Etxebarria

Maria Txurruka Etxaniz

Posted on Actualizado enn

 

Maria Txurruka Etxaniz (Amilagarai Goikoa)

Gerra etorri aurretik, lehen mugimenduak sumatu genituen. Gu, Alejandro Gaytanen (aitaren) errenteroak ginen, eta gorriak, Jose Luis Gaytanen (semearen) bila zebiltzan. Gurean izkutatuta egongo zelakoan etorri ziren, “ajentak” Manuel, Gandixakoa zen bata, eta baita etxea goitik behera miatu ere. Gure tio Inazio, izugarria zen, eta konfiantzan (ezagutzen zituelako etorri zirenak)  esan zien “etorri adi hona, hemen jaukat eta opien”. Baina gurean ez zen izkutatu Gaytan.

Gerra 1937ko urriaren 7an etorri zen gurera, Atsoin Zabal ingurutik. Ardiei begira egoten ginen moduan begira geratu ginen, gure solo nagusitik, jendea, soldaduak nola joan ziren Mandiola Goikora, Amulategira eta inguru horretara. Izan ere, hor geratu zen frontea, zazpi hilabetean.

Gero, handik eta egun batzuetara, urriaren 20an Saturrarandik botatako granada batek jo zuen gure etxeko teilatu ertza, baina ez zuen eztanda egin. Eta biharamunean berriz, urriaren 21eko atakea, Akarregi-Egixarreko borrokaldia. Halako tiro hotsik eta halakorik. Gogoan dut, gurean ziren soldaduak, potzu handi batera etorrita zeuden, garbitasunera; Kapitain batek ikusi zituenean han zeudela sinistu ezinik,  “un palo, o un tiro” eman zien aukeratzeko, makilakadak hartu, eta zegokien postura bidali zituzten, Oruntze aldera. Gure etxean egoten ziren kapitainak eta alferezak eta horrek. Ez ginen konturatzen zer geratzen zen, maileztuan sartzen ziren balak, “ziz, zizzz” baina gu han. Gurera asko etortzen zen, Amillagarai Behekora berriz ez. Hara joaten ginen eta han egoten ginen, bertakoekin batera, koadrila galanta. Soldaduak etorri etxera eta zerbait nahi izaten zuten, haien ohiko janaritik aparte, bereziagoa, izebak, tortilak egiten zizkien eta soldaduek zilarrezko dirua ematen ziguten. Forru zuridun lurrezko pitxer bat,beteta, zider mordo bat eraman genuen Zinuara alde egin genuenean. Erderaz egiten zuten, eta gogoratzen naiz, soldaduek “Oye Maria, ¿Como se dice gallina?, eta nik “ollue”, ta berriro “¿Como se llama…”.

Urriaren 19an atxilotu zuten Don Jose Sagarna. Gure etxean. Harekin batera, gure aita, Patxi eta tio. Denak eraman zituzten eta guk ez genekien biharamunean Amultegin hil zutena, hiruretatik nor zen. Abadea hil zutela jakin genuen gero, eta aita eta tioren barri berriz, ez genuen jakin, harik eta 1937ko apirilean, frontea aurreratu zenean, aita Elgoibarko Mokoroa baserrian egon zela eta tio Ondarretan preso egon zela jakin arte.

Atxilotu zituztenean, aita (Francisco Txurruka)  eta tio (Jose Ignacio Etxaniz), Elgoibarrerantz eraman zituzten. Bidean, “Mokoroa”-k ikusi eta aita ezagutu zuen (harri jasotzen laguntzen ibiltzen zen aita, Pedro Mari Txurruka “Aritza”ri eta handik ezagutzen ziren elkar) “hik ze eitxek hemen” esan zion, eta har hartu zuen Mokoroan, etxeko lanetarako erretenituz.

