Kondor legioari buruzko hitzaldia eta erakusketa Ondarroan
Ondarroako Historia Zaleek antolatuta, Kondor legioa: nazien bidegabekeria, iragana eta oraina berbaldia egingo da Kofradia Zaharrean eguenean [martxoak 5], 19:00etan. OHZko kideek, BASKale eusko-alemaniar elkarteko kideek eta Coordinadora estatal de apoyo a la Querella Argentina contra crimenes del franquismo plataformako kideek parte hartuko dute hitzaldian.
OHZko kideek emango diote sarrera hitzaldiari. “Garai hartako testuinguru historikoa nolakoa zen azalduko dugu. Besteak beste, 36ko gerran zertzuk pasa ziren gogora ekartzeko aukera izango dugu. Ondarroan, esate baterako, 1936ko urrian sartu ziren frankistak”.
Berbaldira hurbildutakoak testuinguru historikoan jarri ostean, BASKale elkarteko kideek Kondor legioa zelan sortu zen azalduko dute. Era berean, frankismo garaiko hilketen inguruan berba egiteko aukera izango dute CEAQUA plataformako kideek.
OHZko kideek herritar guztiei hitzaldira joateko gonbitea luzatu die. “Memoria historikoari buruzko hitzaldi interesgarria izango da”.
Bestalde, Kofradia Zaharrean martxoaren 5etik apirilaren 6ra, Legion Condorrek eragindako suntsipenak Euskal Herrian- 36/37ko gerran nazien bidegabekeria, iragana eta oraina erakusketa egingo da.
Baskale elkarteak antolatutako erakusketa Euskal Herriko hainbat herritan egon da ikusgai; ondarrutarrek hilabete pasatxoan “Kondor Legioaren jatorria, bilakaera historikoa, zeuzkan helburuak eta XX. mendeko historia asaldatuaren baitako testuingurua” ezagutzeko aukera izango dute.
17 tauletan banatuta, Kondor legioari buruzko hainbat argazki eta dokumentu daude ikusgai, eta gehienak argazkiak baldin badira ere, tartean garai hartako hainbat egunkari ere ageri dira erakusketan. “Bertoko egunkariak ez ezik, nazioartekoak ere ageri dira”.
Elkarrizketa: Larrinagako eta Markinako zonaldeko kartzelak; Jimi Jimenez (Aranzadi)
Larrinagako Kartzela: Oroimena Preso erakusketa antolatu dute Aranzadi zientzia elkarteak eta Bizkaiko foru aldundiak. Bilboko kartzela ezagun hau, 1868an eraiki zuten, Larrinaga baserria kokatzen zen lekuan, eta han iraun zuen ehun urtean, 1968an desagertu arte; Bilboren bihotzean.
Bizkaiko hiriburua hazten zihoan heinean eta era berean Larrinagako kartzela zahartzen, kartzela berri bat eraiki zuten, gaur egun Basauriko kartzela, eta ondorioz, Larrinagakoa ordezkatu zuen.
Baina Larrinagako kartzela (probintzia kartzela) funtzionamenduan egon zen ehun urteetan preso ugari izan zituen giltzapean; agintaldi ezberdinen politiken agindupean. Monarkia ezberdinak, diktadurak, Bigarren errepublika, eta noski, tarteko gerra edo borraldiak.
Preso kolektibo ezberdinak izan ziren bertan, preso arruntak ere bai. Baina karlista izan, ezkerreko izan, eskuindar izan, sindikalista izan, emakume edo gizon izan, preso politiko zein peso arrunt izan, guztiek jasan behar izan zuten espetxealdia. Larrinagako kartzelara kondenatuak.
Hau errealitate bat izan zen, ez hain urrunekoa, gure etxeetako, familietako kide edo lagunen senideak izan ziren Larrinagan. Garai eta ideologia ezberdinagatik preso izan zirenen izen batzuk bildu ditugu; gai hau jorratu ahala, izen guztiak, datu guztiak lortuko ditugulakoan gaude; ez soilik Larrinagan preso izan zirenen inguruan, kartzela ezberdinetan egon zirenen inguruko historia eta egia bildu nahi dugu. Egia preso, oroimena preso izan beharrean, jendarte osasuntsuago eta askeagoa baten bidean.
