Orokorra

Gernika 80 urtez: suntsitu, itzali ezin izan zuten argia

Posted on Actualizado enn

Elorrio, Durango, Eibar, Munitibar, Galdakao, Erandio, … eta txikizioa, 1937ko apirilaren 26an: Gernika.

7 hilabeteetan frontearen ertzetako herriak zein erretaguardiak bonbardatu ondoren, erresistentzia guneez gain, zibilen aurkako, parean zen ororen aurkako txikizioa abiatu zuten faxistek. Esperimentu basatien laborategi, Bizkaiko herriak.

Memoriak bizirik mantendu du eraitsitakoa. Memoriak eta ke arteko argitasunak lortu du herritarrek behar zuten erreparazioa Gernikan.

Duela 80 urte txikitu zuten unean Luis Ortiz Alfau Capitan Caseroko milizianoa bertan zegoen, bonbardaketa eta ondorengoa bertatik bertara bizi izan zuen.

Gaisoaldi baten ondoren, gaur berarekin tertulian jarduteko aukera izan dugu. Gernikako bonbardaketaren biktimak gogoan, faxismoaren hatzaparrek urratutakoa kontatzeko beharra mahai gaineratu digu gaur ere.

Munitibar, bonbardaketaren 80.urteurrena

Posted on

80 urte dira. Hain ezezaguna izan ez arren, faxistek Gernikako suntsiketa ezaguna burutu egun berean, 80 urte, Munitibarren gertatutakoa. Baina bertako herritarrek urteetan kontatu dute etxeko sukaldeetan, gertuko lagunen artean eta transmisioak utzi du bere oroimena.
1937ko apirilaren 26an, Gerrikaitz eta Arbatzegi, Munitibar gaur egun, bonbardatu zituzten. Herritarren aurka eta herriaren aurka bidegabeki erasotzeaz gain, ihesean zihoazen zibil zein frontetik erretiradako agindua jaso zuten gudari eta milizianoei, airez, bonba eta metrailadorez eraso zieten.

Bide ertzean batzuk, zubipean beste batzuk, eta ahal zuten sabaipean beste batzuk.
Zibil zein gudari, haur zein emakume, zeruari adi, eraso hark hildakoak eta txikizioa bilatzen zuen. Egun guztiko egonezina, sufrimendua, negarra eta mina.
Gernika txigarretan artean, agintari edo gidaririk gabe, umezurtz, zaurituak ebakuatu eta ahal zuenak ondokoari lagundu baino ezin izan zuten egin; hurrengo egunetan hilotzak ahal zituzten lekuan hobiratuz.

Gertaera haien lekukoekin, zuzenean zaurituen esperientziarekin zein dokumentazio lanarekin hitzaldia antolatu dugu apirilaren 30ean. Testigantza emale batzuk bertan izango dira; agian zuk ere ekarpena egin dezakezu, etxean jasotakoaz, entzundakoaz…
80.urteurren ekitaldi hauek, Munitibarko udalarekin batera antolatu dira, eta hitzaldiaz gain, Zelaietaburuko (Etxebarria) erresistentzia eremua, memoria gunera eraldatze lanak jasotzen dituen argazki erakusketa ikusgai egongo da Munitibarren.

Munitibar bonbardaketaren 19370426801000

Franco hil ondorengo lehen deshobiraketa, beharbada.

Posted on Actualizado enn

Lierni_09

1977ko udazkena. 40 urte lubakiz lubaki borrokan jardun zutenetik, hainbat kide aldamenean galdu zituztenetik, bizipen haietatik, haien memoriatik…

1977ko urriaren 2a zen, Legution. 1936ko neguko erasoaldian Urbina eta Legutio artean hildako Itxarkundia batailoiko gudariak omendu zituzten. Batailoi hartako komandantea izan zen Felipe Lizaso errenteriarra, eta berak sustatu eta gidatu zuen igande eguerdiko omenaldi hura, Lorenzo Izaguirre ametrailadoreetako tenientearekin batera. Omenaldian, Felipe Lizasoren iloba den Lierni Lizasok egin zuen lore eskaintza; eta Liernik berak eman digu haren lekukotza.

