Eduardo Uribe Gallejones, UGTko milizianoa Markinan
Adinez nagusia bada ere, umorez nagusiago da Eduardo. 1918ko abuztuan jaio zen Trapagaranen eta egun Lamiakon bizi da; etxean jaso gaitu testigantza jasotzeko.
18urte baino ez zituen gerra kontuak entzun zituenean eta gaztetasunak eta errepublika defendatzeko beharrak boluntario aurkeztera eraman zuten. Juventud Socialistan elkartzen ziren lagun taldean eta hango kontuak zirela eta, giro sozialista batean hazi eta hezi zen.
1936ko Uztailaren 18ko gertaeren berri izan zuen Castrora zihoala Guardia Zibilaren kontrol batean eta bueltan, herrira itzultzean albistearen zurrumurru eta kontuak non nahi entzuten ziren. Eragile sindikal eta sozialak egindako deialdiari erantzunez, boluntario aurkeztu ziren lagunak eta Eduardo beraiekin batera joan zen. Erreketeei aurre egin behar zitzaien.
Deustuko unibertsitatean elkartu zituzten boluntario sozialistak, 1936ko irailaren 25ean, Bilbo bonbardatu zuten lehenengo egunean han zeuden. Deustun bertan, futbol zelaian oinarrizko formazioa jaso zuten eta nolabaiteko gerrarako egokitzea (aholkuak, azalpenak…) eta soldaduska antzeko ikastaroa jaso zuten. Han zeudela, batailoiak osatu zituzten, Soldaduska egindakoak 1ºUGT osatuko zuten, ondoren, 2ºUGT osatu zuten, oraingoan, soldaduskara joandako nahiko ez eta ehizan zekitenekin osatu zen batailoia. Ondoren ehizan ibiliak zirenekin edo arma bat erabiltzen zekitenekin osatu zen 3ºUGT batailoia. Hirugarrengoan joan zen frentera Eduardo Uribe, 3ºUGT batailoian, 3.konpainian, 2.atalean; Gonzalez Peña deiturikoan, gero, Eusko Gudarosteko 25.batailoia izango zena.
Deustuko formazio saioak jasota, Basurtuko, Garellano kuartelera joan ziren eta han, gerrarako tresnak eman zizkieten.
Uniformea eta armak. Lantegietako buzo bana eman zizkieten miliziano guztiei eta baita Lezo Urrestietaren gestioen bidez, iritsi berri ziren Fusil Txekiar berri berriak. Honek, guztiak harritu zituen, ordura arte ikusitakoak zaharrak eta ahulagoak baitziren.
Frentera abiatzeko prest, ibilgailuetara igo eta Markinaldeko Frentera joan ziren zuzenean. UGT-3ko lehenengo eta bigarren konpainiak Lekeitiora bidali zituzten, hango posizioak indartzera eta 3.a eta 4.a Markinan geratu zen.
Eduardo Uribe, Markinako zelaira iritsi zen eta handik, UGTren hirugarren batailoiko kideekin batera mojen komentura eraman zituzten. Bertan jatordua egin eta komentuko geletan lotan geratu ziren gauez. Hurrengo egunean tokatu zitzaien inguruko trintxeretako posizioetan kokatzea. Ustez, Akarregi ingurukoak babesten aritu ziren, baina han egun batzuk egin ondoren gaixotu egin zen. Oraindik ez du argi zer gertatu zitzaion, baliteke euria eta eguraldiak eta mendiko babes faltaren eragina izatea, baina gerra baten barnean etsaiaren zain egoteak sortutako tentsio eta urduritasunak ere zer ikusia izango zuela uste du Eduardok. Konbentutik, mendira joan ziren, bidean ANV-EAEkoekin elkartu ziren eta baita komunistekin (baliteke Rosa Luxemburgokoak izatea, Urberuagan baitzuten koartela eta inguruko posizioak defendatzen zituzten).
Eduardo, gaixotu eta Urberuagako Balneariora jeitsi zuten, eta handik Markinako okindegi batera. Bertakoekin egon zen, sendatu arte, labean erretako sagarrak jaten zituen oroitzapena du, eta baita etxe hartan, etxeko sentitu zela.
1936ko Urrian, Bilbora erretiratu ziren; Markinaldeko Frentea utzi zuen baina gerrak jarraitu zuen.
Bilbon, zegoela, berrantolatu egin ziren, eta ametrailadoretan jardun zuen faxisten aurka ondoren, bera, lehen laguntzailea zelarik; Colt ametrailadora erabiltzen zuten. Hainbat borrokatan hartu zuen parte, Akondian, gogorra Sabigaingoa, Bilboko Burdin Hesian ere aritu zen borrokan, Artxandan…eta hainbat lekutan.
Faxisten nagusitasuna berehala nabaritu zuen. Hasierako gerra irabazteko esperantza galtzen joan zen, errepublikaren defentsa ez baitzegoen behar bezala antolatuta. Ingalaterra eta Frantzia bezalako herrialdeengan izan zuen itxaropena, baina ezin izan zen irabazi.
Faxisten eskuetan, 1937ko abuztuan, Santanderren bertan ziren senide batzuen laguntzaz ihes egitea lortu zuen, hala ere, Deustuko Kartzelan egon zen, Mirandako kontzentrazio eremuan eta ondoren Batallones Disciplinarios deiturikoetan (12.a eta 14.a) 1942.urtera arte.