ADN bankuaren aurkezpena Gogoran
Gaur Gogoran (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) aurkezpen bilera izan dugu. Bertan, martxan jarriko den ADN banku-proiektua aurkeztu da memoria historikoa jorratzen duten elkarteei. Laster, 1936ko gerran senideren bat galdu dutenei ADN laginak jasoz ADN bankua osatuko da.
Orain arte, deshobiraketetako gorpuzkinen ADN laginak jaso dira; ADN bankua martxan jartzean, senide bat galdu dutenen (desagertuak, fusilatuak…) laginak jasoko dira.
1936ko gerra garaian udal gestioan aritzeagatik jasandako errepresioaren ondorioz hildakoei aitortza, omenaldia eta errekonozimendu instituzionala egiteko lan taldea abian Markina-Xemeinen
Ahaztuen Oroimena elkartearen proposamenez, 1936ko gerra garaian Xemein eta Markina herrietan agintaritza zibila eta udal gestioetan ardurak izan eta ondorioz errepresaliatutakoei, hildakoei, fusilatutakoei eta haien senideei frankismoaren biktima bezala dagokien aitortza omenaldia eta errekonozimendu instituzionala bideratzeko herritarren lan talde bat abian jarri da Markina-Xemeinen.
Talde hau Ahaztuen Oroimena elkarteak eta udal ordezkariek osatzeaz gain, memoria historikoan aditu edo interesa dutenei irekia dago.
Otsailaren 15ean aurre-bilera bat egin dugu, bertan egitasmoaren egokiera aztertu eta hasierako pausoak bideratzeko.
Lan taldearen izaera irekia indartzeko, ekimen honen berri emateaz gain, artikulu honen bitartez taldeko partaide izan nahi duzuenontzako gonbitea luzatzen dizuegu.
Norbaitek egitasmo honetan murgildu eta Lan Taldean integratuz ekarpenak egin nahi baditu http://www.ahaztuenoroimena.com webguneko “@_Harremanak»atalaren bitartez (etxebarria1936@gmail.com) egitea proposatzen dizuegu, zuen mezua jaso bezain laster erantzuten saiatuko gara.
1937-2017 Memoria duen herria
«Demokrazia eta askatasuna»
LARREPETIT. 2017-02-04/ berria / Hedoi Etxarte
Astelehen honetan, senideen, memoriaren elkarteetako militanteen eta EAEko erakundeetako kideekin batera EAJko eta EHBilduko ordezkaritza zabal bat izan zen Elgoibarko hilerrian —harrigarria izan zen Ahal Dugu-ko bi kide soilik eta PSOEko bakarra—. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Paco Etxeberria medikuak izan zuten ekitaldiaren zentraltasuna.
Urkulluk esan zuen 36ko gerran hil zituztenek «demokraziaren eta askatasunaren defentsan eman zutela bizitza. Euskadi instituzio gisa eratzeko eta herrialde justuago eta irekiago bat eraikitzeko» hil zirela. Bai. Hegoaldean 36ko gerran hildakoak 78ko ziklo konstituzionaleko formulazio antiterroristara ekarri zituen. Akaso, biolontxeloak Bruch eder bat jotzen zuen bitartean, haizeak kolunbarioa eta inguruko errepideak eta industrialdea mugitzen zituela, oharkabean pasako ziren hitzok. Baina ez. 36an hil zituztenak ez ziren «demokrazia eta askatasuna»-rengatik hil. Batzuk hil ziren faxismoari aurre egiteko —anarkistek estatu suntsitu nahi zuten eta komunistek beste estatu bat egin, adibidez—, beste batzuk utopia sozialistaren alde borrokatu ziren, mordoa sindikalistak ziren, beste batzuk aberriaren alde mobilizatu ziren, izan zen, inkluso, Jainkoarengatik Eusko Gudarosteko lubakietan aritu zenik. Garaia da. Halako manipulazio historikoetan ez jausteko. Memoria utzi eta historia egiten hasteko. Hannah Arendt-ek idatzi zuen bezala: «Onartzen badugu ere belaunaldi bakoitzak bere historia idazteko eskubidea duela, soilik ari gara onartzen gertakizunak belaunaldi horren arabera ordenatu daitezkeela, eta ez gertakizun objektiboa alda daitezkeela».