Jende asko elkartu zen Legutioko omenaldian. Baina ez zen horretara mugatu gudari eta agintari zaharren asmoa. Aste batzuetara, Legutioko urtegiaren ur maila baxua probestuz, Legutio eta Urrunaga elkartzen zituen bide zaharrean fusilatu eta lurperatuta zeuden gudarien hezurrak bilatze lanetan aritu ziren. Ondo zekiten nun ziren haien kideak, eta deshobiratu ahal izan zituzten gudarien hezurrak Legutioko hilerri berriko horma-hobi zaharretako 50.ean jarri zituzten, kutxa batean.

Beharbada, hau litzake Franco hil ondoren, omenaldiarekin batera, aitortza eta erreparazioa helburu izandako lehen deshobiraketa. Izan ere, 1977ko urriaren biko omenaldi ekitaldian, gudariak hobiratutako lekuan, hilarri bat jarri zuten hildako gudarien omenez, gaur egun, leku beraen, urbanizatutako eremuan dagoen hilarria.

Liernik, amaren aldeko senideen aldetik ere jaso zuen gerraren berri. Amak, Yolanda Urrutiak, Iturretako Andreu Goiko baserriko jatorria du eta aita eta osabak ere gerra, eta kartzela bertatik bertara ezagutu zuten. Gerra ostean berriz, gosetea eta sufrimendua gogorra izan zen guztientzat.

Familian memoria historikoarekiko duten sentsibilitateak gidatuta 2016ko apirilaren 17an Zelaietaburuko lubakiko bigarren eta hirugarren gudarien gorpuzkinak deshobiratzeko lanetara eta ondorengo omenaldira hurbildu ziren; bere lekukotzaren bitartez, Liernik bere egunean Legution egindakoaren ingurukoak azaltzen dizkigu, aitona (Felipe Lizaso) eta gudari haiek gogoan.

Erreparazioa, bermatu beharreko eskubidea

Posted on

Edozein gatazketan, baina bereziki gerra batek,  kalte handiak sortzen dituzte, gerren ondorioak benetan gogorrak izaten dira. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak bigarren errepublika, 1936ko gerra zibila, frankismoa eta diktadura, ikertu eta jendartera zabaltzen ahalegintzen gara. Gerra zibilaren zergatia, nondik norakoak eta ondorioak ezagutzearen bitartez errelato oso bat, egia oso bat osatzea dugu helburu.
Artikulu honek lehen aipatutako gertaeretan baino lehenago izango du abiapuntua. 1872 urtean hasi zen hirugarren guda karlista, eta gerra honen bukaera 1876ko otsailaren 5an Abadianoko borrokarekin hasi bazen ere, karlismoaren azken gotorleku izandako “Lapoblacion”eko gaztelua martxoaren 2an galtzean, liberalek guda horretako garaipena lortu zuten.
Hirugarren gerra karlista oso gogorra izan zen, ordurako artilleria erabat garatuta zegoen eta hildako zein kalte materialak handiak izan ziren, gainera arlo politikoan eragin nabarmena izan zuela esan genezake, tartean Euskal Foruak indargabetu baitziren. Behin guda bukatuta karlistekin borrokatu zuten militarrek, agintea hartu zutenen egitura militarrean txertatzeko aukera izan zuten; galtzaileek ez zuten aparteko jazarpenik jasan.Gerra ostean, nolabaiteko anaitasunean, etorkizunari aurre egiteko lanari aparteko errepresio eta mendekurik gabe ekin ziotela esan genezake.
Edozein gatazk kaltetu edo biktimakdakartza. Arrazoi desberdinengatik, batzuk konfliktoan murgildu direlako, beste batzuk konfliktoaren gatibu suertatu direlako, edo konfliktoa batzuen bizi eremuan suertatu delako; batzuk patuak bihurtu zituen biktima, mendeku egarriz eragindako biktimak ere izan ziren.

