Hiru gudari Zelaiteburuko hobian, duintasunez, demokrazia eta askatasunaren aldeko borrokalariak
Oroimenak sustrai sakonak ditu, eta denbora iragan arren, 80 urte igaro arren, herritarren memoriari esker, egia azaleratu ohi da. Ez errepresioak ez diktadura luzeak ez zuen lortu mendian hobietan lurperatutako gudariak baztertuta ahazturan galtzea.



Joan den martxoaren 5ean, Zelaietaburu (Etxebarria) egindako exhumazioan gudari baten gorpuzkinak berreskuratzea lortu zen. Orain, bere aldamenean beste bi pertsonaren gorpuzkinak aurkitu dira.
Zelaietaburun erresistentzia gunea antolatu zuten gudariek. Muino hau, 1936ko irailaren azken egunetan altxamenduarekin bat egindako indar faxisten aurkakoen borrokarako gunea izan zen. Bertatik saiatu ziren aurre egiten, etsaiak inguruok hartzea ekidin asmoz.
Zelaietaburutik ikus zezaketen nola beraien kideak erortzen ziren Belarretan, Ziardamendin, San Migelen (Aiastia), Morkaikon edo Lapion eta Urkaregin. Udaran, Gipuzkoa ekialdetik mendebaldera okupatzea lortu zuten gisan, Bizkaiko mugara iristen ari ziren golpea eman zuten militarren aldeko indar frankistak.
1936ko irailaren 25ean iritsi ziren tropa frankistak San Migelera (Aiastia) Elgoibar okupatu ondoren eta handik hiru egunera sartuko ziren Zelaietaburu eta Urkaregiko mendatearen gainean. 1936ko irailaren 29rako Bizkaiko muga zapaltzea lortu zuten; hala ere, borrokan jarraitu zuten miliziano eta gudariek eta urriaren 4ra arte behintzat jarraitu zuten tiro hots eta artilleria soinuek. 1936ko urriaren 4an gerra lerroa, frontea, egonkortu zen eta fronteko posizioek egonkor iraun zuen arik eta 1937ko apirilaren 25ean ebakuazio agindua eman eta demokraziaren aldeko borrokalariek erretaguardiako posizioak indartzera erretiratu ziren arte.


Testigantzen bidez jaso ahal izan dugu gertatutakoa. Bi familietako neba arrebek, honen berri izan dute etxean. Batetik, umetatik entzun eta ikusitakoa Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari San Martin neba arreben kasuan. Pilar, atzo bigarren eta hirugarren gudarien gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanetan egon zen, eskaini zitzaien omenaldian parte hartuz.
Beraien aitak kontatutakoa entzun zuten Ignazio eta Santi Retolaza anaiek. Ignaziori kontatu zion behin aitak, Iruiturritk behera zetozela, «han harikaitz haietan hiru hildako ikusi nituen» .

Haien testigantzak beharrezkoak izan dira Ahaztuen Oroimenarentzat, ikerketa abiatu eta hiru gudarien gorpuzkinak berreskuratzeko.
Hiru gudariak lurperatuta aurkitzen diren lubakia 1936ko irailaren azken egunetan egindakoa bada ere, hobi bezala 1937ko apirilean erabili zutela uste da. Alegia, hiru gudariak borrokaldi hauetako batean hildakoak edo atxilotu eta ondoren fusilatutakoak lirateke, beraien kideek 1936ko irailean egin eta erabilitako lubakian frankistek lurperatuak.
Kontuan hartu behar dugu, garai horretan, 1937ko apirilean, bigarren hamabostaldian, zenbait borroka izan zirela “Markinako sektorea” deiturikoan; demokrazia eta askatasunaren alde borrokan azken unera arte eutsi zioten. Molak 1937k martxoaren azkenetan Bizkaiari errenditu zedin ohartarazi arren, gudari eta milizianoek borrokatzea erabaki zuten eta 1937ko apirilaren 19-24 tarteko egunetan azken ofentsiba burutu zuten. Ordurako baina, frankistak ondo antolatuta zeuden, tartean egun batzuk lehenago iritsitako italiar soldaduekin osatutako Flechas Negras Brigada misto faxista Urkaregiko gainaren iguruetan zen. Borrokaldi hartan, Euskitze Aiste inguruetatik zehar, Garro etxeetatik gora, Kortatxiki inguruetara arte, Zelaietaburu ondora arte sartzea lortu zuten.
Atzo, bi gudarien gorpuzkinak berreskuratu ahal izan ziren. Gorpuzkinak oso egoera txarrean bazeuden ere Aranzadiko kideek haiek aztertuko dituzte orain. Desobiraketa hauetan aurkitutako objetuen artean, lehenengo gudariak txanpon bat zeukan eta hortz ordeak. Bigarren gudariak, urrezko hortzak eta bi hortzetako eskubila zituen, horrez gain, gerrikoaren zatiak ere agertu ziren.
Bertaratutako jende guztiarekin batera, hiru gudari hauei eta inguru hauetan zein gainontzeko fronteetan askatasuna eta demokraziaren alde borrokatu zuten guztiei omenaldi xume bat eskeini genien.
Bizi osoan gertaera hauen zama eraman dutenek, lekukoek atzo arnasa hartu zuten, beraien memorian txertatutakoa zer zen jakin ahal izan zuten, eta Santik esan bezala, zeregina bukatutzat eman zuten. Orain, zientzilarien lanak jarraituko du, gorpuzkinak laborategian aztertuz atera daitezkeen emaitzen esperoan. Ahaztuen Oroimena elkarteko kideoi, poz handia emango liguke, eta garrantsitsua era berean, gizarte justuago baten alde borrokatu zuten hiru gurdari hauek, beraien etxera bueltan eramateko aukera izango bagenu. Desagertutzat eman zituzten hiru etxeetako senideekin elkartu asmoz.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Frentea-posizioak, Hildakoak-zaurituak, Orokorra, Testigantzak y etiquetada como 1936, ahaztuen oroimena, Aranzadi, etxebarria, Frentea-posizioak, fusilatuak, gerra zibila, justizia, memoria, Miliciano, mola generala hegazkinak gerra zibila ahaztuen orimena, san migel, testigantzak.