Guk ez genekien oraindik, nor zen Amulategin hil zutena. Jose Sagarna hil zutenean, Amulategin behera, baso handian barrena, angarilan eraman zuten, bidegurutze batean, soldaduek ez zekiten eskuinerantz joan behar zuten Larruskainera joateko bidea hartuz, edo ezkerrera, gure etxerantz zihoan bidea hartu, ez zuten ezagutzen eta ez zekiten lurperatzera nora eraman behar zuten. Bidegurutze horretan, lurrean utzi zuten Don Joseren gorpua eta odol putzua egin zen. Nik, gure etxe aurreko tontortxoa pasatu eta odola ikusi nuen,  gogoan daukat hori, eta beldurtuta kontatu nuen etxean; orduan ez genekien nor hil zuten, guretik eraman zituzten hiru pertsonetatik, ez genekien nor hil zuten. Nik 10 urte baino ez nituen. Gero, Azpeitiar bat etorri zen etxera, erreketea, eta hark konatu zigun zer gertatu zen Amulategin, baina ez nor hil zuten.

Jose Sagarna abadea, Larruskainera destinatu zuten gerra aurretik eta 1936 Berritxura. 24 urte zituen, gaztea eta ederra zen. Larruskain Goikoan egoten zan, bizi zen. Frontearen mugimenduekin,  Madalena eta Pertiketik (nazionalen frontea zegoen han) handik zehar ibili zan eta gero gurera etorri zen. Fronte batetik bestera ibili zelako, zitazioa iritsi zitzaion, gurean zegoela. Gurean egin zuen azken gaua Jose Sagarnak, neba zenaren logelan, bi ohe zeuden eta han egin zuten lo, biek batera. Biharamunean atxilotu, gure tioren zapata zintakin eskuak lotu eta begiak estalita eraman zuten Mandiola Goikora. Lurperatu eta kurutzea egiteko ere, soka haiekin lotu zituzten egurrak. Han, asto kortan utzi zuten; Periko Lejardik “Rubio Mandiolak”, manta arrosa bat utzi zion eta hil zutenean ere, manta harekin batuta jeitsi zuten, Larruskainera; pentsa nola dudan gogoan.

Amulategin hil zutenean, Larruskainera begira hiltzeko eskatu omen zuen; hori Amulategiko Maria Inesik kontatuta dakit. Abadea hil eta biharamuenan etorri zitzaion bere heriotza agindu zuen komandanteari heriotza. Mandiola Goiko eskatzean bonba sartu eta Urkaregira orduko, hil zen.  Molina Komandante hori hil ondoren, Cortazar kapitaina etorri zen, baina hori ezberdina zen.

Bildurgarria zen. Gurean, ama zena eta izeba ezkongabea, eta 4 neba arreba ginen. Beldurra ematen zien amari eta izebari soldadu haiek, eta horregatik, gauetan, gurera etortzen zen lotara  Amillagari Beheko semea, laguntzera, Juan LIzundia zuen izena. Baina hau guztia, 1936ko urritik gabonak arte izan zen.

Guk orduan, ezin genuen gehiago etxean egon. Ebakuatu, alde egin genuen. Zinuara (Olatzera), aitaren jaiotetxera. 1936ko gabonetatik 1937ko apirilera egon ginen han.  Arnoatetik zehar.

Gero bueltan, solo guztia zapalduta utzi zuten, han ezin zen ezer erein. Poteronekotik ekartzen genuen aste osorako ogia. Egixarre ingurutik pasatzean, 12 urte nituen nik, hildako soldaduak, kasko eta guzti han, ikusita nago. Izan ere, lehen esan dudan atakean, 1936ko urriaren 21ean aurrez aurre borroka egitera iritsi ziren. Egixarretik Oruntzezabal bitartean jarrita zeukaten alanbre hesira arte iritsi ziren borrokan eta batak besteari puñala sartzeraino. Gure etxea apurtuta utzi zuten. Tabike denak botata, lo egiteko lekua behar zutelako, solairu guztietan, baita ganbara ere. Etxea barik barrakoia zirudien.

Hemen, fronte bete betean egotea egokitu zitzaigunoi, gaizki pasatu genuen, benetan gorriak pasatu genituen. Hondamendia izan zen hura. Gaur ere, oraindik, gauza honek kontatzerakoan, odola berotzen zait. Itzela izan zen, lezio ederra eman ziguten!

