Ondarretako presoen omenez
Ondarretako kartzelan, Donostian, preso izan ziren pertsonen omenezko oroigarria inauguratu dute gaur kartzela izan zen lekuan bertan.
Besteak beste, Pilar Garciandia eta Marcelo Usabiaga (gurean gonbidatua iaz) preso ohiak izan dira bertan Donostiako alkatearekin batera. Ekimen honekin, frankismoan preso izan ziren zein fusilatu zituzten guztiak oroitu nahi izan dira.
Gurean, gogoan izan behar dugu, monolito honek bere baitan hartzen dituen guztiekin batera, 1936ko urrian, Jose Sagarna afusiltatzera eramateko atxilotu zuten unean berarekin Amillagarai Goikotik atxilotu eta Ondarretan hilabeteak preso izan zuten Jose Ignacio Etxaniz. Egun hartan, Jose Sagarna, Francisco Txurruka eta Ignacio Etxaniz atxilotu zituzten faxistek.
Jose Sagarna abadea, biharamunean fusilatu zuten Amulatein, Francisco Txurruka Elgoibarren baserri lanetara behartu eta Ignazio berriz Ondarretan gartzeleratu. Ignaziorena da, Ondarretan kartzeleratu zituzten eta ezagutzen dugun gure inguruko kasu bakarra. Beste Etxebarritar, Xemeindar, Markinar zein inguruko asko, Bilbo aldeko kartzeletan preso izan baitziren.
Hainbat urtetan ahanzturan izan diren hainbesteren adibidea baino ez litzateke Ignaziorena, honelako monolitoek pertsona hauek jasandako injustizien aurrean zor zaien aitortza eskaintzen laguntzen dute; urteetan iritsi ez den justiziaren faltan.
Ondarretako kartzela, 1890ean ireki zuten eta bertan preso ezberdinak pilatzen zituzten; baina 1931tik aurrera, batez ere, preso politikoen kartzela izan zen. Halabaina, 1936tik aurrera, faxistek milaka pertsona kartzeleratu zituzten, non asko eta asko torturatu egin ziutuzten eta beste ehundaka, 600 gutxienez fusilatu egin zituzten.
Honen osagarri, Ondarreta Gezalaren kartzela erakusketa ikusgai izan da Aieteko kultur etxean.