ahaztuen oroimena

Eugenia Agirreamalloa Kaltzakorta

Posted on

Eugenia Agirreamalloa, Espilla Baserrian (Barinaga) jaio zen,1930ean; hamaika neba arreben artean seigarrena.

Espilla baserria, frentetik oso gertu zegoen eta miliziano eta gudariak etxean izan zituzten. Orduan ezagutu zituzten etxekoek lehenengoz lentejak, gudariek ekartzen baitzuten. Frenteko posizioetarako ekartzen zuten janaria etxekoekin elkarbanatzen zuten; horrela geroko frankismo garaian ezartitako errazionamenduaren aldean janari asko izan zuten, tartean hain preziatu bihurtu zen ogia.

P1060412_10Etxean egon ziren lehen mugimenduak hasi zirenetik eta erreketeak sartu arte, 1936ko irailetik 1937ko apirila bitartean.

Barinaga auzoko gertaerak ahoz aho zabaltzen ziren garai haretan ere, eta Ramon Zuazo Illaispe baserrian morro zegoela, faxisten aldera jendea pasatzeko sarearekin izandako gora beherak jaso zituen, baita nola Francisco Baskaran zinegotzi tradizionalista auzi berdinagatik kartzelaratu eta kartzelan nola hil zuten.

7 hilabeteren ondoren, miliziano eta gudariak ohartu gabe erretiratu ziren, eta hurrengo egunean erreketek sartu ziren bide betean Espillan behera.

Eguneroko gerrako gora beherak gertutik bizi izan zituen: kainoikadak etxe ondora arte, hegazkinak, Gernikako bonbardaketara zihoazen hegazkinak…

Etxeko mutilei ez zitzaien frentera joatea egokitu, aldiz, aita eraman zuten gurdiarekin frenteko lanetara.

Frentea hautsi eta hilabete ingurura, lehenengoz bueltatu zenean Arantzamendi ingurura lurperatugabeko gudari baten gorpua ikusteak harritu zuen. Gainera, esku bonbaz mordoa zegoen posizioen inguuruan, gerora, pilatu egin zituzten, inguruko lur sail batean.

Antonio Izaguirre Perón, Avellaneda Bataioliko gudaria (Akarregin)

Posted on Actualizado enn


Antonio Izaguirre Perón, Gueñesen zegoela Eusko Jaurlaritzak 34ko kintoak deitu zuen frentera borrokatzera. Ordurako bere anaia nagusia boluntario gisa lehen unetik lehen lerroan zen eta Antoniok ere bide bera hartu zuen. Gueñesko udalean elkartu eta Avellaneda batailoia sortu zuten, bere 4 konpainiekin.
Orduan hasi zen bere ibilbidea, eta 1936ko azaroan, Akarregi izan zuen bere lehen destinoa. Markinaldeko frentean izan zen udazken hartan, Enkarterrietako gaztez osatutako balailoiak, inguru hauek defendatu zituen. 4.konpainian borrrokatu zuen, Akarregiko inguruak defendatzen jardun zuen Larrea kapitain ausartarekin batera; enkarterrietako abertzale gazteak ziren.

1937ko urtarrilaren 13an, Arana Goiri batailoiko Gorbea konpainiak ordezkatu zituen Akarregin eta berriz Gueñesera bueltatu ziren.

Otxandio izan zuten hurrengo helmuga, han bizi izan zuen Antoniok gerrako unerik latzena. Martxoaren 31an, Marotoko borrokan, tropa faxistek izugarrizko erasoa burutu zuten, 56hegazkin italiarren lagutzarekin, 200 hildako inguru utzi zituen, 200 gudari gazte. Gaur egun ere, 100 urte bete berri eta gerra garaietatik 75 urte pasa bazaizkio ere, borrokaldi honetan pentsatzeak beldurra eta hotzikara sortzen dio.

Berriz Gueñesera erretiratzea egokitu zitzaien, eta frentea gero eta atzerako ezartzen ari ziren faxistek aurkakoak, hauek berriz gero eta aurrerago zetozen. Avellanedakoek, Jarintoko posizioak defendatu zituzten orduan, 1937ko apirilaren lehen astetan.

