Ziortza-Bolibarren oroimen ekitaldia fusilaketen urteurrenean
Egun hauetan betetzen dira 75 urte Ziortza-Bolibarko bi herritar fusilatu zituzten urteurrena. Hau gogoan harturik ekitaldia egin da Ziortza-Bolibarko Plazan.
Ahaztuen Oroimena, Markinaldeko Frentea 1936elkartea martxan jarri genuenetik, hainbat testigantza bildu ditugu gerra garaiko gertaerak ezagutu eta argitu nahian. Testigantza eta dokumentazioek argitzen dute urte askotan erregimen faxistaren errepresioaren ondorioz kontatu ezin izan dena eta hau oso garrantzitsua da, gerra zibila bizi izan dutenen eskutik hurrengo belaunaldiei transmisioa gauzatzea
Gaurko ekitaldi xumearekin bi fusilatzearen 75.urteurrenean luzatu dugu deialdia, izan ere Ramon Zuazo Otalora eta Bonifazio Egurrola Kaltzakorta fusilatu zituztela 75 urte bete dira. Baina ez ziren hauek izan heriotza eta errepresioa jasan zuten herritar bakarrak. Inguruko herrietan ere fusilatu zituzten hainbat, Etxebarritar bat, Zeanuriko Jose Sagarna Amulategin, sei lagun Markina eta Xemeinen… eta Ziortza-Bolibartarrek ere gertutik bizi izan zuten gerra, mendekua eta errepresioa.
Batzuk frentean hil ziren borrokan, beste batzuk fusilatu egin zituzten, beste batzuk atxilotu eta kartzelaratu, erbesteratu, beste batzuei isunak jarri eta beste asko umilazioetara jazarri zituzten, errepresioa, beldurra, miseria eta gosea nagusitu ziren. Hau dena zer eta, herritarren borondatez aukeratutako estatu izaera demokratikoa deuseztatu eta “Espainia salbatzeko” aitzaki jarrita.
Beraz, gaurkoan, Gorostako Ramon eta Boni Agarrez gain, ezin ditugu ahaztu errepresioa eta heriotza pairatu zuten Ziortza-Bilibartar guztiak. Guztiak baitira, frankismoaren indarkeriaren biktimak.
Ekitaldian izan dira fusilatu bien familiak, lagunak, gerra eta frankismoa bizitako zenbait Ziortza-Bolibartar… Gainera, ekitaldia ikurrina legeztatu zen unean, 1977an egindako ikurrrina erraldoi baten azpian burutu da, garai haietan ezarritako salbuespen legediak sinbolikoki salatuz, eta aldarrikapena burutuz.
Bistan geratzen da, bi adibide hauekin, hilketa hauek burutzeko erregimen faxistaren ahultasuna. Edozein akusaziok balio zuen, epaitegi militar faxista batek pertsona baten biziari amaiera jartzeko (Miguel Unamunok esan zien bezala: “Venceréis, porque tenéis sobrada fuerza bruta. Pero no convenceréis. Para convencer hay que persuadir, y para persuadir necesitaréis algo que os falta: razón y derecho en la lucha.”). Pertsonen zein jendartearen eskubide zibil eta politiko guztiak deuseztatuz. Horrelako genozidio eta hilketa basatiak ahanzturan erori gabe, herritarroi dagokigu gertaera hauek jendarteratzea, bere osotasunean ikertu daitezen aldarrikatuz; ikerketa historikoetatik gain, ikerketa judizialak egiteko dagoen beharra mahai gainean jarriz. Trantsizio garaian zegoen aukera baliatu gabe utzi zen, orrialde zuria sinatu zen garai haietan eta oraindik, gizateriaren aurka burututako delitu haiek libre dira, baina frankismoaren biktima guztien duintasuna herritarrongan dirau.
Bonifazio Egurrola Kaltzakorta (Ondarroa 1898/11/13- Derio 1937/09/16)
Donato Egurrola eta Martina Kaltzarkota Berriaturarren semea, Ondarroan jaio zen, baina 12 urterekin umezurtz geratu ondoren Berriatuko Altxu baserriko senideengana joan zen bizitzera.. Boni ameriketara joan zen 17 urtekin lanera, bueltatu zenean Bolibarko Agarre baserriko Maria Onaindiarekin ezkondu zen.