Guztiek dute biktima izaera berdina, eta guztiei dagokie sufrimenduaren aitortza eta errekonozimendua, jasandakoagatik guztiek dute justiziaren eskubidea, eta nola ez, guztiei dagokie erreparazio eskubidea.
Aitortza, errekonozimendua, justizia eta erreparazioa aipatu ditugu. Kontzeptu guzti hauek berriz ez gertatzeko bermea ziurtatu behar digute, baina eskubide hauek ahalbideratzeko ezinbestekoa da egia, gertatutakoaren egia ezagutzea. Esparru honetan dago memoria historikoaren lanketan gabiltzan elkarteen zeregin nagusiena, artxiboetan arakatu, testigantzak jaso, dokumentazioa ikertu, memoria guneak identifikatu,….
Hirugarren gerra karlista gertatu zenetik igarotako denborak ikerketarako margen gutxi uzten digu, baina 80 urte igaro diren arren 1936an hasitako guda zibilaren ikerketak fruitu ugari ematen ditu oraindik ere. Eta zergatik da posible hau? Garaileek beraien nagusikeria ezarri eta orrialdea pasatzeko asmoarekin arituz, egun azaleratzen hasi diren hainbat gertaera ezkutatu, eta ukatuaz gizartearen memoria bahitu izan zuten arren, artxiboak desklasifikatzen hasi direlako, dauden lekuko apurrek berba egiteari izandako beldurra gainditu dutelako, lurperatutako gorpuak aurkitu eta deshobiratu egiten direlako, gaia sakonki ikertzeko dinamikak sortu direlako eta gizartean gaia lantzeko premia nabari delako.
Egiaren bilaketa honek gerra eta ondorengo diktadura frankistak eragindako errepresio, beldur, zigor, heriotza, isun, erbesteratze, baztertze eta abarren berri ematen digu; konfliktoak eragindako biktimen berri ematen digu. Aitortzarik jaso ez duten biktimak, justizia ezagutu ez dutenak, erreparaziorik izan ez dutenak, ahanzturara kondenatuak izan diren biktimak. Egia ezagutzeko eskubidea dugu eta behin egia ezagututa jendarteak memoria ziurtatzearen betebeharra du, biktimak memoriaren eskubidea dutelako.
Giza eskubideen ikuspegitik biktima izaera ezin da galtzaile eta irabazleen eskematik aztertu, guztiak dira biktima eta eskubide berdinak dituzte batzuk zein besteak. 1936ko gerran galtzaile suertatutako biktimak zigorra, mespretxatua, umilazioa eta era guztietako kalteak pairatu zituzten. Irabazleek hamarkadetan errepresioari etenik eman gabe jarraitu zuten bitartean, haien aldeko biktimak goraipamena, errekonozimendua eta erreparazioa izan zuten. Ezagunak zaizkigu eliza atarietan jarritako plakak “caidos por Dios y por la Patria”, emandako indemnizazioak, negozio eta jabegoen eskualdaketak, galtzaileei ezarritako isunak eta hauen bitartez ordaindutako kalteak,… eta abar.
Egiaren bilaketan izan dugun aurkikuntza edo emaitza desberdinen artean, oraintsu jakin dugu 1936ko gerra zibilaren garaileek Erreparazioaren kudeaketan egindako ekimen adierazgarri bat, artikulu honen bitartez jendartera zabaldu nahi duguna.
1936. urtean hasitako gerra zibileko garaileak hirugarren gerra karlistako galtzaile suertatutakoak izan baziren, gerra hori bukatu eta 62 urte beranduago, 1938ko martxoaren 12an, Francok bizirik ziren hemeretzigarren mendeko azken gerrako beterano karlistei bere ejertzitoko “Teniente Honorario” izendapena lortzeko aukera zabaltzen zien lege bat izenpetu zuen, erabaki hau gerra betean etorri zen, gerra bukatzeko urtebete baino gehiago falta zenean.
Baina gerra bukatu bezain laster, 1939ko abuztuko 18an, Bizkaiko Aldundiko aginte organoak, tartean Jose Luis Gaytan de Ayala markinarra zegoen, hartutako erabaki baten arabera 1876an bukatutako gerrako karlista beteranoei eguneko pezeta bateko pentsioa ezarri zien, 1941eko urtarrilaren batetik aurrera eguneko lau pezetakoa izango zena. Pentsio hori lortzeko “Teniente Honorario” izendapena izatea nahikoa bezain derrigorrezkoa zen.
Eta erreparaziotzat har dezakegun pentsio hau gutxi balitz, 1942ko martxoaren 14an Francok erabakitako beste lege batek urteroko 6000 pezetako ordainsaria eskaini zien Teniente Honorario izendapena zuten beterano karlistei eta 1926ko “Estatuto de Clases Pasivas” legeak agintzen zien oinordekoei.
7 hamarkada aurretik galtzaile izandakoei frankismoak egindako aitortza eta erreparazioa, bukatu barri zen gerra zibileko galtzaileei eragindako kalte eta errepresioaren kontura ordaindutako saria.
Egiaren ezagutzak duen garrantziagatik eta egiaren ezagutza helburu eta bidea direlakotan, gaurkoan gai hau azaldu nahi izan dugu.