Markina-Xemein:
- Arizmendiarrieta Madariaga, Jose Maria (Markina, 1915 – Arrasate, 1976): Itxurbekoa, abadea. 1937an preso.
- Cazalis Sarasua, Jose (Markinan 1896-Tenerife). Sozialista. 1937an preso.
- Duralde Kerejeta, Gregorio (Markina, 1895 – Gernika, 1975) EAJ, Zinegotzia. 1937an preso.
- Gaytan de Ayala Costa, Jose Luis (1907-1993). Makinako alkatea, Tradizionalista 1936arte. 1937ko otsailaren 13an Nabarnizen atxilotu zuten errepublikaren aldeko indarrek.
- Onaindia Jaio, Pedro. EAJ, Zinegotzia. 1938an preso.
- Ugarteburu Anitua, Ignazio (1890-1938): EAJ, zinegotzia. 1937an Larriagatik Iruñeko San Cristobalera trasladatu eta bertan hil zen.
- Muñoz Azpeitia, Beníto (Markina, 1894 -Iruña, 1938) 1937an atxilotua eta 1938an San Cristobaleko penalean hil zen.
- Etxaniz Laka, Julian «Olazar Kapitaina» (Xemein, 1902-Markina-Xemein, 1986) Itxasaldeko kapitana. 1937an preso.
Etxebarria:
- Arrizabalaga Ortuzar, Vitorio. «Bolante». Alkatea biurteko beltzean (1933-1936). 1937an preso.
- Mandiola Bastida, Luis «Makutegi-Txiki» (Etxebarrian 1900- Donibane Loitzunen).
- Zelaia Bastida, Domingo. «Txomin». Alkatea biurteko progresistan (1931-1933). 1937an preso.
Ziortza-Bolibar:
- Bonifazio Egurrola «Boni Agarre» (Ziortza·Bolibar, 1899 – Derio, 1937) 1937an atxilotu, kartzeleratu eta fusilatua.
Diario de un gudari en el frente de Euskadi (Jaime Urkijo) aurkezpena
Durangoko Azokan aurkeztu zuen Intxorta Kultur elkarteak Diario de un gudari en el frente de Euskadi liburua; Jaime Urkijoren semea, Antoine Urkijorekin batera.
Rosa Luxenburgo batailoiak Urberuagako balnearioan zuen koartel nagusia, 1936ko abenduan iritsi zirenetik.
Kristobal Errandonea zen inguruetako Rosa Luxemburgo batailoiaren arduradun nagusia, (Cashero, Urkijok idatzitako memoria agirietan) eta Jaime Urkijo haren laguntzailea.
Urkijok, bai Urberuagan, bai Maxen zein Kalamuan eta Ilo-Aldapan bizitakoak (besteak beste) jasotzen dituen memoria liburuak idatzi zituen gerra pasa eta urteetara; Inguru hauetako gora beherak bere memorien parte eta ibilbidearen zati bat baino ez dira.
Jaime Urkijoren seme Antoine Urkijok Kalamua, Max eta inguruetara egindako bisitaren berri eman genizuen. Baita, bere aitak gerra gertaerak bizi eta urteak geroago idatzitako hiru memoria liburuen berri (zonalde honetako kontuak jasotzen dituena tartean, “Guerra en Euzkadi. Desde Bilbao hasta Markina”) Antoinek, Ahaztuen Oroimena elkarteari utziak. Memoria agiri hoiek oinarri hartzen ditu aipatu liburu honek.