Ez zen etxeko bakarra izan faxisten aurka jardun zuena. Familia abertzalea zen, Batzokiarekin atxikimendua zuten gerra aurretan eta gerra hasi eta berehala anaia nagusia boluntario joan zen Eusko Jaurlaritzak kintadak frentera deitzen hasi baino lehen. Beste anai gaztea ere, kintadak jaso zuen, bera bezela. Halabaina, txikienari, frankistekin borrokatzea egokitu zitzaion; hiru anai batailoi abertzaleetan eta txikiena frankistek eramanda. Egoera hau bizi ezin eta sufrienduz hil omen zen beraien aita “aita guk hil genuen, gu guztiok gerran egoteak hil zuen, sufrimenduak”.

Gerra, gogorra egin zitzaion, eta ez du berriro horrelakorik nahi, “gerra sortzen duenak egin beza berak gerra!” kontatzen digu.

Baina ondorengoa ere gogorra izan zen, Bilboko Larrinagako kartzelan sartu zuten faxistek eta handik Iruñara eraman zuten.

Han, Ciudadela delakoan, boluntario joan zen anaiarekin batera deklaratu behar izan zuten. Floren anaia, boluntario izateagatik Batallon de Trabajadores-etara bidali zuten eta Antonio berriz Gasteizko Artilerriako kuartelera faxistekin borrokatzera behartua. Gerrak aurrera jarraitzen zuen, eta Antoniok Gasteizko Artilleriakoekin borrokatu behar izan zuen, miliziano eta antifaxisten aurka, Teruelen eta beste hainbat lekutan 1939ko San Pedroak arte.

Behin, gerra bukatu eta faxistek beraiekin egotera behartzea bukatutakoan berriro bueltatu zen Bizkaira. Cuadran ezkondu zen eta han bizi da egun, 100 urte bete berri, bizitzeko gogoz eta umore oso onez.

Julian Lejardi Quintana

Posted on Actualizado enn

Sin título2Julian Lejardi Quintana, Bixkerra baserrian jaio zen 1925ean. Neba arreben artean bigarrena da. Aita Laparrekoa zen eta ama Belausteikoa; Beheko Etxebarrira ezkondu ziren, gero Bixkerra erosi eta hara etorri ziren bertan bizitza eginez, Julian jaio orduko.
Gerra garaiak iritsi zirenean, zortzi hamar miliziano hartu behar izan zituzten Bixkerrean. Inguruko mendi gailurrak defendatzera etorri ziren boluntario, miliziano eta gudariek herriko ohiko mugimendua aldatu zuten: faxistei aurre egitera etorri ziren.
Amak, esnea eta taloa ematen zien jaten eta atarian egiten zuten lo, baserri txikia zen eta janaria neurrian zegoen, artorik ez eta zegoen apurra eman behar izaten zitzaien jaten.
Frentea estabilizatu zenean, eta tiro hotsak hasi Bixkerrera ere heltzen ziren balak eta Erreruareneko etxean babesten ziren; etxe handia zen Erreruana eta han babesten ziren. Bitartean, milizianoak zeuden etxean, luzaroan izan ziren han, errelebo gabe eta arriskupean.

Leer el resto de esta entrada »

Oroimena eta salaketa albiste

Posted on Actualizado enn

Azkunaren aurkako salaketa jarri dute, sinbolo frankistak ez kentzeagatik: (berria.info) eta Naiz

Bilboko alkate Iñaki Azkunaren kontrako salaketa jarri du Lau Haizetara Gogoan taldeak, Memoria Historikoaren Espainiako legea urratzea leporatuta. Bilbon dauden zenbait sinbolo frankista ken ditzan eskatzeko, alkatearekin biltzen saiatu ziren elkarteko ordezkariak 2011 eta 2012 urteetan, baina euren eskariek ez zuten erantzunik jaso. Hartara, epaitegietara jotzea ebatzi dute, eta gaur goizean erregistratu dute administrazioarekiko auzibidea.

Moiua Plazako Ogasun Ministerioaren egoitzan dagoen arranoa da sinbolorik ezagunenetakoa; Azkuna behin baino gehiagotan mintzatu da bertan uztearen alde, “kultur ondarea” delakoan. Horretaz gain, Rafael Sanchez Mazas Falangearen sortzaileetako bati eskainitako pasealekuari izena aldatzeko ere eskatu du elkarteak, baita hainbat eraikinetatik Etxebizitza Ministerio frankistaren plakak kentzeko ere.

Fusilatuen Senideen Elkarteak 206 gorpu aurkitu ditu Nafarroan, 2003tik (berria).

Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak 45 hobi aztertu ditu 2003. urtetik, Aranzadiko kideekin batera. Haietan 206 gorpu aurkitu dituzte, eta haietako 121 atera dituzte lur azpitik. 88 jada haien senitartekoen esku dira. Fusilatuen senideen elkarteko bozeramaile Joseba Ezeolazak eman ditu datuok gaur, Iruñean egindako agerraldian. Lanean jarraitzeko asmoa agertu du elkarteak, eta nabarmendu du 36ko gerrako fusilatuena “gizarte osoaren arazoa” dela. “Gizarteak egin behar dio aurre”, erantsi du, eta hobiak eta gorpuak bilatzen jarraitzeko lan horretan esku har dezatela eskatu die erakunde publikoei.

Nafarroako Parlamentuari, hain zuzen ere, eskaera zehatza egin die Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidente Olga Alcegak: “Presta eta onar dezala memoria historikoari buruzko legea, senideon aldarrikapenak kontuan hartuta”. Ezeolazak gaineratu du ezin dela onartu oraindik ere ehunka nafar desagertuta egotea. Hobiak aurkitu eta gorpuak lur azpitik ateratzeko lana ez dela erraza azaldu dute elkarteko kideek, eta erakunde publikoen parte hartzeak erraztuko lukeela gaineratu dute. Momentu honetan Urbasan dagoen hobi bat aztertzen ari dira fusilatuen senideak. “Hiru gorpu daudela badakigu”. Salamancan ere (Espainia), badute hobi bat bilatzeko asmoa. “Nafarren hobia erraten diote hango eremu bati; ustez Iruñetik eramandako presoak daude han fusilatuta eta lurperatuta”. Iruñeko espetxeko artxiboak aztertzeko zailtasunak salatu dituzte, eta zeregin horietan memoria historikoari buruzko lege bat izateak anitz lagunduko lukeela erantsi dute.

Ezkaban ere zailtasunak ugariak dira, Ezeolazak nabarmendu duenez. Hango hilerrian dauden gorpu guztiak identifikatu dituzte jada, baina lan hori zailagoa da gotorlekuaren inguruan fusilatutako presoen kasuan. “Hil zituzten tokian lurperatu zituzten; hobiak daudela badakigu, baina oso zaila da gorpu horiek identifikatzea”. Identifikatu gabeko fusilatuen gorpuentzat, hain zuzen ere, toki bat zehaztu dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari. “Iruñeko hilerrian bertan egon daiteke toki hori; edo Ezkabakoa fusilatu guztiak omentzeko hilerri bilaka dezakete”, proposatu du.

Dominga Kalzakorta Garagarza

Posted on Actualizado enn

p1290399_250Hiru dira Baltzola baserrietan gerra garaian bizi ziren familiak. Dominga Baltzola Behekoan jaio zen, 1924an, bizitza biko etxea zen; beste familia bat bizi zen Baltzola goikoan. Bi etxeak, hiru familiak Kalamupean.

Frontea ia etxeraino sartu zitzaien udazkenean. Lehen unean, babesten saiatu ziren, leihoetan koltxoiak jarriz baina pare bat hilabeteren buruan. Egun horietako batean, handik gertu eztanda egindako obuz zati batek jo zuen etxe aurrean eta bizkarrean erredura larriak eragin zizkion. Gurasoek, zauriak hala nola sendatu zioten eta denbora batera etxetik alde egin behar izan zuten.

Beraien bizitzako gaurik txarrena legez zuten gogoan Domingaren gurasoek. Ondorengo urteetan hala aitorzten zuten etxetik ihes egin behar izan zuten gau hura. Frankisten lerroan barrena sartu, eta Goikone ingurutik, Gipuzkoan sartu eta Bertoson bizi ziren senideengan aurkitu zuten babesa. Han baina, jende gehiago zegoen, eta amak, izebari laguntza eskatu eta Dominga Borrajen baserrian bizi zen izeba Pantxikek hartu zuen gerra hilabete haietan. Bertoson, osaba Txomin Kalzakorta bizi zen, jaiotzez Larruskaingoa; soroan lanean zegoela bonba eztandaren ondorioz hil zen.

Borrajenen, oroitzapen gozoak ditu Domingak, izeba Pantxikek asko lagundu zion, zuena eman zion, eta Domingak, izebaren umeak, hirukiak zaintzen lagundu zion. Garai horretan egin zuten (lehenago ez baitzegoen) San Pedrora joateko bidea, Domingak gogoan duen moduan. Bertan pasatutako denboran Kalamuatik gurdietan hildakoak jeisten ikusi zituen, egun hoietako batean, aurreko asteetan ezagututako Zaragoza Kapitain frankista hilda ikusi zuen.