Hildakoak-zaurituak
Kalamuan desagertutako osaben bidean ahaztuen oroimena Galiziatik
Duela pare bat hilabete, ustekabeko dei bat jaso genuen. Galiziar familia bat, Markina-Xemeingo kaleetan zebilen hilerriaren bila edo-eta gerra zibilaren inguruko bertoko liburuak erosteko liburudenda baten bila. Eguerdi eguerdian herritar baten laguntzaz Ahaztuen Oroimeneko kideokin harremanetan jarri ziren. Telefono deia: Kalamuan hildako eta desagertutako osaba biren bila zebilen Galiziar familia bat zegoen Markinan, kalean, “zerbaiten” bila. Bazkalorduko mahaitik jeiki eta bat egin genuen ziztu bizian.
Ustekabea sinestezina zen, egoera bitxia eta zorionekoa. Poza nabarmentzen zen, bai familiako kideen artean eta bertan ginenon artean.
Aguete Lino neba arrebak Marinen jaio ziren, Pontevedran, arrantzale giroko herritxoan. Manuel eta Antonio anaiak II. Errepublika garaian Euskal Herrira abiatu ziren lanera. Manuel, Bilboko portuko Hercules alturako itsasontzian ibili zen lanean. Antonio berriz, Pasaian, bizilekua Errenterian zuelarik.
Gerra zibilak eztanda egin zuenean, Manuel eta Antonio Aguetek, Celta batailoi anarkistan borrokatu zuten eta ordutik ez dago beraien berririk. Artxiboen arabera, jasotako dokumentazioaren arabera, 1936ko abenduaren 26an hil ziren, baina bakarrik Manuel Aguete Linoren berri ematen dute agiriek. Manuel, Max inguruan borrokan hil zenean, Celta batailoi anarkistako bigarren konpainiako tenientea zen. Antonioren berri Serafin Dopazo Agueteren bidez jaso ahal izan dugu, eta datu gutxiago badira ere, CNT ren ingurura batu ziren galiziar jatorriko itsasgizonez eratutako Celta batailoian borrokatuko zuen, San Esteban eguneko borrokaldian.
Gaurko egunez, 1936an, San Esteban eguneko borroka, ezaguna da herritarren memorian. 1936ko abenduaren 26an borrokaldi gogorra izan zen Max inguruetan. Kalamuako tontorrean zeuden faxisen aurka jardun baizuten miliziano eta gudariek.
Celta batailoi anarkista Maxeko posizioetan kokatuta zegoela hil ziren Antonio Aguete Lino eta Manuel Aguete Lino.
Urteak isiltasunean igaro behar izan dituzte beraien arrebek. Etxekoek ez zituzten gabonak ospatzen; zer zuten ba ospatzeko zorigaiztoko data honetan? Manuel eta Antonioren arrebek, ez zieten ezer kontatu beraien semeei, eta orain ulertu dute guztia, orain badakite zergatik ez ziren existitzen ospakizunak gabonetan Aguetetarrenean.
Hil ziren hiru arrebak ere. Buru gaixotasuna gehitu zitzaion Consueloren zahartzaroari; bapatean borrokan hildako bere bi nebez hitz egiten hasi zen. Ilobek, orduan, azken arrebaren azkenetan jaso zuten hildako osaba bien heriotza eta haien memoria leuna.
Memoria hori, orain, Serafin Dopazo Aguetek bere osabei gertatutakoa argitu eta beraien ibilbidea ezagutzeko lekukoa hartu du, Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearekin batera, ilusio handiz aurrera eramango duguna.
Martzel Garitagoitia Arriaga, Ongarain zegoela (Ermuan) hegazkinak lurra jo zuenekoa
Mallabiako Geria auzoko Goikoetxe baserrikoa da Martzel, bertan jaio zen eta bizitzaren amaierak bertan harrapatzea nahi du.
Garai batean, bere familia bezain kuttun eta maitea izan zuen Ongarai baserriko familia, izan ere, Ermuako etxe honetan jardun zuen morroi, gerra garai bete betetan
Baserri handia zen Ongarai, eremuz zabala eta lanaldi bukaezinekoa. Ortuari, fruitu, esne eta abarren ekoizpen eta salmentan murgildu ziren Ongarain, frenteak behar zituenak hornitzen.
Egonkortuta zegoen gerra lerroa, frentea, egun batetik bestera hautsi zen, (1937 apirila), faxista, moro eta erreketeak aurrera egin ahala izua, beldurra eta zalantza nagusituz joan ziren.
Ongarai baserrikoek ezkutatzea erabaki zuten, baserrian morroi gaztea bakarrik utziz. Martzel, bera bakarrik, Ongarain, gerra betean, estualdia pasatu eta gerra lerroa edo frentea zeharkatu eta Gereagako (Geria) jaiotetxera joatea erabaki zuen.
Trabakuan zehar egin zuen topo frankisten erasoaren abanguardiarekin, Gernika bonbardatu zuten egunean, 1936ko apirilaren 26an, Martzelek 15 urte bete zituen egun berean. Moroak ziren aurrean eta haien esku erori zen, ia ia, bertan hil zuten.
Ofizialaren aginduei esker, heriotzetik libre, gidari lanak egitera behartu zuten, eta Trabakuatik, errepublikaren defendatzaileek faxistei jaurtitako tiro artean, Goikoetxera gidatu behar izan zituen faxistak.

