Gernika 80 urtez: suntsitu, itzali ezin izan zuten argia
Elorrio, Durango, Eibar, Munitibar, Galdakao, Erandio, … eta txikizioa, 1937ko apirilaren 26an: Gernika.
7 hilabeteetan frontearen ertzetako herriak zein erretaguardiak bonbardatu ondoren, erresistentzia guneez gain, zibilen aurkako, parean zen ororen aurkako txikizioa abiatu zuten faxistek. Esperimentu basatien laborategi, Bizkaiko herriak.
Memoriak bizirik mantendu du eraitsitakoa. Memoriak eta ke arteko argitasunak lortu du herritarrek behar zuten erreparazioa Gernikan.
Duela 80 urte txikitu zuten unean Luis Ortiz Alfau Capitan Caseroko milizianoa bertan zegoen, bonbardaketa eta ondorengoa bertatik bertara bizi izan zuen.
Gaisoaldi baten ondoren, gaur berarekin tertulian jarduteko aukera izan dugu. Gernikako bonbardaketaren biktimak gogoan, faxismoaren hatzaparrek urratutakoa kontatzeko beharra mahai gaineratu digu gaur ere.
Munitibar, bonbardaketaren 80.urteurrena
80 urte dira. Hain ezezaguna izan ez arren, faxistek Gernikako suntsiketa ezaguna burutu egun berean, 80 urte, Munitibarren gertatutakoa. Baina bertako herritarrek urteetan kontatu dute etxeko sukaldeetan, gertuko lagunen artean eta transmisioak utzi du bere oroimena.
1937ko apirilaren 26an, Gerrikaitz eta Arbatzegi, Munitibar gaur egun, bonbardatu zituzten. Herritarren aurka eta herriaren aurka bidegabeki erasotzeaz gain, ihesean zihoazen zibil zein frontetik erretiradako agindua jaso zuten gudari eta milizianoei, airez, bonba eta metrailadorez eraso zieten.
Bide ertzean batzuk, zubipean beste batzuk, eta ahal zuten sabaipean beste batzuk.
Zibil zein gudari, haur zein emakume, zeruari adi, eraso hark hildakoak eta txikizioa bilatzen zuen. Egun guztiko egonezina, sufrimendua, negarra eta mina.
Gernika txigarretan artean, agintari edo gidaririk gabe, umezurtz, zaurituak ebakuatu eta ahal zuenak ondokoari lagundu baino ezin izan zuten egin; hurrengo egunetan hilotzak ahal zituzten lekuan hobiratuz.
Gertaera haien lekukoekin, zuzenean zaurituen esperientziarekin zein dokumentazio lanarekin hitzaldia antolatu dugu apirilaren 30ean. Testigantza emale batzuk bertan izango dira; agian zuk ere ekarpena egin dezakezu, etxean jasotakoaz, entzundakoaz…
80.urteurren ekitaldi hauek, Munitibarko udalarekin batera antolatu dira, eta hitzaldiaz gain, Zelaietaburuko (Etxebarria) erresistentzia eremua, memoria gunera eraldatze lanak jasotzen dituen argazki erakusketa ikusgai egongo da Munitibarren.

Franco hil ondorengo lehen deshobiraketa, beharbada.
1977ko udazkena. 40 urte lubakiz lubaki borrokan jardun zutenetik, hainbat kide aldamenean galdu zituztenetik, bizipen haietatik, haien memoriatik…
1977ko urriaren 2a zen, Legution. 1936ko neguko erasoaldian Urbina eta Legutio artean hildako Itxarkundia batailoiko gudariak omendu zituzten. Batailoi hartako komandantea izan zen Felipe Lizaso errenteriarra, eta berak sustatu eta gidatu zuen igande eguerdiko omenaldi hura, Lorenzo Izaguirre ametrailadoreetako tenientearekin batera. Omenaldian, Felipe Lizasoren iloba den Lierni Lizasok egin zuen lore eskaintza; eta Liernik berak eman digu haren lekukotza.
Jende asko elkartu zen Legutioko omenaldian. Baina ez zen horretara mugatu gudari eta agintari zaharren asmoa. Aste batzuetara, Legutioko urtegiaren ur maila baxua probestuz, Legutio eta Urrunaga elkartzen zituen bide zaharrean fusilatu eta lurperatuta zeuden gudarien hezurrak bilatze lanetan aritu ziren. Ondo zekiten nun ziren haien kideak, eta deshobiratu ahal izan zituzten gudarien hezurrak Legutioko hilerri berriko horma-hobi zaharretako 50.ean jarri zituzten, kutxa batean.