 

Dominga Kalzakorta Garagarza

Posted on Actualizado enn

p1290399_250Hiru dira Baltzola baserrietan gerra garaian bizi ziren familiak. Dominga Baltzola Behekoan jaio zen, 1924an, bizitza biko etxea zen; beste familia bat bizi zen Baltzola goikoan. Bi etxeak, hiru familiak Kalamupean.

Frontea ia etxeraino sartu zitzaien udazkenean. Lehen unean, babesten saiatu ziren, leihoetan koltxoiak jarriz baina pare bat hilabeteren buruan. Egun horietako batean, handik gertu eztanda egindako obuz zati batek jo zuen etxe aurrean eta bizkarrean erredura larriak eragin zizkion. Gurasoek, zauriak hala nola sendatu zioten eta denbora batera etxetik alde egin behar izan zuten.

Beraien bizitzako gaurik txarrena legez zuten gogoan Domingaren gurasoek. Ondorengo urteetan hala aitorzten zuten etxetik ihes egin behar izan zuten gau hura. Frankisten lerroan barrena sartu, eta Goikone ingurutik, Gipuzkoan sartu eta Bertoson bizi ziren senideengan aurkitu zuten babesa. Han baina, jende gehiago zegoen, eta amak, izebari laguntza eskatu eta Dominga Borrajen baserrian bizi zen izeba Pantxikek hartu zuen gerra hilabete haietan. Bertoson, osaba Txomin Kalzakorta bizi zen, jaiotzez Larruskaingoa; soroan lanean zegoela bonba eztandaren ondorioz hil zen.

Borrajenen, oroitzapen gozoak ditu Domingak, izeba Pantxikek asko lagundu zion, zuena eman zion, eta Domingak, izebaren umeak, hirukiak zaintzen lagundu zion. Garai horretan egin zuten (lehenago ez baitzegoen) San Pedrora joateko bidea, Domingak gogoan duen moduan. Bertan pasatutako denboran Kalamuatik gurdietan hildakoak jeisten ikusi zituen, egun hoietako batean, aurreko asteetan ezagututako Zaragoza Kapitain frankista hilda ikusi zuen.

Pablo Bergara Urkiola

Posted on Actualizado enn

Pablo Bergara 1936an jaio zen Etxebarriko Irun-aldeko baserrian. Berak egun batzuk zituela iritsi zen gerra Etxebarrira. Bere aitona, Bizente Bergara, Bilbon kartzelara eraman zutela etxean entzuna du. Berari jasotako testigantzaren zati bat da hau.

Txurruka Muniozguren,Pedro.1931-2008

Posted on Actualizado enn

1931.urtean jaio zen Pedro Txurruka Muniozguren. Bere ama, handik hilabete batzuetara hil zen eta aita ameriketara joan zen. Hiru neba arrebetatik gazteena ume txikia zela harrapatu zuen gerrak.

Elordin zegoen Pedro, bere izeba Bitxori Muniozgurenek hartu baitzuen umea hazteko ardura. Horrela, erreketeak urkaregi inguruetan posizioak hartuta, 1936 urrian bala galdu batek ipur masailean jo eta zauritu zen Pedro, Elordiko etxe aurrean.

Amulategira eraman zutenBitxori Elordikok bere neba Ramonen laguntzaz. Han hartatu zuten (Frankisten puesto de socorro zen Amulategi) eta lehen behaketa egin ondoren, Azkoitiko ospitalera eraman zuten. Bitxori izeba egon zen han berarekin eta hiru hilabete egin zituzten, soldadu zauritu artean, erreketeen erretaguardiako ospitaletako batean; sendatu ondoren bueltatu ziren Elordira.

Jose Ramon Belaustegi Arrillaga

Posted on Actualizado enn

Ramon Belaustegi Arrillaga, 1918ko abuztuaren 14an jaio zen Aiste Etxe Zurin. Milizianoak Aistera etorri zirenean hango etxeetakoei ahal zuten lekuetara ebakuatzeko esan zieten.

