Bizkaiko Foru aldundia eta Markina-Xemeingo udala, Urberuagako gerra babeslekuarekin orain zer?

Urberuagan BI-633 errepidea zabaltzeko lanen ondorioz, La Francesa eraikina zegoen lekuan 2015eko abenduaren bukaeran egin ziren lanen ondorioz agertutako zulo baten berria jaso genuen. Gerra garaian Urberuagako bainuetxearen inguruko eraikinek izandako garrantziaz jabeturik zonalde honekiko dokumentazio lanak martxan zeudela, gerrako babesleku hau bistaratu zen.
Honen berri eman genuen 2016ko urtarrilaren 9an eta gure kezka azaldu, gerra babesleku hau agertu bezain pronto estali zutelako. Gaiak inguruko herritarrengan izan zuen interesa eta piztutako oihartzuna ikusirik (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, sare sozialak…) Bizkaiko Foru aldundira eta Markina-Xemeingo udalera gutun bera bidali genuen.
Jasotako erantzunek gure harridura pizten dute. Gutunean eskatu bezala, irtenbide integral bat beharrezkoa dela uste dugu. Memoria historikoak, bere bidea egin eta egia eta oroimenaren bidean aurrera egin dezan ardura dugun erakunde eta elkarte guztien elkarlana beharrezkotzat joz. Ondare publikoa, herritarrena den heinean, bertatik bertara bizi behar izan zutenen oroimenean.


Beraz,
- Ondare publikoa, arduraz babestea eta arduradun diren erakundeen arteko komunikazio eta esku hartze koordinatua beharrezkoa dela uste dugu.
- Urberuagako babeslekua, errepidea hobetzeko lanen ondorioz estalita, ahanzturara kondenatu beharrean bistaratzea eskatzen jarraitzen dugu. Ardura duten erakundeei horretarako eman behar diren urratsak garatzera konprometitu daitezen eskatuz.
- Urberuaga eta babes leku hau, Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren Ibilbideak: Gerra zibilaren memoriarekin lotutako espazioen zerrendan txertatzea eskatzen dugu.
Bihar Zelaietaburun Aranzadiko kideekin batera jardungo dugu
Zelaietaburuko garbiketa lanetan sakondu eta agertutako gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanak aurrera eramango ditu bihar goizean Aranzadik. Bertara hurbiltzeko Urkaregiko gainetik Arnoateko bidea hartu eta bidean bertan kotxea utzi behar da. Puntu honetatik oinez igo gaiteke.
Eguraldiaren aurreikuspena oso ona ez bada ere, ager litezkeen borrokalari antifrankistaren gorpuzkinak errekuperatzeko ahalegina egingo da.
Luis Ortiz Alfau tertulian gertatutakoa kontatzearen garrantziaz: hitzaldia ikusgai
Bere testigantza jaso ondoren, Luis Ortiz Alfauri gonbidapena luzatu genion. Inongo zalantza izpirik gabe baietza eman zuen: hemen nauzue behar duzuenerako.
Udazkenean 100 urte beteko ditu Luisek eta aurreko astean, Uhagonen tertulian ikusi ahal izan zen moduan pertsona kementsua, osasuntsua indartsua eta umoretsua da. Gogoz etorri zen, iritsi bezain laister enkargu bat eman zigun: esan denei etortzeko, bizitzaren azken txanpa honetan dena kontatu nahi dut.