ADN bankuaren aurkezpena Gogoran

Posted on Actualizado enn

img_20170223_170831 Gaur Gogoran (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) aurkezpen bilera izan dugu. Bertan, martxan jarriko den ADN banku-proiektua aurkeztu da memoria historikoa jorratzen duten elkarteei. Laster, 1936ko gerran senideren bat galdu dutenei ADN laginak jasoz ADN bankua osatuko da.

Orain arte, deshobiraketetako gorpuzkinen ADN laginak jaso dira; ADN bankua martxan jartzean, senide bat galdu dutenen (desagertuak, fusilatuak…) laginak jasoko dira.

img_20170223_173020

Aurkezpenan aipatu denez, orain arteko deshobiraketetan, 90 gorpu identifikatu ahal izan dira ADN frogei esker, 164 ezin izan dira identifikatu eta 110 gorpuzkin aztertze prozesuan daude.

1936ko gerra garaian udal gestioan aritzeagatik jasandako errepresioaren ondorioz hildakoei aitortza, omenaldia eta errekonozimendu instituzionala egiteko lan taldea abian Markina-Xemeinen

Posted on

p1310302Ahaztuen Oroimena elkartearen proposamenez, 1936ko gerra garaian Xemein eta Markina herrietan agintaritza zibila eta udal gestioetan ardurak izan eta ondorioz errepresaliatutakoei, hildakoei, fusilatutakoei eta haien senideei frankismoaren biktima bezala dagokien aitortza omenaldia eta errekonozimendu instituzionala bideratzeko herritarren lan talde bat abian jarri da Markina-Xemeinen.

Talde hau Ahaztuen Oroimena elkarteak eta udal ordezkariek osatzeaz gain, memoria historikoan aditu edo interesa dutenei irekia dago.

Otsailaren 15ean aurre-bilera bat egin dugu, bertan egitasmoaren egokiera aztertu eta hasierako pausoak bideratzeko.

Lan taldearen izaera irekia indartzeko, ekimen honen berri emateaz gain, artikulu honen bitartez taldeko partaide izan nahi duzuenontzako gonbitea luzatzen dizuegu.

Norbaitek egitasmo honetan murgildu eta Lan Taldean integratuz ekarpenak egin nahi baditu http://www.ahaztuenoroimena.com webguneko “@_Harremanak»atalaren bitartez (etxebarria1936@gmail.com) egitea proposatzen dizuegu, zuen mezua jaso bezain laster erantzuten saiatuko gara.

1937-2017 Memoria duen herria

«Demokrazia eta askatasuna»

Posted on Actualizado enn

LARREPETIT. 2017-02-04/ berria / Hedoi Etxarte

Astelehen honetan, senideen, memoriaren elkarteetako militanteen eta EAEko erakundeetako kideekin batera EAJko eta EHBilduko ordezkaritza zabal bat izan zen Elgoibarko hilerrian —harrigarria izan zen Ahal Dugu-ko bi kide soilik eta PSOEko bakarra—. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Paco Etxeberria medikuak izan zuten ekitaldiaren zentraltasuna.