Militar faxistek, kolpea habiatu zutenean, Bonifaziok 38 urte betetzeko zituen eta momentuko eztabaidetan, eta tertulietan ongi defendatzen zen, gizon argia eta eztabaidan azkarra zen auzoan taberna moduan zegoen alboko baserriko eztabaidetan. Bere ideiak aurrerakoiak ziren, hau ez zen oso gustuko hain nahasi ziren garai haietan, beste batzuentzat. Edozein aitzakia eta nahaste nahiko zen aurrerago egoera zailetan murgiltzeko.
Ez zen egoera gozoa, Ziortza-Bolibar eta Agarre baserria kokatzen den Ziarregi auzoa Euskadiko Gobernuaren aldeko erretagoardian kokatzen baziren ere, hainbat Ziortza-Bolibartar Frentean ziren faxisten aurka borrokan, edo-eta soldaduskan zeudela, faxistek lerroetara jaso zituztenak ere baziren.
Nahasteak eta garaiko eztabaida ideologikoak aparte, Boni Agarreren ardura nagusiena familia eta eguneroko bizitza aurrera ateratze ziren, beste herritar gehienena bezala. Baina frentea 7 hilabetez egonkortuta egon ondoren, 1937ko apirilaren 25ean sartu ziren lehen tropa faxistak Trabakuan behera, behera eta hurrengo egunetan Iruzubietatik gainontzekoak.
Hilabete batzuk geroago, Ziortza-Bolibar faxistek okupatu eta gero, Ikaztegiko, Arlabango eta Luzarkoak jarri ziren (besteak beste) udaletan Arlabangoak senide ziren baina hala eta guzti, badirudi beraien artean aurretik izandako nahaste pertsonalek eta auzokoen ezin ikusiak nahastu zutela egoera. Guardia Zibilak bere bila joan ziren etxera, Udaletxean agiri bat sinatu behar zuela esanaz, bertaratu zen baina gehiago ez zen itzuli. Auzoko eskumatarren ezin ikusietatik letorke Bonifazio Egurrola atxilotzeko zita.
1937an, uztailaren 30ean, Consejo de Guerra iraunkorrak, Procedimiento Sumarisimo de urgencia nº 223an, eta behin behineko kartzelaldian zela, sententziaren arabera, «komunista sutsua» izatea, herriko defentsa batzordeko kide izatea eta zinegotzia izateagatik akusatu eta epaitu zuten; adhesion a la rebelion zelarik bere delitua.
Epaitegi militar faxistak, heriotza sententzia deliberatu zuelarik, (1937ko abuztuaren 3an) aipatzekoa da, salaketa informeak, Markinako eta Bolibarko Guardia Zibilek, Bolibarko Udala eta Bolibarko Falange Tradizionalista y de las JONS-ek egindakoak zirela.
Bonifazioren emazteak, Mariak bi edo hiru aldiz, bere senarra bisitatzeko aukera izan zuen Bilbon kartzelan egon zen denboran, eta baita kartzelatik idatzitako hiru gutun jaso ere. Aurretik bezala, orduan ere, bere hiru semeak ziren Bonifazioren ardura, eta baita emazteak sabelean zuen laugarrena. Azken hau, galdu egin zuten, hileta 1937ko irailaren 14an izan zelarik.
Bere arrebak eta Don Domingo Bolibarko abadeak, sententziaren errebisioa eskatu zuten eta errebisio hau burutzeko, koinatak sinadurak bildu zituen; badirudi Ziortza-Bolibarko etxe guztietako sinadurak jaso zituztela, baita salatzaileen etxekoena ere. Hala ere, Bonifazio Egurrolari heriotza sententzia errebisatzeko eskaera egin zuten egunean, bigarren salaketa txosten bat iritsi zen epaitegira, eta errebisioa egin ondoren (1937ko abuztuaren 18an), lehenengo sententzia bera ezarri zioten.
Azken errebisio egitean, aurreko delituei, “pertsona arriskutsu”, “komite iraultzaileko kide”, “armatua ibiltzea”, “movimiento gloriosoko kideei tratu txarrak ematea eta isunak jartzea” bezalako akusazioak gehitu zizkieten.
1937ko irailaren 16an fusilatu zuten Derioko hilerrian, Munitibarko jatorria zuen Anbrosio Mallukiza Markinarrarekin batera.
