Maria Txurruka Etxaniz

Posted on Actualizado enn

 

Maria Txurruka Etxaniz (Amilagarai Goikoa)

Gerra etorri aurretik, lehen mugimenduak sumatu genituen. Gu, Alejandro Gaytanen (aitaren) errenteroak ginen, eta gorriak, Jose Luis Gaytanen (semearen) bila zebiltzan. Gurean izkutatuta egongo zelakoan etorri ziren, “ajentak” Manuel, Gandixakoa zen bata, eta baita etxea goitik behera miatu ere. Gure tio Inazio, izugarria zen, eta konfiantzan (ezagutzen zituelako etorri zirenak)  esan zien “etorri adi hona, hemen jaukat eta opien”. Baina gurean ez zen izkutatu Gaytan.

Gerra 1937ko urriaren 7an etorri zen gurera, Atsoin Zabal ingurutik. Ardiei begira egoten ginen moduan begira geratu ginen, gure solo nagusitik, jendea, soldaduak nola joan ziren Mandiola Goikora, Amulategira eta inguru horretara. Izan ere, hor geratu zen frontea, zazpi hilabetean.

Gero, handik eta egun batzuetara, urriaren 20an Saturrarandik botatako granada batek jo zuen gure etxeko teilatu ertza, baina ez zuen eztanda egin. Eta biharamunean berriz, urriaren 21eko atakea, Akarregi-Egixarreko borrokaldia. Halako tiro hotsik eta halakorik. Gogoan dut, gurean ziren soldaduak, potzu handi batera etorrita zeuden, garbitasunera; Kapitain batek ikusi zituenean han zeudela sinistu ezinik,  “un palo, o un tiro” eman zien aukeratzeko, makilakadak hartu, eta zegokien postura bidali zituzten, Oruntze aldera. Gure etxean egoten ziren kapitainak eta alferezak eta horrek. Ez ginen konturatzen zer geratzen zen, maileztuan sartzen ziren balak, “ziz, zizzz” baina gu han. Gurera asko etortzen zen, Amillagarai Behekora berriz ez. Hara joaten ginen eta han egoten ginen, bertakoekin batera, koadrila galanta. Soldaduak etorri etxera eta zerbait nahi izaten zuten, haien ohiko janaritik aparte, bereziagoa, izebak, tortilak egiten zizkien eta soldaduek zilarrezko dirua ematen ziguten. Forru zuridun lurrezko pitxer bat,beteta, zider mordo bat eraman genuen Zinuara alde egin genuenean. Erderaz egiten zuten, eta gogoratzen naiz, soldaduek “Oye Maria, ¿Como se dice gallina?, eta nik “ollue”, ta berriro “¿Como se llama…”.

Urriaren 19an atxilotu zuten Don Jose Sagarna. Gure etxean. Harekin batera, gure aita, Patxi eta tio. Denak eraman zituzten eta guk ez genekien biharamunean Amultegin hil zutena, hiruretatik nor zen. Abadea hil zutela jakin genuen gero, eta aita eta tioren barri berriz, ez genuen jakin, harik eta 1937ko apirilean, frontea aurreratu zenean, aita Elgoibarko Mokoroa baserrian egon zela eta tio Ondarretan preso egon zela jakin arte.

Atxilotu zituztenean, aita (Francisco Txurruka)  eta tio (Jose Ignacio Etxaniz), Elgoibarrerantz eraman zituzten. Bidean, “Mokoroa”-k ikusi eta aita ezagutu zuen (harri jasotzen laguntzen ibiltzen zen aita, Pedro Mari Txurruka “Aritza”ri eta handik ezagutzen ziren elkar) “hik ze eitxek hemen” esan zion, eta har hartu zuen Mokoroan, etxeko lanetarako erretenituz.

