Orokorra
Marcelo Usabiaga Jauregi
Testigantza entzuteko:
Marcelo Usabiaga Jauregi, (Ordizia 1916- Hernani 2015) Ordizin jaio eta haurtzaroan Baionan bizi izan zen. Handik Irunera joan ziren bizitzera eta bertan bizi izan zen gaztetan, gerra zibilera arte. 17 urterekin, 1933an Juventud Comunista-n afiliatu zen eta Irungo arduraduna izan zen. 1934an Asturiarrei, Frantziara ihes egiten laguntzeko sarearen enlazea izan zen eta honengatik atxilotu zuten Irunen handik Oviedoko kartzelan zenbait egun egiteko.
1936an Gerra Zibila hasita, faxisten aurka, Irunen defentsan parte hartu zuen eta geroago Frantziara ihes egitea lortu zuen. Bartzelonara bueltatzean, bere burua faxisten aurka egiteko boluntario aurkeztu zuen eta Madrileko frentean jardun zuen. Berriro, Bartzelonara itzuli zen (han zituen gurasoak, erbesteratuta) eta Manuel Cristobal Errandonearen bitartez, Bilbora joan eta 1937ko otsailean Rosa Luxenburgo Batailoiko kide izan zen. Batailoi honek, Urberuagan zuen kuartel nagusia Markinaldeko Frentean eta Marcelino han egon zen, Markinaldeko Frentean borrokan faxisten kontra inguruan zeuden posizioak defendatuz.
Urberuagatik, egunero, egunsentian, Markinara abiatzen ziren, handik Etxebarrira eta hemendik, inguruko mendietako trintxeretara. Garai honetan JSU-ko zuzendaritzan sartu zen. Frantzian babestu zen eta geroago berriz, Bartzelonara itzuli ondoren Aragoi, Teruel, Lerida… eta hainbat lekutan borrokatu zuen Frankoren tropen aurka.
Gerra bukatu ondoren, 1939an Balentzian atxilotu eta epaitu egin zuten. Irungo 13 pertsona hiltzea eta Irun erretzea leporatuta; salaketa faltsu honengatik, 30 urteko zigorra jarri zioten baina 1944ean Arronako kartzelan zegoela ihes egin zuen.
Frantzian babestea lortu zuen eta han zegoela, Makien antolaketan zebiltzanekin bat egin eta gerrilari izan zen. Donostian atxilotu zuten, Meliton Manzanasen aginduz eta atxiloketa egunetan bortizki torturatu zuten. 20 urte eta egun bateko kartzela zigorra jarri zioten, eta espainiako kartzela ezberdinak pasatu ondoren, 1946an preso komunistak Burgosko kartzelan batu zituzten, non Marcelok 1946tik 1960bitarteko urteak kartzela honetan bete zituen.
Kartzelatik irten ondoren, Hernaniko lantegi batean hasi zen lanean eta herri honetan bizi izan zen.
Garaian aldizkariaren 47.aleak Gerra Zibila du gai nagusi
Markina-Xemeingo GARAIAN KULTUR ELKARTEAK, Garaian aldizkariaren 47.zenbakia aurkeztu du gaur UHAGON kulturgunean. Gerra Zibila du gai nagusi aldizkariaren ale honek, “izan ere, 75 urte betetzen dira gerra hasi zela eta garrantzitsua iruditu zaigu gai hau jorratzea. Gerrako frentea oso gertu egon zen gure herritik eta garaiko markinarrek eta xemeindarrek oso modu intentsuan bizi izan zuten gerra garaia”.
47.ale honetan, Gerra zibileko hainbat argazki eta protagonistaren nondik norakoak aurki ditzakezue, Bittori Muniozgureni (Etxebarria,1918) egindako elkarrizketa, Iñaki Goiogana, Mikel Errazkin eta Patxi Juaristirekin solasaldia Memoria Historikoa eta gerra zibilaren inguruan, Markinako eta Xemeingo emakumeak gerra zibliean (Patxi Juaristi) artikulua eta beste hainbat kontu.
Gainera, eguna osatzeko, “Gerra Zibila, jendea da hila” Musika eta Olerki emankizuna ikusgai izan da Karmengo elixan, Garaian elkarteak antolatuta, Xemeingo Abesbatzak eta Abarka antzerki taldeak lagunduta.