Ramon Zuazo Otalora (1909[?]-1937/09/06)
Bolibarko Gorosta baserrian jasio zen, eta agiri zenbait lekutan Barinagakoa zela ageri bada ere Bolibartarra zen Ramon. Oso gazte, hasi zen lanean, morro bezala ibili zen, Iturretako Jandoniz eta Eitza baserrian (errentero), Barinagako Mendiben, baita Eibarko Albizurin (errentero), eta Barinagako Oregi-zaharren eta azkenik Illaispen. Garai hauetan zenbait nahaste izan zituen, zuzenki, Albizurin zegoela, Bolibarko ardi batzuen lapurketa zala eta Bergarako epaitegietan epaiketa izan zuen gerra aurretik.
Oregi-zaharren zegoela, Illaispeko Francisco Baskaranek (zinegotzi tradizionalista berau) morro gisa hartu zuen Illo-Beitin; garai hartan 1936.urtea zen, gerra eta mugimendua, frentea egonkortu egin zen garaietan. Frenteko lehen lerrotik oso urbil geratu zen Illaldapa, hain zuzen, Maxera eta Baskaran Goiko ingurura arte defendatzen zuten gudari eta milizianoek faxistek Kalamua eta Akondia gainetatik egiten zituzten erasoak.
Horrela, 1936ko abenduan, Francisco Baskaranek eta beste batzuek gazte tradizionalistak faxisten frenteko posizioetara ezkutuan pasatzeko sarea osatu zuten; Ramon Zuazo ere lan hauetarako hartu zuen etxeko nagusiak, diruaren truke. 1936ko abenduaren 12an, 4 gazte Berriztar eta beste 4 Mallabiar pasatzeko prestatu ziren, eta herri hauetatik, Asuntzetik zehar pasatu ziren Kalamuako Gipuzkoako partera. Baina 1936ko abenduaren 20an, gazte horietako baten anaia atxilotu zuten, Mugerza abizenekoa eta atxilo aldian “Albizuri” ezizenez ezagutzen zen Ramon Zuazo Otaloraren izena eman zuen.
Atxilotu ondoren, Euskadiko epaileek lehen deklarazioa hartu zion 1936ko abenduaren 21ean, eta ondoren Francisco Baskaran, eta Matias Amillategiren bilaketa aginduaren ondorioz atxilotu egin zituzten.
Laurak Bilbon, Angeles Custodiososeko kartzelan zirela, epaiketa prestatze aldera, Ramon Zuazo, Matias Amillategi eta Mugerza Larrinagako kartzelara trasladatu zituzten 1937ko urtarrilaren 3an, Francisco Baskaran hasierako kartzela horretan mantendu zutelarik. Hurrengo egunean, 1937ko urtarrilaren 4ean faxisten hegazkinek Bilbo bonbardatu zuten eta gerora, hainbat pertsona haserrealdian kartzeletan sartu eta presoak hil zituzten, tartean Francisco Baskaran.
1937ko maiatzaren 3an hasi zen Zuazo, Amillategi eta Mugerzaren aurkako epaiketa, Euskadiko Epaitegienpean eta kartzelatze sententzia ebatzi zuten hirurentzat. Kartzelan ziren bitartean, faxistek Bilbo okupatu zuten urte horretako ekainean eta 1937ko uztailaren 3an Mugerza Santoña (edo Laredo) aldean askatu zuten, pentsa daitekeelarik Ramon eta Matias ere batera askatu zituztela.
Baina gerora, Ramon Zuazo berriro atxilotu zuten, oraingoan faxistek. Procedimiento Sumarisimo de Urgencia nº223/37ean, 1937ko abuztuaren 6ko datan bukatuan aztertu zuten beregain zegoen salaketa. Orduan, Gerra kontseilu iraunkorra bildurik, heriotzara kondenatu zuten. Delitua: Matxinadarekin bat egitea (Adhesión a la rebelión).
Sententziaren oinarria, Francisco Baskaranenegan (Ilaizpe) salaketa faltsua egin izanaren ondorioz bere heriotzaren arduraduntzat jo zuten Ramon Zuazo eta aurreko atxiloaldian (1936/12/21) Matias Amillategiri egindako salaketa eta mehatxuak aipatzen ditu epaitegi militar faxistaren ebazpena sendotzeko.Epaia bete egin zen , kartzelatik eraman eta Ramon Zuazo Otalora fusilatu egin zuten, Derioko hilerrian hobiratuz 1937ko irailaren 6an.
Esta entrada fue publicada en Bolibar, Hildakoak-zaurituak.