Patxi Juaristik Berriatuan kokatutako liburua aurkeztuko du Durangoko Azokan
Berriatuan, gudako lehen lerroan geratu ziren beste herri batzuetan baino zibil gutxiago hil ziren: sei, bonbardaketen ondorioz, eta kleroko bi kide, gusilatua (abade bat Larruskainen eta moja bat Bartzelonan). Gainera, guk dakigula, herriko mutilik ez zen hil borrokatzen, eta beste fronte batzuetan baino soldadu gutxiago hil zirela pentsa daiteke. Edonola ere, berriatuarren bizipenak gerrako frontea beren lurretan izan zuten beste herri batzeutakoen antzekoak dira. Berriatuan ere samina eta beldurra nagusitu ziren 1936ko irailean, frontea bere lurretan kokatu zenean: Gainera, frankistek 25 lagun atxilotu zituzten, zazpi emakumeri ilea moztu zieten eta hainbatek isunak, ondasunen bahiketak eta bortxazko lanak jasan behar izan zituzten.
Liburu honen asmoa da Gerra Zibilean Berriatuan gertatu zena berreraikitzea, eta sufritu zuten herritarren oroimena bizirik gordetzea. Izan ere, Gerra zibila, drama asko eta min handia sorrarazi duelarik ere, berriatuar guztien ondare historikoa da; ondo ezagutu eta gorde beharreko ondasun inmateriala.
Berriatua eta 1936ko gerra dira liburu honetan ikergai nagusia. Hala ere, izenburuan, Lekeitioko frontea ere irakur daiteke, horren arrazoia da Berriatua Lekeitio sektorean kokatu zutela agintari militarrek, eta 1936ko gerrari buruzko liburu guztietan Berriatuko fronteari buruz hitz egin beharrean Lekeitioko frontea aipatzen dela. Beraz, Berriatuan gertatuak hobeto kokatzeko, ezinbestekoa izan da Lekeitioko frontea ere aztertzea. Berrezarkuntza garaia eta II Errepublika ere ikertu ditugu, gerrako jazoerak behar bezala ulertzeko eta testuinguruan kokatzeko.
Liburu honetan, beraz, XIX.mendearen bukaeratik gerra ostera arteko urteetan ikuspuntu sozial, politiko eta ekonomikotik Berriatuan gertatu zirenak aurkezten ditugu.
Patxi Juaristi Larrinaga
Zumetako hobian, lanak aurrera doaz
Aurreko astean, lehen prospekzio lanek ez zuten esperotako emaitzik eman. Aranzadiko taldea Zumeta baserriko lurretan izan zen egun guztian; lehen bizi esku tresnekin hobia ireki arren, makinaria handiagoen beharra izan zuten aurrera jarraitzeko.
Horretarako prestatutako txakur baten laguntza ere erabili zuten oraingoan. Hala ere, lana bertan bera utzi behar izan zuten eta aste honetan jarraituko dute.
Eskerrik beroenak lan hauetarako ezinbesteko laguntza eman duten guztiei, eta nola ez Aranzadiko kideei eta Antonio Garagarza Zumetakoari.
Hobi horretan lur emandako borrokalaria 1936ko irailaren azken asteetan eta batez ere 1936ko iraialaren 21etik 25era izandako borrokaldien ondorioz hil zela uste da; zehatzago, kanoikada baten ondorioz.
- ← Anterior
- 1
- …
- 16
- 17
- 18
- …
- 36
- Siguiente →

Gutiérrezek eta José Luis Valenciagak parte hartu dute besteak beste.
Urriaren 20an eta hurrengo asteko 29an Aranzadi zientzia elkartekoek gogor jardun zuten Zumeta baserriko lurretan (San Migelen) hobia lokalizatzeko prospekzio lanetan.
Kainoika batek, Belartondo ingurua jo zuen, 1936ko irailaren 21-24 artean; bertan harrapatu zuen miliziano hau. Ondorengo egunak nahasiak eta zailak izan ziren: Faxistek, errepidez, zein mendiz mendi eraso zuten. San Migel gaina hartu zuten, Morkaiko eta Ziardamendiko gertaerekin.
