Markaidatarrak: Gerrak astoratutako familia, hegazkin istripua eta etxekoak frentean borrokan

1937ko maiatzaren 26an matxinatuen 5 hegazkinek Baionatik Bilborako postari lanak egiten zituen Air Pyrenees enpresaren Airspeed Envoy hegazkin komertziala Lekeitio parean ikustatu eta eraso egin zioten. Matxuratuta, hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen goizeko 10:15etan Sopelako Zalduondo Goikoa (Sagondo) baserri ondoan.
Erasotu zuten hegazkinean, pilotua, Leopold Galy, lurra hartu aurretik hegazkin faxisten tiroen ondorioz zauritu zen. Hegazkin berean zioan Antonia Larrañaga gernikarrak (Zabalbeaskoa Eusko Jaurlaritzako garraioetako agintariaren emazteak) lurreratzearen ondorioz, lepauztaia hautsi zuen eta gainontzeko bidaiariek, Jose Luis Biziola (Hornidura eta komertzio kooperatiben delegatua), Amador Lopez (Korreoseko Bizkaiko arduraduna) eta Iban Zarate (Juventudes Socialistas Unificadaseko delegatua) onik atera ziren erasoaren ondoriozko lur hartzetik.
Barrikako Gane mendian kokatuta zegoen Euskal Ejertzitoko Artilleria Arinaren 3. Errejimenduko 1go Bateriaren arduraduna zen Tenienteak, gertaera honen inguruan informe bat egin zuen eraso, lurreratze eta bidaiarien egoera deskribatuz.
Gertaera honek oihartzun handia izan zuen, hainbat egunkaritan argitaratu zen albistea: Abc, El Liberal, El Socialista, La Tarde, Euzkadi, Le Express, Unidad, eta abar.
Gerora, Kataluinako gobernuak dokumental bat egin zuen. Airspeed enpresak eraso hau jasan arren hegazkina apurtu gabe eta bidaiariak zauri larririk gabe atera izan azpimarratu, hegazkin segurutzat jo eta helburu komertzialekin munduan zehar zabalduz; hegazkin honen maketa ere komertzializatu zen, hegazkinaren kolore, diseinu, matrikula eta erasoaren ondoriozko lur hartzearen datarekin.
Baina ez zen hau izan Zaldundo baserriko biztanleak gerra garaian bizi izan zuten pasarte latz bakarra. Aurretik, soroan lanean zirela matxinatuen hegazkin batek ondorio larririk gabe metrailatu bazituen ere, okerrena etortzear zegoen. Garai hartan familiako hiru mutilak ondorio latzak jasan zituzten.
Nagusienak, Alejandro Markaida Maurikak ihes egin eta hainbat urte egin zituen atzerrian meatsu eta arriskuetatik ihesi.
Bigarrena, Felipe, Bou Nabarra eta Bou Gasteizen makinista aritu zen, atxilotu eta preso sartu ondoren beste 13 lagunekin batera Santoñako El Dueso espetxearen aurreko hondartzan fusilatu zuten 1937ko urriaren 15ean. Euskal ejertzitoa osatzen zuten erakundetako ordezkariak mendeku gosez kartzelatik atera eta hil zituztenean.
Felipe Euskal Gudaontzidiako eta STV sindikatuko partaide izateagatik fusilatu zuten (PNVko afiliatua ere bazen). Fusilatze hauek oihartzun handia izan zuten eta bere eragina nabarmena izan zen aurrerantzean presoek jasango zituzten ankerkerietan. Felipek bost urteko seme bat utzi zuen. Zalduondo Goikoa baserritik aurre-aurre ikusten da Santoña argi dagoen egunetan.
Gaztena, Jesus, Simon Bolibar batailoiko gudaria, Bizkargi mendiaren defentsan zegoela prentsaren bitartez jaso zuen etxe ondoko abioiaren berria. Jesusek hiru urte egin zituen etxetik kanpo, bat kartzelan.
Guzti hau gutxi balitz, Jesusen emaztea, Elisaren neba, Elantxobeko Lazaro Barrenetxea Badiola, ANV-1 batailoiko gudaria, 1936ko abenduaren hasieran betirako galdu zen Legutioaldeko erasoetan. Aipagarria, Eusko Gudarosteko sorreran Boga-Boga batailoi abertzalearekin eta Fulgencio Mateos UGT-1 batailoiarekin batera Olabarria ANV-1eko gudariak parte hartu zutela 1936ko urriaren 21ean Akarregin egin zen erasoan.
Lea Artibaiko kostaldean, posta hegazkin batekin ondorioz hasitako bideak, etxe eta familia honetan gertatutakoaren ondorioz hautsitako egia eta memoria berrosatzen laguntzera bideratu gaitu. Gutako bakoitzak, norbanako gisa zein modu kolektiboan jendarteratzeko egin dezakegun ariketa aberats gisa.