Aiste Etxe zurikoek Urtzulon hartu zuten babesa eta Altzola barri inguruan zebilela tiro batek jo eta zauritu zen. Bala bat sartu zitzaion eskumuturretik, bala horrek, otzara pasatu eta gerria zeharkatzea lortu zuen; zauri horrek eraginez odolustu eta hil egin zen.

Bertakoek Urtzulora eraman zuten presaka batean eta han bildutakoek ahaleginak egin arren, Urtzuloko egongelan hil zen.

Bertakoen urduritasuna zela eta egongela garbitu, eta sabaian izan zuten Ramonen hilotza egun batzuetan. Gero, etxean egindako hil kutxa batean sartu eta etxe inguruan lurperatu zuten.  Gerra pasatu ondoren, lurpetik atera zuten eta euritan lur eman zioten hilerrian.

Irudian Aiste Etxe Zuri.

Asensio Mandiola

Posted on Actualizado enn

Asensio Mandiola 1922an jaio zen Mandiola Zaharra baserian.


Josefa Egidazu Gorostidi

Posted on Actualizado enn

Josefa Egidazu, 1926an jaio zen San Migel auzoko Urkiola baserrian, Morkaiko barrenean. Erreketeak beraien etxera iristean, sorospen leku legez hartu zuten baserria.

Ganbaran, parez pare jarrita hainbat zauritu hartatu zituzten, eta tartean hildakoak ere lehenengo sorospen gune legez Urkiolara ekartzen zituzten eta. Bertan zeuden margaritak arduratzen ziren sorospen lanetaz eta Josefaren amak eta berak ere lagundu behar izan zuten.

Korta lo leku biurtu behar izan zuen aitak, idea lurrean jarrita, korta bete erreketek lo egin zezaten frentera igo aurreko atsedenerako.

Inguru horretako borroka egun gogorrak gogoan ditu eta batez ere San Esteban egun hartan izandakoa.

Don Jose, «Peña» fusilatu zuten

Posted on Actualizado enn

Jose Ignacio Peñagaricano Solozabal

Jose Ignacio Peñagaricano Solozabal, (1872, Etxebarria- 1936, Oiartzun) Etxebarriko Peñaneko baserrietan jaio zen.Abade izan zen Etxebarrin errpublika eta Gerra garaian.

Izaera definituko pertsona omen zen. Gauzak zuzen eta egoki egitea gustoko zuen. Baina bere izaera

horren barruan zioan berezitasunik markatuena, euskaltzalea izatea azpimarratu daiteke.

Garai haietan ematen ziren eztabaiden ingurutik, Don Jose Peña, euskara egokia, garbia eta ondo erabiliaren zalea eta defendatzailea zen. Umeei kalean berbak zuzentzen zizkien, euskara goraipatzen zuen eta euskara erabiltzen zuen. Euskararen defendatzaile sutsua zen.

Jasotako testigantzek ez dute agertzen Don Jose Peña politiki errepublikazalea zenik baina herritarrek nortasun gogorreko eta zorrotzekoa zela aipatzen dute baina ez politikoki hain finkatua edo ideologia zehatz baten defendatzailea zenik. Uste dugu, abertzalea eta euskaltzalea zela.

Halabaina, Arnorixa inguruetatik pasatu zen Elgoibarrera, eta han, bertako elizan hartu eta Oiartzunen afusilatu zuten faxistek, 1936ko Urriaren 27an.

64 urterekin fusilatu zuten 1936ko Urriak 27an Oiartzungo hilerrian Ondarretako kartzelan egon ostean.

Asun Gandiaga

Posted on Actualizado enn

Subistin baserrian jaio nintzen, gerra baino lehenago, 1930ean; cinco de enero de mil novecientos treinta.Gerrak ume nintzela harrapatu ninduen, eta gu Santa Grazin egon ginen.