Urkulluk esan zuen 36ko gerran hil zituztenek «demokraziaren eta askatasunaren defentsan eman zutela bizitza. Euskadi instituzio gisa eratzeko eta herrialde justuago eta irekiago bat eraikitzeko» hil zirela. Bai. Hegoaldean 36ko gerran hildakoak 78ko ziklo konstituzionaleko formulazio antiterroristara ekarri zituen. Akaso, biolontxeloak Bruch eder bat jotzen zuen bitartean, haizeak kolunbarioa eta inguruko errepideak eta industrialdea mugitzen zituela, oharkabean pasako ziren hitzok. Baina ez. 36an hil zituztenak ez ziren «demokrazia eta askatasuna»-rengatik hil. Batzuk hil ziren faxismoari aurre egiteko —anarkistek estatu suntsitu nahi zuten eta komunistek beste estatu bat egin, adibidez—, beste batzuk utopia sozialistaren alde borrokatu ziren, mordoa sindikalistak ziren, beste batzuk aberriaren alde mobilizatu ziren, izan zen, inkluso, Jainkoarengatik Eusko Gudarosteko lubakietan aritu zenik. Garaia da. Halako manipulazio historikoetan ez jausteko. Memoria utzi eta historia egiten hasteko. Hannah Arendt-ek idatzi zuen bezala: «Onartzen badugu ere belaunaldi bakoitzak bere historia idazteko eskubidea duela, soilik ari gara onartzen gertakizunak belaunaldi horren arabera ordenatu daitezkeela, eta ez gertakizun objektiboa alda daitezkeela».

Arendten kezka —eta Elgoibarren izan ziren askorena— da, badirudiela politika egiaren molde guztien kontrako gerra batean dagoela. Alegia: «Egiarenganako konpromisoa jarrera antipolitiko gisa kontsideratzen dela». Nork ez daki zenbat lagun hiltzea egozten zaion ETAri, baina nork daki zenbat lagun hil zituzten 36ko gerran EAEn, zenbat hil dituzten AEBek Obamaren legealdian, zenbat hil diren Mediterraneoan 2017ko urtarrilean.

1936ko gerran desagertutakoen gorpuak jasoko dituen lehen kolunbarioa

Posted on

img-20170130-wa0000Dimg_20170130_105438uintasuna. Hitz bakar batek hartzen ditu bere baitan, 1936ko gerran dena eman eta ondorioz hil zirenak. Gertaera haietatik 80 urtera, Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu dira faxismoari aurre egiten hil ziren 27 pertsonen gorpuzkinak. Dana emon biar yako maite den azkatasunari, hala zioen Lauaxetaren Mendigoizaliarenak. Dena eman zuten; haien amets, asmo eta bizitza proiektua, mendi goietan askatasuna eta demokrazia defendatuz bukatu zen.

img_9474Duintasunaren Kolunbarioa, Aranzadi, Gogora eta Elgoibarko udalaren ardurapean gauzatu da, eta bertan hobiratutako 27 gorpuzkinetatik gehienak, 25, ezin izan ziren identifikatu hobitik atera ondoren. Hamarnaka hobitan, mendi zein edozein bazterretan gerra latz hark utzitako 25 familietako kide desagertuak.

Beste batzuk, hobitik ateratzeko lanen ondoren identifikatu ahal izan ziren. Identifikatzea lortu zen gorpuetako bat, Ziardamendin 2012an lokalizatu eta hobitik ateratako Sabin Atutxa Olabarri da; gaur Duintasunaren kolunbarioan hobiratu du familiak.

img_20170130_122326img_9640Desagertuak, hildakoak, izan dira 80 urtetan, gaur kolunbarioan hobiratu direnak. Izen eta abizendun pertsonak, 27 familiaetako kideak. Haien eskubideak urratu zitzaizkien pertsonak.