Areto bete bizipen Gipuzkoako Foru Aldundian
Atzo, Donostian Frankismoaren Diktaduraren biktimak oroitzeko ekitaldia egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, instituzio honetako ordezkari nagusiak buru zirela. Frankismoaren diktaduraren biktimak esparru zabala hartzen dute eta gutxitan omendu izan dira guztiak. 1936ko kolpe faxistaren ondoriozko gerrak markatutako lehen etapa eta 40 urteko diktadura faxista sufritu behar izan zuten biktimak ondorengo etapan. Areto nagusia lepo bete zen, gerra zibilean gudari izandako pertsonez, kartzelaratuez, fusilatutako senideez, zigortutakoez eta funtsean, 1936tik 1977ra Frankoren hitzalpean beraien eskubideak urratu zitzaizkien pertsonez. Aretoa lepo zela eta, sarrera egokitu behar izan zen eragile eta ordezkari ezberdintzako eta han guztiak sartu ezin ginenez, hirugarren areto bat prestatu behar izan zuen Foru Aldundiak ekitaldia jarraitu ahal izateko.
Areto nagusian ziren atzo omendu nahi zirenak, areto bete bizipen; Diktadura Frankistaren biktimak: Antonia Manot, Kepa eta Mikel Paredes, Jon Paredes Manot «Txiki»ren senideak eta Angel Otaegiren (1975ean fusilatuak) izeba, Mercedes Otaegi , Kandido Saseta eta Martin Ugalderen sendieak, Burgosko Prozesuan epaituako kideak, Anita Morales (Saturrarango kartzelako preso ohia), Nestor Basterretxea (gerra zibilean Frantzian erbesteratua), Marcelo Usabiaga (besteak beste Roxa Luxemburkoko agintaria Markinaldeko Frentean 1937 hasieran) etab luze bat, guztiak krabelin gorri bana eskuan zutela.
Baina hauei babesa agertzeko, ordezkari ezberdinak zituzten ondoan: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia buru zela, bertan izan ziren Ikerne Badiola (Gazteria, Kultura eta Kirolako Ahalduna), Larraitz Ugarte (Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea), Gema Zabaleta (Eusko Jaurlaritzako sailburua), Juan Karlos Izagirre (Donostiko alkatea), Joseba Egibar (PNV), Pello Urizar (EA), Joseba Albarez (Ezker Abertzalea), Lore Suarez (PSE), Antton Karrera (Ezker Anitza) Iñaki Egaña eta Joxean Agirre (Euskal Memoria Fundazioa), Aranzadiko hainbat kide (Pako Etxeberria, Juantxo Agirre,…), Joxe Agirre (Aita Beneditarra eta Lazkaoko artxiboaren arduraduna) eta beste hainbat eragile eta norbanako.
Ekitaldian, Ikerne Badiolak hartu zuen hitza aurrena (ikusi bideoa), berak, ahanzturaren inguruan eta oroimenaren garrantzia azpimarratu zuen. Ekitaldian osatuz, Paco Etxeberriak (ikusi bideoa hemen) eta Josu Txuekak hitzaldi bana eskaini zuten. Paco Etxeberriak memoria historikoen ardatzetaz jardun zuen (egia, justizia eta erreparazioaz) eta Josu Txuekak diktadura frankistan Euskal Herritarrek bizi izan zuten salbuespen egoeraz eta eskubide urraketaz. Ekitaldiaren azken hitzak, Martin Garitanorenak izan ziren, zeinek frankismoaren biktimen izaera ezberdina (fusilatuak, gartzeleratuak, poliziak hilak, gerran hilak, hizkuntz eskubidea ukatu zitzaienak…) gogoratu eta omendu nahi izan zituen, oroitu; gerra zibila zein frankismoko biktimek pairatu zuten eskubide urraketa salatuz. 1936tik 1977ko urte gogor haietan, eta urte haietan borrokatu zutenengatik, izan zirelako gara azpimarratu zuen; eta urte latz haietan isuritako malko haiengatik orain itsasoa garela aldarrikatu zuen.
Diktadura Frankistaren biktimei omenaldia Gipuzkoako Foru Aldundian
Asteazken honetan, hilak 14, Donostian egingo den ekitaldirako jasotako gonbidapenaren ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Diktadura Frankistaren biktimei egingo dien omenaldian izango gara. Horrela, guk ere, era xumean, errekonozimendua eta goraipamena eskaini nahi diegu, batetik Gipuzkoatik ihesean, Bizkairantz eta batez ere Markinaldeko Frentera faxistei aurre egitera, borrokara etorri ziren gipuzkoar guztiei. Bestetik, kontaun hartu nahi ditugu, Faxisten erasoari ihesi, Gipuzkoatik ihesi, Markinaldeko Frentean babestu zirenei eta bukatzeko, nola ez, 1936tik aurrera Frankismoa pairatu zuten biktima guztiei omenaldia egin nahi diegu ekitaldi honetan parte hartuz. Gisa honetako ekitaldiak garrantzitsuak dira, instituzioek oroimen historikoaren bidean lan haundia eta arduratsua dute egiteko; lan serioa eta zintzoa. Halabaina, ezinbestekoa da herritar eta elkarteek, egiaren bidean inurri lana eginez aurrera jarraitzea, trasnmisioa bermatzea eta benetako erreparazioa eraikitzeko bideak jorratzea, gerra eta frankismoaren ondoriozko sufrimendua aitortzeko.
