Orokorra
Francisco «Paco» Perez Lusarreta: ongizate eta jendarte justu baten defendatzaile, nazien aurka, lehen, zein orain

Erronkariko Jaurrieta jaioterritik bizitzako lehen urteak egin ondoren, Irunen bizi izan zen bere familiarekin. Hamabost urterekin, 1936ko matxinatuen gerrak, han harrapatu zituen.
Bere aita eta anai nagusia fronte ezberdinetara eraman zituzten eta Pacok, gogoan du haien itzulera eta gerra garaiko haien ibileren kontakizuna. Anaia, soldaduzkan zela, frankistekin eraman zuten, hark kontatu zion Oiartzunen, zein baserri inguruko posizioetatietan jardun zuen, eta nola sartu ziren, Agiñatik, Paco egun bizi den Berara. Anaia zauritu egin zen eta lehen borrokaldi haietan. Ospitalera bidean, errepublikazaleek bera eta beste bi errekete eta emakume bat atxilotu zituztenean, tartean ezagun bat izateak libratu zuen faxisten hatzaparretatik. Ordutik, mugimendu errepublikazalera batu zen aitarekin batera.
Frontearekin batera aurrera jarraitu zuten. Santanderko frontera arte. Gero baina, atxilotu eta kartzelan eman zituen bi urte terdi Bilbon, aitak eta Santoñan anaia. Askatu zituztenean elkartu ziren guztiak.
Irungo harrobian eta Hendaiako arma fabrika batean egin zuen lan, amak maisuki egindako azukre zaku ondokinezko jantziekin eta eskalapoiekin joaten zen lanera, duin.
Soldaduzka egokitzean, hango diziplina eta soldaduei krimenaren eta ankerkeriaren irakasle zirela ikusirik, erabateko desadostasunaz jabetuta, aparatu kriminal hartetik, baimen batean ihes egin zuen. Ez zen, soldaduzkara itzuli.

Zelatan zituztela jabetuta, muga zeharkatzea hobetsi zuen, han, Frantzian, pentsaera antzekoek antolatzen ari zirenaren jakitun. Pacok, EAE-ANV kide gisa izango zuen informazioa, eta abertzeleek Pauen antolatzen ari zirenarekin bat egin zuen bertan. Aquilino laguna eta biak joan ziren, furgonetan batean gordeta, izkutatuta.
Kepa Ordokirenkin (Irun, 1913 – Baiona, 1993) egin zuten bat Paben, gero haien komandantea izango zena Gernika Batailoian. Lagun arteko giroa, borrokarako gogo sutsua eta elkarri laguntzeko edo egin behar zena egiteko moduan gogoratzen ditu batailoi hartako lagun eta kideekin bizitako uneak. Latzak haietako asko. Bidean kide asko.
Point de Grave ko lurmuturreko borrokaldian ondo gotortuta gogoratzen ditu nazi alemanak. Fusil amtrailadore haietakoekin gotortuta, min handia egin arren, garaipen handia izan zen, gudari antifaxista abertzaleentzat.Gernika Batailoia, frantziar ejertzitoari atxikitako taldea izan zen, eta Pointe de Grave inguru horretan, 40 kota deituriko mendixkatik garaitu zituzten indar naziak, Soulac herritik, laku guzti haiek pasa eta aurrez aurreko borroka izan zuten.
Parisera eraman zituzten gero. Han, inoiz ikusitako armarik onenak eskuan, talde berezi bat prestatzen hasi ziren. Entrenamendu bereziak ziren, eta han entrenatu zituzten. Asmoa, azken asmoa, Franko eraisteko talde berezia sortzea izango zen. Frantziak atzera egitean baina, bertan behera geratu zen guztia.

Frankismoak gizartean ezarri zuen injustizia estrukturalaz jabetuta, behar zen guztietan, muga igarotzen zuen, etxekoei eta lagunei laguntzeko. Horrela, frankistak atzetik zituzten jendea mugatik igarotzen edo mezulari ere jardun zuen besteak beste. Honek, ondorio latzak ekarri zion, hain zuzen, atxilotu eta torturatu egin baitzuten, hamar egunez jarraian. Meliton Manzanasen galdeketa eta torturak barru barrutik bizi izan zituen, eta honek, deseginda utzi zuen.