Beharbada, hau litzake Franco hil ondoren, omenaldiarekin batera, aitortza eta erreparazioa helburu izandako lehen deshobiraketa. Izan ere, 1977ko urriaren biko omenaldi ekitaldian, gudariak hobiratutako lekuan, hilarri bat jarri zuten
hildako gudarien omenez, gaur egun, leku beraen, urbanizatutako eremuan dagoen hilarria.
Liernik, amaren aldeko senideen aldetik ere jaso zuen gerraren berri. Amak, Yolanda Urrutiak, Iturretako Andreu Goiko baserriko jatorria du eta aita eta osabak ere gerra, eta kartzela bertatik bertara ezagutu zuten. Gerra ostean berriz, gosetea eta sufrimendua gogorra izan zen guztientzat.
Familian memoria historikoarekiko duten sentsibilitateak gidatuta 2016ko apirilaren 17an Zelaietaburuko lubakiko bigarren eta hirugarren gudarien gorpuzkinak deshobiratzeko lanetara eta ondorengo omenaldira hurbildu ziren; bere lekukotzaren bitartez, Liernik bere egunean Legution egindakoaren ingurukoak azaltzen dizkigu, aitona (Felipe Lizaso) eta gudari haiek gogoan.
Erreparazioa, bermatu beharreko eskubidea
Edozein gatazketan, baina bereziki gerra batek,Ā kalte handiak sortzen dituzte, gerren ondorioak benetan gogorrak izaten dira. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak bigarren errepublika, 1936ko gerra zibila, frankismoa eta diktadura, ikertu eta jendartera zabaltzen ahalegintzen gara. Gerra zibilaren zergatia, nondik norakoak eta ondorioak ezagutzearen bitartez errelato oso bat, egia oso bat osatzea dugu helburu.
Artikulu honek lehen aipatutako gertaeretan baino lehenago izango du abiapuntua. 1872 urtean hasi zen hirugarren guda karlista, eta gerra honen bukaera 1876ko otsailaren 5an Abadianoko borrokarekin hasi bazen ere, karlismoaren azken gotorleku izandako āLapoblacionāeko gaztelua martxoaren 2an galtzean, liberalek guda horretako garaipena lortu zuten.
Hirugarren gerra karlista oso gogorra izan zen, ordurako artilleria erabat garatuta zegoen eta hildako zein kalte materialak handiak izan ziren, gainera arlo politikoan eragin nabarmena izan zuela esan genezake, tartean Euskal Foruak indargabetu baitziren. Behin guda bukatuta karlistekin borrokatu zuten militarrek, agintea hartu zutenen egitura militarrean txertatzeko aukera izan zuten; galtzaileek ez zuten aparteko jazarpenik jasan.Gerra ostean, nolabaiteko anaitasunean, etorkizunari aurre egiteko lanari aparteko errepresio eta mendekurik gabe ekin ziotela esan genezake.
Edozein gatazk kaltetu edo biktimakdakartza. Arrazoi desberdinengatik, batzuk konfliktoan murgildu direlako, beste batzuk konfliktoaren gatibu suertatu direlako, edo konfliktoa batzuen bizi eremuan suertatu delako; batzuk patuak bihurtu zituen biktima, mendeku egarriz eragindako biktimak ere izan ziren.
Guztiek dute biktima izaera berdina, eta guztiei dagokie sufrimenduaren aitortza eta errekonozimendua, jasandakoagatik guztiek dute justiziaren eskubidea, eta nola ez, guztiei dagokie erreparazio eskubidea.
Aitortza, errekonozimendua, justizia eta erreparazioa aipatu ditugu. Kontzeptu guzti hauek berriz ez gertatzeko bermea ziurtatu behar digute, baina eskubide hauek ahalbideratzeko ezinbestekoa da egia, gertatutakoaren egia ezagutzea. Esparru honetan dago memoria historikoaren lanketan gabiltzan elkarteen zeregin nagusiena, artxiboetan arakatu, testigantzak jaso, dokumentazioa ikertu, memoria guneak identifikatu,….
Hirugarren gerra karlista gertatu zenetik igarotako denborak ikerketarako margen gutxi uzten digu, baina 80 urte igaro diren arren 1936an hasitako guda zibilaren ikerketak fruitu ugari ematen ditu oraindik ere. Eta zergatik da posible hau? Garaileek beraien nagusikeria ezarri eta orrialdea pasatzeko asmoarekin arituz, egun azaleratzen hasi diren hainbat gertaera ezkutatu, eta ukatuaz gizartearen memoria bahitu izan zuten arren, artxiboak desklasifikatzen hasi direlako, dauden lekuko apurrek berba egiteari izandako beldurra gainditu dutelako, lurperatutako gorpuak aurkitu eta deshobiratu egiten direlako, gaia sakonki ikertzeko dinamikak sortu direlako eta gizartean gaia lantzeko premia nabari delako.
