Munitibar, bonbardaketaren 80.urteurrena
80 urte dira. Hain ezezaguna izan ez arren, faxistek Gernikako suntsiketa ezaguna burutu egun berean, 80 urte, Munitibarren gertatutakoa. Baina bertako herritarrek urteetan kontatu dute etxeko sukaldeetan, gertuko lagunen artean eta transmisioak utzi du bere oroimena.
1937ko apirilaren 26an, Gerrikaitz eta Arbatzegi, Munitibar gaur egun, bonbardatu zituzten. Herritarren aurka eta herriaren aurka bidegabeki erasotzeaz gain, ihesean zihoazen zibil zein frontetik erretiradako agindua jaso zuten gudari eta milizianoei, airez, bonba eta metrailadorez eraso zieten.
Bide ertzean batzuk, zubipean beste batzuk, eta ahal zuten sabaipean beste batzuk.
Zibil zein gudari, haur zein emakume, zeruari adi, eraso hark hildakoak eta txikizioa bilatzen zuen. Egun guztiko egonezina, sufrimendua, negarra eta mina.
Gernika txigarretan artean, agintari edo gidaririk gabe, umezurtz, zaurituak ebakuatu eta ahal zuenak ondokoari lagundu baino ezin izan zuten egin; hurrengo egunetan hilotzak ahal zituzten lekuan hobiratuz.
Gertaera haien lekukoekin, zuzenean zaurituen esperientziarekin zein dokumentazio lanarekin hitzaldia antolatu dugu apirilaren 30ean. Testigantza emale batzuk bertan izango dira; agian zuk ere ekarpena egin dezakezu, etxean jasotakoaz, entzundakoaz…
80.urteurren ekitaldi hauek, Munitibarko udalarekin batera antolatu dira, eta hitzaldiaz gain, Zelaietaburuko (Etxebarria) erresistentzia eremua, memoria gunera eraldatze lanak jasotzen dituen argazki erakusketa ikusgai egongo da Munitibarren.