan daude bakarrik ikurrak? eta egoitza publikoetan?

Aho batez onartu zuten, Jaurlaritzari ikurren zerrenda egitea, eta zerrenda hori Eudelen bidez bideratzea, baina, herritarrok izango al dugu lekurik?

Eztabaidaren ondoren, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio udalekin batera egiteko ikurren zerrenda, eta Eudelekin aztertzeko nola kendu. Plana dirutan zehaztera egin du dei parlamentuak, eta nabarmendu du erakunde guztiek jarri beharko luketela «nahikoa» baliabide ekonomiko.

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak duen zerrendaren arabera, euskal autonomi erkidegoan, hogei bat ikur daude kaleetan, ageri agerian; halabaina gehiago ere badira, hain bistan ez daudenak.

Argazkietan, Etxebarriko elizpea. Bertan, plaka bat jarri zuten «caidos por dios y por España». Plaka hori, kendu egin zuten Franko hil ondoren, soilik gerran alde batean hildakoak aipatzen zituelako.

Debekatua dago oroitzea/prohibido recordar

Posted on Actualizado enn

Emakumearen nazioarteko egunarekin batera, Martxoaren 11an, Saturrarango kartzelan egondako emakumeen bizipenen dokumentala eskainiko da Etxebarrin.

 

Debekatua dago oroitzea/prohibido recordar dokumentala:

PROHIBIDO RECORDAR. LA CARCEL DE SATURRARAN.

Fusilatuen balak, historiaren epelean

Posted on Actualizado enn

Frankoren Poliziak «Txiki» 1975ean fusilatzeko erabilitako balen zorroak, Kataluniatik Euskal Herriari eman ostean, atzo familiak Euska Herriko historiari eskaini zizkion.
Giro goxoan egindako ekitaldi batean, «Txiki»ren (1954-1975) amak, besteak beste «otaegiren» izeba ondoan zuela, zoritxarreko 5 balak eman zizkion Jose Agirreri, Lazkaoko Artxiboko arduradun eta urte luzeetan tai gabe «lekuan lekuko historia egin ahal izateko, paper punta guztiak biltzen» lan eskerga egin duen gizonari.

Hunkigarria da, familia bati 11 tiroz semea, anania erahil ondoren, familia batek herriari umiltasunetik herriari eskaitzea, Euskal Herriak ahaztu ez dezan, oroimen historiko izan daitezen.
http://ehuntzen.info/berria/bideoak/dist/flowplayer.commercial-3.2.5.swf?0.30018048943020403balazorroak

Lazkaoko artxiboaz

Posted on Actualizado enn

«Herri baten historia egin nahi bada, herri batena, azkenengo panfletoa, ideologi guztiko papeltxoak, hoiek danak bildu egin behar dira. Eta hoiek danak errespetatu behar dira biharko historia egin nahi baldin badugu»

Info7 irratian ekarrizketa egin diote Juan Joxe Agirreri.  Entzun.