Arrasate 1936, emakumea, gerra eta errepresioa

Posted on

(Berria.info tik hartuta)

Arrasateko 16 emakumeren lekukotasunak jaso ditu Julia Mongek dokumental batean, aita, anaia edo osabari gertaturikoa barik, euren bizipenen berri emateko. Ez zaio beti erraza izan beldurra gainditzea.

Edu Lartzanguren

Intxorta 1937 elkarteko kidea da Julia Monge (Arrasate, Gipuzkoa, 1957). Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala egin du, orduko gertaerak andrazkoen ikuspuntutik aztertzeko.

1936ko gerra eta ondorengoa emakumeen ikuspegitik aztertzen duen dokumentala egin duzue. Zergatik?

Beti egin dira aipamenak beste lanetan, baina genero ikuspegitik eginiko lehena da. Beste dokumental batzuk egin ditugu, eta konturatu gara gerra ingurukoa ikertzean oso erraz ikusten dela gizonezkoen eginkizuna, lubakietan egon zirelako, batailoietan. Emakumeen lana, ordea, ezkutuan geratzen da askotan. Hortik abiatuta, inguruko 16 emakume elkarrizketatzea erabaki genuen. Kuriosoa da, emakumeek ez dute arazorik kontatzeko besteek egindakoa, aitak, senarrak, anaiak, osabak…, edo haiei gertaturikoa. Baina askotan pentsatzen dute eurek ez zutela ezer ere egin. Baina pixka bat sakontzen hasten zarenean, euren historia kontatzen hasten dira, eta bestelakoa da.

Zertan da ezberdina emakumeen kontakizuna?

Erbesteratzea, esaterako, oso gogorra da emakumeentzat, askotan umeekin edo gurasoekin joan zirelako, jakin gabe nora. Itzultzerakoan ere, lana aurkitzeko eta familiak aurrera ateratzeko zailtasun handiak izan zituzten. Emakumeak agertzen dira beste dokumentaletan, baina askotan izenik ere ez dute, ez dakit noren andrea-edo izaten dira.

Gertatutakoa kontatzeko orduan ere erreparo gehiago izan dute?

Zailtasunak izan ditugu elkarrizketa batzuk egiteko. Batzuek sekulako testigantza interesgarriak zituzten, baina ez dituzte kontatu nahi izan. Florencia Olazagoitia haurdun zegoela fusilatu zuten, eta haren lehengusinaren lekukotasuna lortzear egon ginen, baina azken unean ez zuela egingo esan zigun.

Nola uler daiteke oraindik beldurra izatea sufritutakoa kontatzeko?

Beldurra badago gaur egunean ere. Emakume hauek beldur handia pasatu dute: senideak hil eta inori horretaz hitz egin ezinik. Kamera ikusten dutenean, «baina, non aterako da hau gero?» esaten dute. Bi orduko elkarrizketa egin dugu bakoitzarekin, eta gero dokumentala erakutsi diegu, emanaldi pribatu batean. Puska bat kentzeko eskatu egin zigun batek. Ez dira konturatzen halako lekukotasunak duten garrantziaz. Sekulako istorioa duten emakumeek «baina, neska, nik zer kontatuko dizut, bada?» esaten dizute.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.