Arendten kezka —eta Elgoibarren izan ziren askorena— da, badirudiela politika egiaren molde guztien kontrako gerra batean dagoela. Alegia: «Egiarenganako konpromisoa jarrera antipolitiko gisa kontsideratzen dela». Nork ez daki zenbat lagun hiltzea egozten zaion ETAri, baina nork daki zenbat lagun hil zituzten 36ko gerran EAEn, zenbat hil dituzten AEBek Obamaren legealdian, zenbat hil diren Mediterraneoan 2017ko urtarrilean.
1936ko gerran desagertutakoen gorpuak jasoko dituen lehen kolunbarioa
D
uintasuna. Hitz bakar batek hartzen ditu bere baitan, 1936ko gerran dena eman eta ondorioz hil zirenak. Gertaera haietatik 80 urtera, Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu dira faxismoari aurre egiten hil ziren 27 pertsonen gorpuzkinak. Dana emon biar yako maite den azkatasunari, hala zioen Lauaxetaren Mendigoizaliarenak. Dena eman zuten; haien amets, asmo eta bizitza proiektua, mendi goietan askatasuna eta demokrazia defendatuz bukatu zen.
Duintasunaren Kolunbarioa, Aranzadi, Gogora eta Elgoibarko udalaren ardurapean gauzatu da, eta bertan hobiratutako 27 gorpuzkinetatik gehienak, 25, ezin izan ziren identifikatu hobitik atera ondoren. Hamarnaka hobitan, mendi zein edozein bazterretan gerra latz hark utzitako 25 familietako kide desagertuak.
Beste batzuk, hobitik ateratzeko lanen ondoren identifikatu ahal izan ziren. Identifikatzea lortu zen gorpuetako bat, Ziardamendin 2012an lokalizatu eta hobitik ateratako Sabin Atutxa Olabarri da; gaur Duintasunaren kolunbarioan hobiratu du familiak.

Desagertuak, hildakoak, izan dira 80 urtetan, gaur kolunbarioan hobiratu direnak. Izen eta abizendun pertsonak, 27 familiaetako kideak. Haien eskubideak urratu zitzaizkien pertsonak.
Duintasuna da ikurra; eta Duintasunaren kolunbarioan, 27 pertsona hauek hobitik atera ziren herrietako ordezkariak (Arrasate, Andoain, Azkoitia, Elgeta, Elgoibar, Legutio, Lemoa, Mañaria, Mutriku, Gaubea, Zaldibia eta Zigoitia), senide batzuk eta elkarte ezberdinetako (Intxorta, Martxoak3, CNT, Elgoibar19336…) ordezkariak izan dira. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak ere bertan izan gara.
Bakardadean lurperatu zituzten, hil ondoren ahanzturara kondenatu. Baina gaurko ekitaldian, senide, elkarte instituzio eta alderdi politiko ezberdinen presentziaz erakutsi den aniztasunak, 27 pertsona hauek ordezkatzen dituzten 1936ko hildako guztiei dagozkien egiarako, justiziarako eta errekonozimendurako eskubidea babestu du. Merezitako agur duina eskainiz.
1936ko abenduaren 26an Kalamuako borrokaldia, 80 urtera
1936ko udan, kolpea eman ondoren, lehen mugimenduak irailaren bukaeran iritsi ziren markinaldeko sektorea deiturikora. Lehen egunetako borrokaldiei, ondoren eman ziren borrokaldi gogorragoak gehitu zitzaizkien; Akarregi-Egixarrekoa urriaren 21ean eta Kalamuakoa abenduaren 26an adibidez.
Frontea egonkortu zenean, frankistek, mendi gain altuenak okupatu zituzten. Aurretik zuten gaitasun militarrari abantailazko kokapenak izatea gehitu behar zaio. Hala ere, gudari eta milizianoek tinko eusteko ausardia eta gaitasuna erakutsi zuten, fronteak egonkor iraun zuen zazpi hilabeteetan gogor borrokatuz.