Markinako Frontea, Patxi Juarisitiri elkarrizketa
«Markinako Frontea. Markinako eta Xemeingo egoera politikoa eta soziala Bigarren Errepublikan eta Gerra Zibilean (1931-1939)» liburua Durangoko azokan
aurkeztuko du Patxi Juaristik (Markina-Xemein, 1967) abenduaren 8an, eguerdiko 14:30etan. Markinako eta Xemeingo egoera politiko eta soziala aztertzen du lan honek, 1931-1939 urteetako gertaeretan kokatua. Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu du eta durangoko azokan jarriko duen postuan salgai egongo da.
Liburuaren nondik norakoak argitu eta zuengana zabaldu asmoz elkarrizeta egin diogu:
ELKARRIZKETA OSOA IRAKURTZEKO KLIKATU HEMEN.
Euskal Memoria Fundazioa: Frankismoa Euskal Herrian
«Frankisma Euskal Herrian, Behin betiko konponbidea» liburua aurkeztu du Euskal Memoria Fundazioak gaur Donostian. Aieteko Gazteluan, Frankoren opor leku izan zenean; egun Giza eskubideen etxea dena.
Iñaki Egañak gidatu du lana, hainbat lagunekin elkarlanean osatuz. Aurkezpenean izan dira Pako Etxeberria aranzadiko kide eta mediku-forensea, Joan Joxe Agirre Lazkaoko Aita Beneditarra eta artxibategiko arduraduna, eta frankismoaren biktima izan ziren Rosa Larrañaga, Marcelo Usabiaga eta Txomin Letamendi.

BerriaTB-k aurkezpeneko bideoa egin du.
Bizkaiko herrien bonbardaketen dokumentala: Zerutik sua dator
Zerutik sua dator! dokumentala Gerra Zibilean Bizkaiko herri ezberdinek jasan zituen bonbardaketa ugariei eta haien ondorioei buruzkoa da. Egoitz Rodriguezek zuzendutako lan honetan, bonbardaketak jasan dituzten pertsonen lekukotzak jasotzen dira. Esperientzia horiek bizi zituztenek egiten dute kontakizuna, lehenengo pertsonan, eta, haiekin batera, belaunaldi gazteagoko pertsona batzuk agertzen dira, bizipen horiek entzun eta bonbardaketan jasan zituzten protagonistak elkarrizketatzen dituztenak.

Bonbardaketaren eragina jasan zuen herri bakoitzean, hiru belaunaldi elkartu dira: bonbardaketa jasan zutenak, kontatu zutenak eta ezagutu ez zutenak. Belaunaldien arteko topaketa horren bidez, gertatutakoaren ikuspuntu eta pertzepzioak trukatzen dira.
Dokumentalak alde batera uzten ditu galdetegiak, gidoiak, off-eko ahotsak, historialariak… Gizartea bera da hitz egiten duena, abiazio faxistak bonbardatutako herrietako auzokideek hitz egiten baitute.
Belaunaldi oso batek bizi izan zuen sentimendua islatu nahi duten film laburrak dira eta belaunaldi arteko topaketetan jasotako kontakizunetatik abiatuta eraikitako narrazio-hari batek lotzen ditu. Kontakizun horiek su baten berotasunaren babesean, bizirik mantendu nahi den kar baten babesean egin dira. Kar hori oroimenaren karra da.
Gernikako eta Durangoko bonbardaketez gain hainbat herri bonbardeatu zituen abiazio faxistak. Otxandio, Markina, Xemein, Lemoa, Bilbo…Orain dela hilabete batzuk argitaratu genituen Durangoko Gerediada elkartearen laguntzaz bonbardaketa hoiek egiteko hegazkin italiarrek Markinaldeko Frentean ateratako argazkiak,hau litzateke horietako bat.

Euskal Memoria Fundazioa: Ezkutuko biktimak argitara ekarri (2011-10-25)
Euskal Herria aro berri batean murgiltzen ari den garaiotan guztien ahotan daude azken hamarkadatan gatazka politikoarekin loturiko bortxakeriaren ondorioak. Alabaina, Estatuen biolentziaren ondorioak jasan dituzten milaka herritarrak ahanzturara kondenatzeko saiakera orokorra dago kontakizun nagusi eta ofizial bakarra ezartzeko saiakeraren pean.