Duintasuna da ikurra; eta Duintasunaren kolunbarioan, 27 pertsona hauek hobitik atera ziren herrietako ordezkariak (Arrasate, Andoain, Azkoitia, Elgeta, Elgoibar, Legutio, Lemoa, Mañaria, Mutriku, Gaubea, Zaldibia eta Zigoitia), senide batzuk eta elkarte ezberdinetako (Intxorta, Martxoak3, CNT, Elgoibar19336…) ordezkariak izan dira. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak ere bertan izan gara.

Bakardadean lurperatu zituzten, hil ondoren ahanzturara kondenatu. Baina gaurko ekitaldian, senide, elkarte instituzio eta alderdi politiko ezberdinen presentziaz erakutsi den aniztasunak, 27 pertsona hauek ordezkatzen dituzten 1936ko hildako guztiei dagozkien egiarako, justiziarako eta errekonozimendurako eskubidea babestu du. Merezitako agur duina eskainiz.

1936ko abenduaren 26an Kalamuako borrokaldia, 80 urtera

Posted on Actualizado enn

1936ko udan, kolpea eman ondoren, lehen mugimenduak irailaren bukaeran iritsi ziren markinaldeko sektorea deiturikora. Lehen egunetako borrokaldiei, ondoren eman ziren borrokaldi gogorragoak gehitu zitzaizkien; Akarregi-Egixarrekoa urriaren 21ean eta Kalamuakoa abenduaren 26an adibidez.

Frontea egonkortu zenean, frankistek, mendi gain altuenak okupatu zituzten. Aurretik zuten gaitasun militarrari abantailazko kokapenak izatea gehitu behar zaio. Hala ere, gudari eta milizianoek tinko eusteko ausardia eta gaitasuna erakutsi zuten, fronteak egonkor iraun zuen zazpi hilabeteetan gogor borrokatuz.

p1300384_6001936ko gabon inguruan, fronteak izandako lasaitasun uneak jasotzen dituzte garaiko artikuluek; alde bien arteko elkarrizketak eta Akondia inguruan egunkariak aldatzeko aukera izan zutela ere aipatzen dute.

Herritarrek, haiei jasotako testigantzetan, 1936/12/26ko borrokaldiko pasarteak eskaini zizkizguten: kainoikaden oihartzunek etxeko leihoetan eragiten zuten dardara, etxeko ganbaran zauritu eta hildakoak hartatzen jardun zutenak, Munitibar ingurutik borrokaldi hau nola entzuten zen etab… Gaurko aurkezpenean, Markina-Xemeinen izan dira, borrokaldi honen lekuko izandako Josefa Egidazu eta Tomas Gerrikagoitiaren semea. Josefak, bertaratutakoei kontatu die gaurko egunez, duela 80 urte ikusi eta bizi izan zuena.

Borrokaldiaren protagonistak izan zirenek ere tartea izan dute hitzaldian. Kepa Ordoki, gudarien kapitaina zen Kalamuan egon zenean. 1936ko abenduaren 26ko borrokaldiaren nondik norakoak jasota utzi zituen, San Andresekoek, Sasetakoek eta Celtako anarkistek egun horretan bizi izandakoa.

Hain zuzen, Celtakoekin hildako bi gazte galiziarren senideek eskainitako testigantzak itxi du hitzaldia. Familia hau, Markinaraino gerturatu zen, zerbait argitu nahian, haien osabak nola hil ziren jakin nahian. Abenduaren 26ko borrokaldi honetan hil baziren ere, oraindik orain, Aguetetarrek ez dakite non dauden beraien osaba biak.

Gaurko egunean hitzaldi hau eskaintzea garrantzitsua iruditu zaigu. Efemerideaz gain, gabon giro honetan, duela 80 urte gure herrietan, herritarrek bizi behar izan zutena oso gogorra izan zelakoan gaude; baita, faxistei aurre egiten ziarduten gudari eta milizianoen senideak ere. Hainbat etxetan ez zen gabonik izan. Beste hainbatetan, ez dira gabonak ospakizun izan harrezkero; senide baten heriotza datak ospakizunetako aukerak zapuztu baitzituen.