Oroimena, Euskaraz
Joan den ostiralean, Eikako euskara batzordeak antolatu eta Lea-Artibaiko kooperatibetako langileek bat eginez azken urteetan bezala euskararen eguna ospatu zuten.
Urteroko zita honetan, aurten, Ahaztuen Oroimena elkartearekin bat egin eta ohiko mendi irteera, gerra frentera bisita gidatua bihurtu da.
Ixutik aterata, Akondia, Garagoitxi eta Kalamua gainera bidean, hurbildutako mendigoizaleei gerra frentearen inguruko datu historiko zein kokapenak eskainiz egin zen ibilbidea. Ondoren, Zurdin inguruetatik bueltan (Diru Zulo eta San Romango pagaditik pasatu ondoren) berriro Ixura hurbiltzeko.
Behe laino eta euripean ere, bisita gidatu honek, aukera eskaintzen du, tarte gutxiko eremuan, faxistei aurre egiten jardun zuten gudari eta milizianoek bizi izan zuten arriskuaz jabetzeko. Zazpi hilabetez (1936ko irailetik 1937ko apirilera) metro gutxitara gain altuetan kokatutako erreketeen erasoari eutsi eta demokratikoki aukeratutako egitura sozio-politkoa defendatuz.
Bisita gidatu honek euskara eta oroimen hitorikoa uztartzea lortu du; euskarak eremu honetan ere beharrezkoa duen esparrua eta oroimen historikoa euskaraz lantzeko dagoen aukeraren erakusle.