Jose Sagarna eta Fusilatuei omenaldia 75.urteurrenean
Jose Sagarna Uriarte, 1911ko azaroan jaio zen eta 1936an, urriaren 20an afusilatu zuten faxistek Amulategiko soloan. Molina komandantea zen garai horretan, frenteko inguru horretan aginte postuko agintaria. Faxistak, urriaren lehenengo domekan sartu ziren Amulatei eta Mandiolararte eta hango inguruetan finkatu ziren zazpi hilabetez.
Jose Sagarna, 24 urte zituela, abade egin barri, abade gaztea Xemeinera (Larruskainera eta Amallora) destinatu zuten, geroago Berritatuko ardura ere izango zuena. Salaketa faltsuekin edo inungo oinarririk gabeko salaketa edo akusazio baten ondoren, Larruskaingo Manuel Larruskainek gerra egitera etorritako faxistei aitzen eman zien Sagarnaren kontra zituen barruko egonezin pertsonalak.
Gauzak honela, Jose Sagarna Amillagarai goikoan atxilotu zuten, begiak zapi batez estali eta Larruskaingo elizan giltzapetuta eduki ondoren atxilotuta eraman zuten. Bidean, Amulatein, eskuak lotzeko «molla soka» eskatu zieten bertakoei eta ondoren Mandiolara eraman zuten. Mandiolako kortan sartu zuten gau batez, bertan eduki zuten eta nonbait errukituta, Periko Mandiolak, (beti Manuelekin zebilen) lotarako mantaren bat eta janari beroa eman zion. Biharamuenan, Jose Sagarnak azken eskari gisa, Larruskaingo eliza ikusten zan leku batera eraman zezatela eskatu zuen. Horrela, 1936ko urriaren 20an, goizean goiz, hil egin zuten.
Gaur, 75 urte geroago, ekitaldi xume batez hau guztia gogoratu nahi izan dugu. Hurbildutakoei agurra egin eta txalaparta soinuekin bildu gara, Jose Sagarna afusilatu zuten lekuan bertan. Gaurkoan azpimarratu nahi izan dugu, Jose Sagarnak eta gerra zibilean beste askok bezala inungo defentsa eskubiderik, galderarik barik, abogaturik barik… hil zituztela, eta kasu batzuetan pentsakera ezberdinagaitik izan bazitekeen beste batzuetan (Jose Sagarnarena adibidez), ezer egin barik.
Afusilaketa honek, inguruetan eragin haundia izan zuen, beraien abadea, gaztea eta estimatua hil zieten eta gaur, 75 urte geroago sentimenduak bizi bizi ikusi dugu bertakoen begi eta aurpegietan. Jose Sagarna Zeanurikoa zen, baina Markina, Etxebarria eta Bolibartarrak ziren herritarrak ere afusilatu zituzten:
- Hilario Aretxabaleta Arriola (Markina)
- Bonifacio Egurrola Kalzakorta (Ziortza)
- Juan Loiola Izagirre (Xemein)
- Anbrosio Mallukiza Albaolea (Markina)
- Celestino Onaindia Zuloaga
- Jose Ignacio Peñagaricano Solozabal (Etxebarria)
- Jeronimo Sanchez Pesado (Markina)
- Ramon Zuazo Otalora (Ziortza)
Oroimen historikoa lantzerakoan, azpimarratzekoa da, Amulategin, Amillagarin edo inguruko baserrietan eta baita Sagarnatarren etxean garaiko beldurrak, umilazioak etab sufritu arren gertaera basati hau transmititzeko izan duten gaitasuna. Fusilaketa hau, auzotarrek ez dute inoiz ahaztu, eta gaur, Amulategiko ekitaldian elkartu den jendetza horren isla da.
Gaur bertara etorri dira, auzoetako herritarretaz gain Sagarnaren familiako kide asko, bere arreba Vicenta Sagarna, hainbat iloba, Markina-Xemeingo eta Etxebarriko hainbat zinegotzi, Markina-Xemeingo alkatea, eta herritar ugari. Guztiei eskertu nahi diegu bertara etorri izana baina bereziki hau antolatzen eta borobiltzen lagundu diguten guztiei: txistulariak, dantzariak, Alpino mendigoizale taldeari, Bertsolariak… era batera edo bestera bere apurra eskaini duten guztiei. Eskerrik asko.
- ← Anterior
- 1
- …
- 19
- 20
- 21
- …
- 24
- Siguiente →