Erreparazioa, bermatu beharreko eskubidea

Posted on

Edozein gatazketan, baina bereziki gerra batek,  kalte handiak sortzen dituzte, gerren ondorioak benetan gogorrak izaten dira. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak bigarren errepublika, 1936ko gerra zibila, frankismoa eta diktadura, ikertu eta jendartera zabaltzen ahalegintzen gara. Gerra zibilaren zergatia, nondik norakoak eta ondorioak ezagutzearen bitartez errelato oso bat, egia oso bat osatzea dugu helburu.
Artikulu honek lehen aipatutako gertaeretan baino lehenago izango du abiapuntua. 1872 urtean hasi zen hirugarren guda karlista, eta gerra honen bukaera 1876ko otsailaren 5an Abadianoko borrokarekin hasi bazen ere, karlismoaren azken gotorleku izandako “Lapoblacion”eko gaztelua martxoaren 2an galtzean, liberalek guda horretako garaipena lortu zuten.
Hirugarren gerra karlista oso gogorra izan zen, ordurako artilleria erabat garatuta zegoen eta hildako zein kalte materialak handiak izan ziren, gainera arlo politikoan eragin nabarmena izan zuela esan genezake, tartean Euskal Foruak indargabetu baitziren. Behin guda bukatuta karlistekin borrokatu zuten militarrek, agintea hartu zutenen egitura militarrean txertatzeko aukera izan zuten; galtzaileek ez zuten aparteko jazarpenik jasan.Gerra ostean, nolabaiteko anaitasunean, etorkizunari aurre egiteko lanari aparteko errepresio eta mendekurik gabe ekin ziotela esan genezake.
Edozein gatazk kaltetu edo biktimakdakartza. Arrazoi desberdinengatik, batzuk konfliktoan murgildu direlako, beste batzuk konfliktoaren gatibu suertatu direlako, edo konfliktoa batzuen bizi eremuan suertatu delako; batzuk patuak bihurtu zituen biktima, mendeku egarriz eragindako biktimak ere izan ziren.

Guztiek dute biktima izaera berdina, eta guztiei dagokie sufrimenduaren aitortza eta errekonozimendua, jasandakoagatik guztiek dute justiziaren eskubidea, eta nola ez, guztiei dagokie erreparazio eskubidea.
Aitortza, errekonozimendua, justizia eta erreparazioa aipatu ditugu. Kontzeptu guzti hauek berriz ez gertatzeko bermea ziurtatu behar digute, baina eskubide hauek ahalbideratzeko ezinbestekoa da egia, gertatutakoaren egia ezagutzea. Esparru honetan dago memoria historikoaren lanketan gabiltzan elkarteen zeregin nagusiena, artxiboetan arakatu, testigantzak jaso, dokumentazioa ikertu, memoria guneak identifikatu,….
Hirugarren gerra karlista gertatu zenetik igarotako denborak ikerketarako margen gutxi uzten digu, baina 80 urte igaro diren arren 1936an hasitako guda zibilaren ikerketak fruitu ugari ematen ditu oraindik ere. Eta zergatik da posible hau? Garaileek beraien nagusikeria ezarri eta orrialdea pasatzeko asmoarekin arituz, egun azaleratzen hasi diren hainbat gertaera ezkutatu, eta ukatuaz gizartearen memoria bahitu izan zuten arren, artxiboak desklasifikatzen hasi direlako, dauden lekuko apurrek berba egiteari izandako beldurra gainditu dutelako, lurperatutako gorpuak aurkitu eta deshobiratu egiten direlako, gaia sakonki ikertzeko dinamikak sortu direlako eta gizartean gaia lantzeko premia nabari delako.
Egiaren bilaketa honek gerra eta ondorengo diktadura frankistak eragindako errepresio, beldur, zigor, heriotza, isun, erbesteratze, baztertze eta abarren berri ematen digu; konfliktoak eragindako biktimen berri ematen digu. Aitortzarik jaso ez duten biktimak, justizia ezagutu ez dutenak, erreparaziorik izan ez dutenak, ahanzturara kondenatuak izan diren biktimak. Egia ezagutzeko eskubidea dugu eta behin egia ezagututa jendarteak memoria ziurtatzearen betebeharra du, biktimak memoriaren eskubidea dutelako.
Giza eskubideen ikuspegitik biktima izaera ezin da galtzaile eta irabazleen eskematik aztertu, guztiak dira biktima eta eskubide berdinak dituzte batzuk zein besteak. 1936ko gerran galtzaile suertatutako biktimak zigorra, mespretxatua, umilazioa eta era guztietako kalteak pairatu zituzten. Irabazleek hamarkadetan errepresioari etenik eman gabe jarraitu zuten bitartean, haien aldeko biktimak goraipamena, errekonozimendua eta erreparazioa izan zuten. Ezagunak zaizkigu eliza atarietan jarritako plakak “caidos por Dios y por la Patria”, emandako indemnizazioak, negozio eta jabegoen eskualdaketak, galtzaileei ezarritako isunak eta hauen bitartez ordaindutako kalteak,… eta abar.
Egiaren bilaketan izan dugun aurkikuntza edo emaitza desberdinen artean, oraintsu jakin dugu 1936ko gerra zibilaren garaileek Erreparazioaren kudeaketan egindako ekimen adierazgarri bat, artikulu honen bitartez jendartera zabaldu nahi duguna.
1936. urtean hasitako gerra zibileko garaileak hirugarren gerra karlistako galtzaile suertatutakoak izan baziren, gerra hori bukatu eta 62 urte beranduago, 1938ko martxoaren 12an, Francok bizirik ziren hemeretzigarren mendeko azken gerrako beterano karlistei bere ejertzitoko “Teniente Honorario” izendapena lortzeko aukera zabaltzen zien lege bat izenpetu zuen, erabaki hau gerra betean etorri zen, gerra bukatzeko urtebete baino gehiago falta zenean.
Baina gerra bukatu bezain laster, 1939ko abuztuko 18an, Bizkaiko Aldundiko aginte organoak, tartean Jose Luis Gaytan de Ayala markinarra zegoen, hartutako erabaki baten arabera 1876an bukatutako gerrako karlista beteranoei eguneko pezeta bateko pentsioa ezarri zien, 1941eko urtarrilaren batetik aurrera eguneko lau pezetakoa izango zena. Pentsio hori lortzeko “Teniente Honorario” izendapena izatea nahikoa bezain derrigorrezkoa zen.
Eta erreparaziotzat har dezakegun pentsio hau gutxi balitz, 1942ko martxoaren 14an Francok erabakitako beste lege batek urteroko 6000 pezetako ordainsaria eskaini zien Teniente Honorario izendapena zuten beterano karlistei eta 1926ko “Estatuto de Clases Pasivas” legeak agintzen zien oinordekoei.
7 hamarkada aurretik galtzaile izandakoei frankismoak egindako aitortza eta erreparazioa, bukatu barri zen gerra zibileko galtzaileei eragindako kalte eta errepresioaren kontura ordaindutako saria.
Egiaren ezagutzak duen garrantziagatik eta egiaren ezagutza helburu eta bidea direlakotan, gaurkoan gai hau azaldu nahi izan dugu.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.