Guzti hau, gogotsu kontatzen du Pacok. Beregana bisitan doazenenkin gustora. Bere bizipenak entzun eta aintzat hartzen duen oro estimuan hartuz. Bizitzan zehar egindakoaz harro, ezer baztertu gabe, bizitzarako izaera eta nortasun bizi, ekimentsua aldarrikatzen du, bere 96 urteekin.

No hay que arrinconar nada. Hay que estar con el espiritu vivo con lo que has hecho.
Francisco Perez Lusarreta
Argazki zaharrak berri
Biblioteca Nacional de Españak, Biblioteca Digital Hispánica-n 1936tik aurrerako gerrako 11000 argazki digitalizatu eta sarean eskuragai jarri ditu. Fronte desberdinetakoak dira, espainiako gerraren irudi zaharrak, baina baita, gerrak gure inguruetan utzitako uneak, argazki gehienak argitaratu gabeak dira.
Bizkaiko fronteko hainbat argazki daude, Gernikako bonbardaketaren ondorioak, matxinoak Bilboratz Bizkaian barrena (Zornotza, Galdakao…), Bilbon sartzen, errefuxiatuak, zaurituak, fronteetako posizioak, eta tartean gure eskualdeko argazkiak.
Lekeitioko Odol Ospitalaren egoitza izandako Uribarren (Zita enperatriza) jauregia hondatuta agertzen da hainbat argazkitan, Mendexako Karraspioko Oruen txaleta apurtuta, Marokoko umeak Falangeak antolatutako kanpamentuetan Zubietako jauregian eta Ondarroako zubi zaharra apurtuta edo Ondarruko zubiak, behin-behineko konponketekin.
Lea-Artibaikoak jarri ditugu eskuragarri galerian.
102 urte beteko zituen gaur Miguel Elordi berritxuarrak
Berritxun era bat errotuta bizi izan da Miguel. Baserritarra ogibidez, Gasturu baserrira eta herrira lotutako bizitza izan dute berak eta bere familiak. Aita EAE-ANVko zinegotzia izan zen errepublika garaiko Berriatuako udaletxean eta gerra ondorengo alkatea, 30 urtez.
Hogei urte zituen gerra gure inguruetara bete-betean etorri zenean eta Gasturu inguruan zuzeneko borrokarik bizi ez bazuen ere, laster pairatuko zuen bere bizitza osoko pasarterik gogorrenetarikoa.
Beharrezko adina izanik, aginduz, soldaduzkan zen Doroteo Elordi anaia. Istripu bat tarteko, etxean zegoen zauriak sendatzen. 1936ko urriaren 4ean gerra lerroak finkatu egin ziren, matxinoek Ondarroa eskuratu zuten eta, lerroen artean, Gasturu baserria matxinoen eremuan geratu. Egoera horretan bizimoduarekin jarraitzeko premia zutenez, goiz batean Doroteo eta biak Gasturuko basoetara joan ziren garbiketa lanak egitera.
Mendien babesean, arriskutik kanpo zirelakoan zeuden, baina Larruskaindik Ondarroarako biltegietara ura garraiatzeko hoditeria kaltetzeko asmoarekin errepublikazaleen hegazkin batek jaurtitako bonbek bete-betean harrapatu eta txikitu zuten Doroteo anaia, 1936ko urriaren 26an.
Laurogei urtetik gora pasatu badira ere, testigantza jasotzerakoan erabat unkitu zen Miguel.
Umorez betea, baina oroitzapenak gogoan, herriko hainbat gertaera eta gerraren ondorioz hildako berriatuarren inguruko zehaztasunak kontatu zizkigun; baita anaia hilda izan arren, Doroteoren kintada bukatu arte ezin izan zela libratu gerrara joatetik. Infanterian egin zuen gerra eta behin bere taldea inguratuta, preso hartu ondoren ausardiaz bete eta ordu batzuetara ihes egitea lortu zuela.
Berak testigantza gogoan hartzekoa delakoan, bideo honetan testigantza jasotzerakoan kontatutako pasarte batzuk aurkituko dituzue.
Inmakulada Bilbaoren Gernika
Pablo eta Juliana, Morgako (Bizkaia) Zabale eta Ubille baserrikoak ziren Inmakulada Bilbao Olean gurasoak. Hala ere, Gernikara joan ziren familia osatzera, bertan kokatu eta sei seme-alaba izan ondoren etorkizun oparoa izango zutelakoan zeuden.