Guk ez genekien oraindik, nor zen Amulategin hil zutena. Jose Sagarna hil zutenean, Amulategin behera, baso handian barrena, angarilan eraman zuten, bidegurutze batean, soldaduek ez zekiten eskuinerantz joan behar zuten Larruskainera joateko bidea hartuz, edo ezkerrera, gure etxerantz zihoan bidea hartu, ez zuten ezagutzen eta ez zekiten lurperatzera nora eraman behar zuten. Bidegurutze horretan, lurrean utzi zuten Don Joseren gorpua eta odol putzua egin zen. Nik, gure etxe aurreko tontortxoa pasatu eta odola ikusi nuen,  gogoan daukat hori, eta beldurtuta kontatu nuen etxean; orduan ez genekien nor hil zuten, guretik eraman zituzten hiru pertsonetatik, ez genekien nor hil zuten. Nik 10 urte baino ez nituen. Gero, Azpeitiar bat etorri zen etxera, erreketea, eta hark konatu zigun zer gertatu zen Amulategin, baina ez nor hil zuten.

Jose Sagarna abadea, Larruskainera destinatu zuten gerra aurretik eta 1936 Berritxura. 24 urte zituen, gaztea eta ederra zen. Larruskain Goikoan egoten zan, bizi zen. Frontearen mugimenduekin,  Madalena eta Pertiketik (nazionalen frontea zegoen han) handik zehar ibili zan eta gero gurera etorri zen. Fronte batetik bestera ibili zelako, zitazioa iritsi zitzaion, gurean zegoela. Gurean egin zuen azken gaua Jose Sagarnak, neba zenaren logelan, bi ohe zeuden eta han egin zuten lo, biek batera. Biharamunean atxilotu, gure tioren zapata zintakin eskuak lotu eta begiak estalita eraman zuten Mandiola Goikora. Lurperatu eta kurutzea egiteko ere, soka haiekin lotu zituzten egurrak. Han, asto kortan utzi zuten; Periko Lejardik “Rubio Mandiolak”, manta arrosa bat utzi zion eta hil zutenean ere, manta harekin batuta jeitsi zuten, Larruskainera; pentsa nola dudan gogoan.

Amulategin hil zutenean, Larruskainera begira hiltzeko eskatu omen zuen; hori Amulategiko Maria Inesik kontatuta dakit. Abadea hil eta biharamuenan etorri zitzaion bere heriotza agindu zuen komandanteari heriotza. Mandiola Goiko eskatzean bonba sartu eta Urkaregira orduko, hil zen.  Molina Komandante hori hil ondoren, Cortazar kapitaina etorri zen, baina hori ezberdina zen.

Bildurgarria zen. Gurean, ama zena eta izeba ezkongabea, eta 4 neba arreba ginen. Beldurra ematen zien amari eta izebari soldadu haiek, eta horregatik, gauetan, gurera etortzen zen lotara  Amillagari Beheko semea, laguntzera, Juan LIzundia zuen izena. Baina hau guztia, 1936ko urritik gabonak arte izan zen.

Guk orduan, ezin genuen gehiago etxean egon. Ebakuatu, alde egin genuen. Zinuara (Olatzera), aitaren jaiotetxera. 1936ko gabonetatik 1937ko apirilera egon ginen han.  Arnoatetik zehar.

Gero bueltan, solo guztia zapalduta utzi zuten, han ezin zen ezer erein. Poteronekotik ekartzen genuen aste osorako ogia. Egixarre ingurutik pasatzean, 12 urte nituen nik, hildako soldaduak, kasko eta guzti han, ikusita nago. Izan ere, lehen esan dudan atakean, 1936ko urriaren 21ean aurrez aurre borroka egitera iritsi ziren. Egixarretik Oruntzezabal bitartean jarrita zeukaten alanbre hesira arte iritsi ziren borrokan eta batak besteari puñala sartzeraino. Gure etxea apurtuta utzi zuten. Tabike denak botata, lo egiteko lekua behar zutelako, solairu guztietan, baita ganbara ere. Etxea barik barrakoia zirudien.

Hemen, fronte bete betean egotea egokitu zitzaigunoi, gaizki pasatu genuen, benetan gorriak pasatu genituen. Hondamendia izan zen hura. Gaur ere, oraindik, gauza honek kontatzerakoan, odola berotzen zait. Itzela izan zen, lezio ederra eman ziguten!

 

Deja un comentario

Este sitio utiliza Akismet para reducir el spam. Conoce cómo se procesan los datos de tus comentarios.