Egun batzuetara, Ongaraira itzuli zen Martzel, baserri lanetara. Artotzan lanean zegoela, alemaniarren gerra hegazkin baten larrialdiko lurreratzea suertatu zitzaion pare parean, ustez tiro batez depositua zulatu zioten hegazkin faxista alemaniarrak Ermuako egungo hilerria eta Mallabiako Artamendi arteko eremuan lur hartu behar izan zuen. Bertara hurbildu ziren Marzel eta Ongaraiko ugazaba eta orduan Aizto haundi batez atera zen hegazkinetik pilotua, beldurrez, baina nolabait elkar ulertzea lortu eta piltotuari lagundu behar izan zioten, hegazkina idiekin jeitsiz. Gero, Berrizen, faxisten beste bi motoredun hegazkin bonba jaurtitzaile bat ikusi ahal izan zuten, hura ere hautsia.

Estuazunak ez ziren bukatu Martzelentzat, ezbeharrik handiena, gogorrena, gerra lerroa aurrera joan eta gerora suertatu zitzaien. Jaiotetxe inguruan esku bonba bat aurkitu zuen bere arreba Tomasak. Hura manipulatzen saiatu ziren, eta lehen saiakeran eztandarik egin ez bazuen ere, Tomasak esku bonba hartu zuen berriro, eta orduan bai jaurti zuenean eztanda egin zuen. Eztandaren ondorioz, zati batek sabel aldean jo zuen Tomasa, zauritxo bat eraginez. Etxekoak medikuaren bila joan arren, goizalde hartan hil zen Tomasa Garitagoitia, etxeko arreba txikia, 7 urterekin.
Albertiako borroka gogoan, CNT, UGT eta EAE-ANVko brigada internazionalistari omenaldia
Gaur, Leguntio inguruko Albertia mendian izan gara Eusko Ekintza Fundazioak ANV-EAEko gudariei egindako omenaldian.
Aurtengo ekitaldietan, ANV-EAEko gudarien borroka eta borroka horretan hildakoei gorazarre egiteaz gain, bereziki 1937an Asturiasko Areces eta Pando herrietan borrokatu zuten gudarien borrokaren izaera internazionalista azpimarratu nahi izan da, ezker abertzalearen historian egindako ekarpen internazionalistarik handiena hain zuzen.
Ekitaldian Areces eta Panbon borrokatutakoen omenezko plaka bat jartzeaz gain, anaiartze sinboliko bat irudikatuz, Asturiasko
eremu horietako lurra zabaldu da Albertiako gailurrean. CNT eta UGTko milizianoak EAE-ANVkoekin batera brigada internazionalista honen partaide izan ziren.
Baina gaurko ekitaldi hau oso berezia izanda guretzako, Ahaztuen Oroimena Elkartearentzako. Ekitaldi honetan 1936ko abenduaren 2an Albertian bertan desagertutako Lazaro Barrenetxearen familiarekin hartu dugu parte, Lazaro eta bere borroka kideak omentzerakoan, duela 78 urte jasandako galera tamalgarri honen aurrean,
familiak agertutako sentiberatasun eta duintasunak unkitu gaitu. Ahobetez esan genezake «Inoiz ez zuten amorerik eman».
Zumetako hobian, lanak aurrera doaz
Aurreko astean, lehen prospekzio lanek ez zuten esperotako emaitzik eman. Aranzadiko taldea Zumeta baserriko lurretan izan zen egun guztian; lehen bizi esku tresnekin hobia ireki arren, makinaria handiagoen beharra izan zuten aurrera jarraitzeko.
Horretarako prestatutako txakur baten laguntza ere erabili zuten oraingoan. Hala ere, lana bertan bera utzi behar izan zuten eta aste honetan jarraituko dute.
Eskerrik beroenak lan hauetarako ezinbesteko laguntza eman duten guztiei, eta nola ez Aranzadiko kideei eta Antonio Garagarza Zumetakoari.
Hobi horretan lur emandako borrokalaria 1936ko irailaren azken asteetan eta batez ere 1936ko iraialaren 21etik 25era izandako borrokaldien ondorioz hil zela uste da; zehatzago, kanoikada baten ondorioz.
- ← Anterior
- 1
- 2
- 3
- 4
- …
- 6
- Siguiente →
Oroimenak sustrai sakonak ditu, eta denbora iragan arren, 80 urte igaro arren, herritarren memoriari esker, egia azaleratu ohi da. Ez errepresioak ez diktadura luzeak ez zuen lortu mendian hobietan lurperatutako gudariak baztertuta ahazturan galtzea.












Urriaren 20an eta hurrengo asteko 29an Aranzadi zientzia elkartekoek gogor jardun zuten Zumeta baserriko lurretan (San Migelen) hobia lokalizatzeko prospekzio lanetan.
Kainoika batek, Belartondo ingurua jo zuen, 1936ko irailaren 21-24 artean; bertan harrapatu zuen miliziano hau. Ondorengo egunak nahasiak eta zailak izan ziren: Faxistek, errepidez, zein mendiz mendi eraso zuten. San Migel gaina hartu zuten, Morkaiko eta Ziardamendiko gertaerekin.