Egiaren bilaketa honek gerra eta ondorengo diktadura frankistak eragindako errepresio, beldur, zigor, heriotza, isun, erbesteratze, baztertze eta abarren berri ematen digu; konfliktoak eragindako biktimen berri ematen digu. Aitortzarik jaso ez duten biktimak, justizia ezagutu ez dutenak, erreparaziorik izan ez dutenak, ahanzturara kondenatuak izan diren biktimak. Egia ezagutzeko eskubidea dugu eta behin egia ezagututa jendarteak memoria ziurtatzearen betebeharra du, biktimak memoriaren eskubidea dutelako.
Giza eskubideen ikuspegitik biktima izaera ezin da galtzaile eta irabazleen eskematik aztertu, guztiak dira biktima eta eskubide berdinak dituzte batzuk zein besteak. 1936ko gerran galtzaile suertatutako biktimak zigorra, mespretxatua, umilazioa eta era guztietako kalteak pairatu zituzten. Irabazleek hamarkadetan errepresioari etenik eman gabe jarraitu zuten bitartean, haien aldeko biktimak goraipamena, errekonozimendua eta erreparazioa izan zuten. Ezagunak zaizkigu eliza atarietan jarritako plakak ācaidos por Dios y por la Patriaā, emandako indemnizazioak, negozio eta jabegoen eskualdaketak, galtzaileei ezarritako isunak eta hauen bitartez ordaindutako kalteak,⦠eta abar.
Egiaren bilaketan izan dugun aurkikuntza edo emaitza desberdinen artean, oraintsu jakin dugu 1936ko gerra zibilaren garaileek Erreparazioaren kudeaketan egindako ekimen adierazgarri bat, artikulu honen bitartez jendartera zabaldu nahi duguna.
1936. urtean hasitako gerra zibileko garaileak hirugarren gerra karlistako galtzaile suertatutakoak izan baziren, gerra hori bukatu eta 62 urte beranduago, 1938ko martxoaren 12an, Francok bizirik ziren hemeretzigarren mendeko azken gerrako beterano karlistei bere ejertzitoko āTeniente Honorarioā izendapena lortzeko aukera zabaltzen zien lege bat izenpetu zuen, erabaki hau gerra betean etorri zen, gerra bukatzeko urtebete baino gehiago falta zenean.
Baina gerra bukatu bezain laster, 1939ko abuztuko 18an, Bizkaiko Aldundiko aginte organoak, tartean Jose Luis Gaytan de Ayala markinarra zegoen, hartutako erabaki baten arabera 1876an bukatutako gerrako karlista beteranoei eguneko pezeta bateko pentsioa ezarri zien, 1941eko urtarrilaren batetik aurrera eguneko lau pezetakoa izango zena. Pentsio hori lortzeko āTeniente Honorarioā izendapena izatea nahikoa bezain derrigorrezkoa zen.
Eta erreparaziotzat har dezakegun pentsio hau gutxi balitz, 1942ko martxoaren 14an Francok erabakitako beste lege batek urteroko 6000 pezetako ordainsaria eskaini zien Teniente Honorario izendapena zuten beterano karlistei eta 1926ko āEstatuto de Clases Pasivasā legeak agintzen zien oinordekoei.
7 hamarkada aurretik galtzaile izandakoei frankismoak egindako aitortza eta erreparazioa, bukatu barri zen gerra zibileko galtzaileei eragindako kalte eta errepresioaren kontura ordaindutako saria.
Egiaren ezagutzak duen garrantziagatik eta egiaren ezagutza helburu eta bidea direlakotan, gaurkoan gai hau azaldu nahi izan dugu.
ADN bankuaren aurkezpena Gogoran
Gaur Gogoran (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) aurkezpen bilera izan dugu. Bertan, martxan jarriko den ADN banku-proiektua aurkeztu da memoria historikoa jorratzen duten elkarteei. Laster, 1936ko gerran senideren bat galdu dutenei ADN laginak jasoz ADN bankua osatuko da.
Orain arte, deshobiraketetako gorpuzkinen ADN laginak jaso dira; ADN bankua martxan jartzean, senide bat galdu dutenen (desagertuak, fusilatuak…) laginak jasoko dira.
- ← Anterior
- 1
- …
- 9
- 10
- 11
- …
- 36
- Siguiente →