Eta horrela egin zuen, aurkezpenetarako tarterik utzi gabe, barruan zuen guztia kontatu nahi zuen, eta bere bizitzaren hainbat pasarte kontatu zituen. Memoria pribilegiatuak detaile txikienak ere gogorarazi zituen, latzak batzuk: gerra fronteak, batailoi kideak, Gernikako bonbardaketa, Gurs, gosea, espetxea, torturak eta azkenik Langile Batailoi Disziplinarioa.
Hala ere, bizitzaren unerik gogorrenetariko bat ondoren etorri zitzaion. Hain zuzen frankismoan, desafecto bezala izendatu baitzuten erregimenaren aldekoek, errepublikar baten semea izan eta Izquierda Republicanako batailoian izena eman eta borrokatzeagatik.
Une bereziak izan ziren tertulian, bertan izan baitziren Luisekin batera, Capitan Casero batailoiko kide izandakoen bi familia kide. Hoietako bat, Xemeindarra zen, Luisen arabera, gogoan du Larruskain abizena, eta nola inoiz bata bestearen aldamenean lo egitea nola egokitu zitzaien ere kontatu zuen. Jose Larruskain, Anitxukoa zen eta tertulian parte hartu zuten bere senideek.
Gonzalo Pereiro Capitan Casero batailoiko komandantea zen. Lehen lerroko erretaguardian zegoela, bala galdu batek Gonzalo Pereiro Fernandez batailoiko komandantea hil zuen. Gonzalo Pereiro Ondarroako irakaslea izan zen, IRO (Izquierda Republicana Ondarresa) elkarte politikoaren lehendakaria eta Centro Republicanoko ordezkaria Ondarroako Errepublikaren Defentsarako Batzordean eta honen anaia batailoi bereko ofiziala izan zen. Ilusioa nabarmena zen bien aupegietan; bai Alfredo Pereirorentzat, zein Luisentzat una berezia izan zen. Tertuliak aukera eman zien komandantearen inguruan jarduteko baina ordu bete ez da nahikoa.
Hizketaldi oso interesgarria eskaini zuen Luisek, baina horrela egin zuten bertaratu eta galderak egin zituzten herritarrek ere. Ekitaldian nabari zen bertaratutakoen parte hartzeko gogoa, jakin mina asetzeko galderak egin zizkioten Luisi eta hark gustora erantzun.
Esker oneko hitzak izan zituen haientzat, eta baita memoria historikoa garatuz bere ekarpena egiten duten elkarte eta instituzio zein kazetarientzat.
Francisca Bernedo Berasaluze (Zierda Txiki, Aiastia; San Migel)

Gerra iritsi zenean, 11 urte nituen, orduan egin barri. 7 hilabetean egon zen frontea hemen, gure etxe ondo ondoan. Azkaratetik zetorrela ikusten genuen, bazetozela, sua edo zera ikusten genduen guretik, gu erdi erdian geratu ginen, miliziano eta gorriak zeuden inguruan eta gero honuntz, Garate mendian zehar, Ziardamendin, San Migelera iritsi ziren frankistak.Tiroa tiroaren gainetik, bala soinua entzuten genuen, “xiiiii, xiiiiiii”, bala bat, sukaldeko leihotik sartu eta armairua jo zuen; gure osaba zegoen sukaldean eta ia ia jo zuen! Orduan kortara joatea erabaki genuen, segituan.
Gure gurasoak, tio eta lau neba arreba ginen gu etxean, orduan. Kortan babestuta egin genituen 1936ko irailaren 22tik 25erako egunak, frankistak San Migelera iristen egin zituzten egunak. Lurrean, gurdiko holak jarri, eta jatorduak ere han egin genituen. Gure amamak, isildu gabe, errezuan egin zituen egunak, lotarako bakarrik isildu zen “errezau umiak, hil ein biogu ta”. Hura negargarria izan zen.
Gure etxetik bost metrora hil zuten miliziano bat frankistek. Zaurituta zegoen. Gure etxe ostean hil zuten, gure begi bistan. Frankistak behetik gora sartu zirenean, milizianoa etxe ostean zegoen zaurituta. Zauriak sendatzean, erreketeekin joateko prest zegoela esan arren, bizia salbatzearren. Baina alferrik, buelta emateko agindu eta tiro eginez hil zuten. Itzela, ez dago berbarik, horri eusteko.
Gero, auzokoek lurperatu zituzten han zehar geratu ziren gudarien gorpuak. Gure aitak eta osabak, aldamenekoek ere bai.
- ← Anterior
- 1
- …
- 13
- 14
- 15
- …
- 36
- Siguiente →
1936ko urriaren 21ean Akarregi-Egixarren UGT1 (Mateos), Euzko Indarra (ANV2), Boga-Boga eta Saseta ametrailadore taldeak (besteak beste) burututako ofentsiba jasotzen duen panela jarriko dugu datorren igandean, maiatzak 15, Egixarren. Panel honetan,
Bizipenak eta familiak jasandakoak jasotzeko asmoarekin Jabierrengana testigantza jasotzera joan ginenean, ustekabeko paregabea izan genuen
Oroimenak sustrai sakonak ditu, eta denbora iragan arren, 80 urte igaro arren, herritarren memoriari esker, egia azaleratu ohi da. Ez errepresioak ez diktadura luzeak ez zuen lortu mendian hobietan lurperatutako gudariak baztertuta ahazturan galtzea.








