Areto bete bizipen Gipuzkoako Foru Aldundian
Atzo, Donostian Frankismoaren Diktaduraren biktimak oroitzeko ekitaldia egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, instituzio honetako ordezkari nagusiak buru zirela. Frankismoaren diktaduraren biktimak esparru zabala hartzen dute eta gutxitan omendu izan dira guztiak. 1936ko kolpe faxistaren ondoriozko gerrak markatutako lehen etapa eta 40 urteko diktadura faxista sufritu behar izan zuten biktimak ondorengo etapan. Areto nagusia lepo bete zen, gerra zibilean gudari izandako pertsonez, kartzelaratuez, fusilatutako senideez, zigortutakoez eta funtsean, 1936tik 1977ra Frankoren hitzalpean beraien eskubideak urratu zitzaizkien pertsonez. Aretoa lepo zela eta, sarrera egokitu behar izan zen eragile eta ordezkari ezberdintzako eta han guztiak sartu ezin ginenez, hirugarren areto bat prestatu behar izan zuen Foru Aldundiak ekitaldia jarraitu ahal izateko.
Areto nagusian ziren atzo omendu nahi zirenak, areto bete bizipen; Diktadura Frankistaren biktimak: Antonia Manot, Kepa eta Mikel Paredes, Jon Paredes Manot «Txiki»ren senideak eta Angel Otaegiren (1975ean fusilatuak) izeba, Mercedes Otaegi , Kandido Saseta eta Martin Ugalderen sendieak, Burgosko Prozesuan epaituako kideak, Anita Morales (Saturrarango kartzelako preso ohia), Nestor Basterretxea (gerra zibilean Frantzian erbesteratua), Marcelo Usabiaga (besteak beste Roxa Luxemburkoko agintaria Markinaldeko Frentean 1937 hasieran) etab luze bat, guztiak krabelin gorri bana eskuan zutela.
Baina hauei babesa agertzeko, ordezkari ezberdinak zituzten ondoan: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia buru zela, bertan izan ziren Ikerne Badiola (Gazteria, Kultura eta Kirolako Ahalduna), Larraitz Ugarte (Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea), Gema Zabaleta (Eusko Jaurlaritzako sailburua), Juan Karlos Izagirre (Donostiko alkatea), Joseba Egibar (PNV), Pello Urizar (EA), Joseba Albarez (Ezker Abertzalea), Lore Suarez (PSE), Antton Karrera (Ezker Anitza) Iñaki Egaña eta Joxean Agirre (Euskal Memoria Fundazioa), Aranzadiko hainbat kide (Pako Etxeberria, Juantxo Agirre,…), Joxe Agirre (Aita Beneditarra eta Lazkaoko artxiboaren arduraduna) eta beste hainbat eragile eta norbanako.
Ekitaldian, Ikerne Badiolak hartu zuen hitza aurrena (ikusi bideoa), berak, ahanzturaren inguruan eta oroimenaren garrantzia azpimarratu zuen. Ekitaldian osatuz, Paco Etxeberriak (ikusi bideoa hemen) eta Josu Txuekak hitzaldi bana eskaini zuten. Paco Etxeberriak memoria historikoen ardatzetaz jardun zuen (egia, justizia eta erreparazioaz) eta Josu Txuekak diktadura frankistan Euskal Herritarrek bizi izan zuten salbuespen egoeraz eta eskubide urraketaz. Ekitaldiaren azken hitzak, Martin Garitanorenak izan ziren, zeinek frankismoaren biktimen izaera ezberdina (fusilatuak, gartzeleratuak, poliziak hilak, gerran hilak, hizkuntz eskubidea ukatu zitzaienak…) gogoratu eta omendu nahi izan zituen, oroitu; gerra zibila zein frankismoko biktimek pairatu zuten eskubide urraketa salatuz. 1936tik 1977ko urte gogor haietan, eta urte haietan borrokatu zutenengatik, izan zirelako gara azpimarratu zuen; eta urte latz haietan isuritako malko haiengatik orain itsasoa garela aldarrikatu zuen.