1937ko apirilaren 26ko Gernikaren aurkako bonbardaketa eta anabasak hankaz gora jarri zituen familia honen proiektu eta itxaropenak. Etorkizuna bideratuta izatetik esku hutsik izaterako urratsak, lau ordu iraun zituen; maltzurkeria zital baten ondorioa izan zen.
Bat-batean etxerik gabe, jabegorik gabe, babesik gabe, izututa, baliabiderik gabe eta deserrira bultzatuak, erroak hautsita, nora ezean ziren.
Gerraren lehen lerrotik ihesi Muxikan (Bizkaia) hartu zuten babes. Handik, ahal izan zuten bezala Julianaren osaba baten Morgako Erroteta baserrira jo zuten. Bertan baina, gerrak, Bizkargiko borrokaldiak bizi eta pairatzera eraman zituzten.
Batetik, Bizkargin izandako borroken ondorioz bertako urak kutsatu eta Inmakuladaren bi ahizpak tifusaz gaixotu ziren. Bestetik berriz, borrokak bukatu eta egunetara, 1937ko maiatzaren 28an Bizkargin zentinela bezala ziarduen faxisten soldadu batek, Luciano Olea Mandaluniz (Julianaren aita), 71 urteko gizona, tiro batez hil zuen etxetik orturako bidean.
Familiak ez zuen aurrera egiteko aukerarik Morgan, ondorioz, Deriorako bidea hartu zuten. Pablok, Derio eta Zamudion kokatuta zegoen “Esperanza y Cia” arma lantegian lan egiteko aukera izan zuen. Bizitokirik ez zutenez Enpresako burua zen Castor Uriarteren koinatu baten (abadea) etxean egon ziren apopilo.
Jatorriz Markinan sortu zuten “Esperanza y Cia” arma fabrika eta gerra kontuak medio urte batzuk Txorierrin egin ondoren, lantegia berriro Markinara itzuli zenean Inmakuladaren familiak ere Markina-Xemeinerako bidea hartu zuen, bertan bizimodua eginez.
Baina Inmakuladak ezin ditu ahaztu bere sustraiak, ezin du ahaztu erroak zauritu zizkion bonbardaketan bizitakoa eta sarri gogoratzen bada ere, ezin omen du horretaz berbarik egin azaldatu gabe. Era berean, memoriak duen garrantzia sentimenduekin uztartuz hitz egiten du bere testigantzan; Inmakuladak pena baitu, bonbadaketan bizitakoaren ondoren bere memorian gordeta duena galtzen hasi baita; berarentzat ezinbestekoa baita memoria, ondorengoei gertatutakoa transmitutu ahal izateko.
Artikulu honetan bere testigantzaren zati txiki bat agertzen dugu, Inmakuladak bizi izandakoa agerian uzten duen pasarte gordina.
Haien omenez, gaur egungo balditzek ahalbidetzen dutelako
Legutioko gertaeren inguruan jardun genuen apirilean. Aurten, Legutioko udalak antolatutako memoria astean, herritarren aurrean aurkeztu ahal izan dugu esku artean bildu dugun dokumentazio lana.
Itxarkundia batailoiko hainbat kide (beste batzuen artean) hil ziren 1936ko azaroaren 30ean Legutio inguruetan hasitako ofentsiban.
Bertan lurperatu zituzten, Zabalain, Kurutzalden eta haietako batzuk deshobiratzea lortu zuten 1977 ko urrian, haien burkide zaharrek; Felipe Lizaso komandante ohia buru.
Legutioko hilerrian daude ordutik, kutxa batean, 50.horma hobian. Gaur egun, dauden baliabide eta aukerak egonik, gorpuzkin hoiek deshobiratu eta aztertzea eskatu, aurkeztu dugu. ADN laginak lortu eta identifikatzeko saiakera burutzeko.
Hemen eskuragarri uzten ditugu hitzaldi edo aurkezpenean erabilitako bideoak eta Legutioko udalean, Aranzadi Zientzia elkartean eta Gogoran aurkeztutako oinarrizko txostena.
Sevillan 1937ko presoen tren istripua: 80 urte Irineo «Katenero» zauritu zela
1936 gerrak izan zuen bilakaerak preso kopuru andana sortu zuen Bizkaiko frontearen erorketaren ostean. Faxistentzako arazo bihur zitekeena, aukera bezala bihurtu zuten kartzela sistemaren arduradunek.