Frente bat, Txalankan (Satzibarren) zegoen, ez dakit zeintzuk ziren baina han zeuden, baina horrela deitzen genion sail hari, Satzibar Beñeko tontortxoan, beste frentea Satzun egon zan eta Kalamuan hirugarrena. Aitxuluako txabola dagoen lekuan, Kiruen ere baziren, Lexardi eta Subisti bitartean.

Gauez joaten ziren aita eta nabo eske Subistira Santa Grazitik, naboa ganaduarentzat behar baitzen. Ganadua Santa Grazin geneukan, baina beste batzuk Itxurretan, aita Jauregi baserrikoa zen, Jose Gandiaga.

Familia osoa joan ginen Santa Grazira, sei neba arreba ginen eta seigarrena Santa Grazin bertan jaio zen, gerra bete-betean. Negua zen, han egin genituen zazpi hilabeteetan, eta gu bezala zeuden Agarrazpikoak Urbitxen, Basaben, gurean ez, bestekoak akabo zenbat Eibartar egon ziren…. eta beste familia gehiago etxetik joanda. Lomin Errotakoekin jolasten ibiltzen ginen, sei urterekin ezin geldirik egon eta… Baina Lomiño Barrenera eta ez ginen joaten. Jolasten ibiltzen ginen hainbeste ume.

Tiroa eta soldadua zegoen orduan, eta Santa Grazitik beherako errebuetlan kainoia egon zan. Santa Grazi eta Lausagarreta arteko errebueltan. Soldaduak gatu gabe ibiltzen ziren, dana kainonazoak botatzen zituzten, yu yu yu, eta orduan lurra gora gora, georaka botzen zuten.
Gu Santa Grazitik ez ginen mugitu frentea geldirik egon zen zazpi hilabeteetan. Han egin zen, Aulestiarteko Jose Unamunzaga Bereziartuaren hileta ere. Aulestiarteko etxe ostean zela hil zen, bala galduren batek edo jota. Don Martzelino izan zen hiletan.
7 hilabete eta gero Subistira bueltatu ginenean etxea hutsik aurkitu genuen. Ganbaran egoten ziren nabo hazia eta ez dakit zenbat gauza, bueltatzean baina nabo hazia ere falta zen.
Zortzi urterekin, eskolara jeisten nintzen Etxebarrira. Doña Salba zegoen irakasle, eta mahai guztiak beteta egoten ziren, leiho egaletan egoten ginen bankuetan eserita lekurik ez zegoela eta, ume asko zegoen eskolan. Hamar urtera arte egon nintzen eskolan.
Nire gizonak, Felix Baskaran, Gernikako bonbardaketa ikusi zuen. 1916-11-20an jaioa zen, eta kintxadan eraman zuten soldadu. Gernikara oinez joan ziren, baina ez zuen asko kontatzen. Afrikan kartzelan egon ondoren gaisorik etorri zen,

Bere anaia, Bitxorio Baskaran, Rubio Basabe, Otxandion zauritu zuten, besoan. Asto gainean eraman zuten baina ezin ondo sendatu.

Juan Jose Idoeta

Posted on Actualizado enn

Beide baserriak, San Migel auzoko, Belaustegi edo Berdezkunde baserrietan kokatuta zeuden kainoiek botatako kainonazo baten ondorioz  sua hartu zuen. Milizianoak irailaren azken egunetan, posizioak indartzera etorri zirenean, faxistei eraso egiteko, Beide eta Antxi inguruan kainoiak jarri zituzten lehenego unean. Horregaitik pentsa daiteke, faxistek Beideko posizioa erasotzea zutela helburu.

1936ko urriaren 29an izan zen. Beideko etxean sartu zen obusa eta erasoan etxeak sua hartu zuen. Bertakoak, sua itzaltzen saiatu ziren eta ahal zutena salbatu asmoz, etxetik altzariak ateratzen hasi ziren.
Auzokoa zen Juan Jose Idoeta «Amoto Txiki» eta Beiden gertatutakoa ikusi zuenean bertara joan zen laguntzera, beste kainonazo bat bota zuten une horretan eta han hil zen.