1936ko gabon inguruan, fronteak izandako lasaitasun uneak jasotzen dituzte garaiko artikuluek; alde bien arteko elkarrizketak eta Akondia inguruan egunkariak aldatzeko aukera izan zutela ere aipatzen dute.
Herritarrek, haiei jasotako testigantzetan, 1936/12/26ko borrokaldiko pasarteak eskaini zizkizguten: kainoikaden oihartzunek etxeko leihoetan eragiten zuten dardara, etxeko ganbaran zauritu eta hildakoak hartatzen jardun zutenak, Munitibar ingurutik borrokaldi hau nola entzuten zen etab… Gaurko aurkezpenean, Markina-Xemeinen izan dira, borrokaldi honen lekuko izandako Josefa Egidazu eta Tomas Gerrikagoitiaren semea. Josefak, bertaratutakoei kontatu die gaurko egunez, duela 80 urte ikusi eta bizi izan zuena.
Borrokaldiaren protagonistak izan zirenek ere tartea izan dute hitzaldian. Kepa Ordoki, gudarien kapitaina zen Kalamuan egon zenean. 1936ko abenduaren 26ko borrokaldiaren nondik norakoak jasota utzi zituen, San Andresekoek, Sasetakoek eta Celtako anarkistek egun horretan bizi izandakoa.
Hain zuzen, Celtakoekin hildako bi gazte galiziarren senideek eskainitako testigantzak itxi du hitzaldia. Familia hau, Markinaraino gerturatu zen, zerbait argitu nahian, haien osabak nola hil ziren jakin nahian. Abenduaren 26ko borrokaldi honetan hil baziren ere, oraindik orain, Aguetetarrek ez dakite non dauden beraien osaba biak.
Gaurko egunean hitzaldi hau eskaintzea garrantzitsua iruditu zaigu. Efemerideaz gain, gabon giro honetan, duela 80 urte gure herrietan, herritarrek bizi behar izan zutena oso gogorra izan zelakoan gaude; baita, faxistei aurre egiten ziarduten gudari eta milizianoen senideak ere. Hainbat etxetan ez zen gabonik izan. Beste hainbatetan, ez dira gabonak ospakizun izan harrezkero; senide baten heriotza datak ospakizunetako aukerak zapuztu baitzituen.
Aitor Elexpuru Markina-Xemeindarra, Beran, Nafarroan Oroit(H)arri proiektuan eragile
Aitor Elexpuru Egaña, jatorriz Markina-Xemeingoa bada ere, egun, Nafarroako Bera herrian erabat txertatuta bizi da; ogibidez Arantzako Eskolako irakaslea da.
Bere egunean gurean erakutsi bezala, Beran ere euskara, bertsolaritza eta herriarekiko konpromisoa lantzen ditu. Jarrera horrek Berako Udaletxean ardurak hartzera eraman du, bertako Euskara Batzordeko burua eta Kultura batzordekidea da Aitor.
Kultura eta Euskara batzordeak bateratutako egitasmo bezala, Beran, gerra garaiko gertaerak ikertu, aitortu eta gizarteratzeko herritarren lan taldean buru belarri murgildu da Aitor Elexpuru. Elkarrizketa honetan beraiek dituzten asmo interesgarrien berri ematen digu.
- ← Anterior
- 1
- …
- 10
- 11
- 12
- …
- 36
- Siguiente →




Gaur eguerdian, elizpean. 1936ko azaroaren 22an bezala. Timoteo Arrastoa Arozena (1920-Altza, Gipuzkoa) eta Bitor Urretabizkaia Urruzolaren (1918-Tolosa, Gipuzkoa) hil ondorengo agurrean ez ziren bakarrik egon. Haien kideek eraman zituzten andan. Gaur eguerdian, orduan ez bezala, bi gudari gazteen senideek, gudari haien kideek hildako gazteekin egin bezala, herritarren berotasuna jaso ahal izan dute.