Presoen sailkapenari ekin zioten:
-
Epaiketa zorrotzen bidez kartzelaratuak, non, horietako batzuk fusilatu egin zituzten.
- Beste batzuk nazionalen tropekin borrokatzera behartu zituzten.
-
Milaka preso, derrigorrezko lanak egitera behartuak izan ziren, frankismoak gerrarako behar zituen eraikin, fortifikazio, bide eta konponketak esklabu gisa egitera behartuz.
1937ko azaroaren erdialdean Bilboko kartzeletan espetxeratuta zeuden automobilgintzarekin zer ikusia zuten hainbat preso aukeratu eta merkataritza tren batetan sartu zituzten. Sevilla izango zen helmuga.
Gerraren eraginez kaltetutako ibilgailuak konpontzeko, frankistek, Sevillan antolatu zuten tailerretan derrigorrezko lanak egitera bideratzeko eginarazi nahi zieten bidai luze hura. 75 izan ziren frankistek preso egin eta bidai luze honenako trenaren bagoiak beteko zituzten Mekanikari, elektrikari, txapista, gidari… euskaldunak.
Sevillarako bidean jarri zituzten presoak. Espainiako bazter ezberdinetan zehar eta lekuan lekuko gerra fronte ezberdinak saihestuz, baldintza oso txarretan egin behar izan zuten bidai luze hura.
Tren hori baina, ez zen bere helmugara iritsi. 1937ko azaroaren 19an, 22:57etan Sevilla probintziako Alanis herriko tren geltokian gertatu zen ezbeharra.
Une horretan, herritxo hartako tren geltokian, hegaleko trenbidean, tresna militarrez beteta, konboi bat zegoen geldirik.
Presoak zeramatzan trenak, azken honen aurka egin zuen bete betean; istripuak, sekulako anabasa sortu zuen.
Gutxienez 57 preso hil ziren unean bertan eta 18 preso izan ziren bizirik atera ziren bakarrak; guztiak zaurituta. Zauritutako presoak, Sevillako ospitaletara eraman zituzten, hala ere, horietako batzuk zaurien eraginez, hil egin ziren.
Agintari frankistek izkutatu eta isildu egin zuten gertaera hau. Istripua ez zen erregistratua izan eta ezin izan da aurkitu orain arte, bere egunean egindako ikerketen dokumentaziorik.

Istripu honetan zauritutako horietako bat Iruzubietako “Katenero” etxeko Irineo Olabe Alkaiturri izan zen. Irineo, okina izateaz gain auto gidaria zen.
Gerra garaian ere gidari lanetan aritu zen Irineo; hain zuzen, gudarien arduradunak, ofizialak garraiatzea zen bere zeregina eta arrazoi hau izan zen Irineo Olabe zigortzeko zergatia.
Istripu honek bizitza osoan eragingo zion. Ezkerreko hanka elbarri, erren geratu zen harrezkero.
Gertaera honen 80.urtemuga beteko den egun berean, 2017ko azaroaren 19an, Uhagon Kultur Gunean “El Largo Viaje” dokumentala aurkeztuko dugu.
Istripuaren nondik norakoetan dokumentatutzeaz gain, bere zergatiak eta ondorioak argitu eta zehazteko egindako ikerketa lanak azaltzen ditu.

Dokumentala berez interesgarria izanik, Sabin Egileor zuzendaria eta ikerketen ardura izan duen Jimi Jimenez Aranzadiko historialaria azalpenak emateko prest izango dira bertan.
Memoriaren (tren)bidean galdu ezin dugun beste geltoki bat da dokumental hau, gure historia ezagutzearen helmugara iristeko aukera eder bat.
Zorionak Luis! 101!!
Atzo, Luisek, bere urtetetzea ospatzera gonbidatu gintuen. Han izan ginen, bere 101.urteurrenean. Bere gerra ibilerek, memoria historikoaren bideak, hainbat lagun berri egitera eraman dute miliziano zaharra. Bizitzaren uneez gozatu eta lagun artean, (Memoriaren Bideak, Kattin Txiki, Mauro Saravia, Jimi Jimenez…) beste urte bat ospatu nahi izan zuen atzokoan,
Eskerrik asko gonbidapenagatik, eta zorionak Luis!
- ← Anterior
- 1
- …
- 5
- 6
- 7
- …
- 24
- Siguiente →













