Etxebarria

Enrike Guenetxea Arriaga

Posted on Actualizado enn

  Enrike Guenetxea Arriaga, Ibergunen jaio zen 1928ko abenduaren 27an.

Gerra zibila inguru hauetara iritsi zenean mutikoa zen eta artean gogoan du miliziano eta gudariak Ibergunera etorri eta frentea geldirik egon zenean etxean zein iguruetan frankistei aurre egitera etorritako jendetza.

Barinagako plaza milizianoz eta jendez beteta egoten zen, Ibergungo etxe aurrean, kainoi bat jarri zuten eta handik erasotzen zuten Oruntze aldea. Kainoi honek botatako obusek erre zuten Mandiola behekoa eta baita geroago, 1936ko urriaren 21ean, Molina Kapitain faxista Mandiola goiko sukaldean zauritu eta hil zena.

Inguruko mendietan, miliziano eta gudariek posizioak finkatu zituzten eta Enrikek gertutik bizi izan ziuten Arantzamendi eta Maxeko posizioak. Ardiekin joaten ziren inguru horietako zelaietara eta gerra garaian ezin izaten zuten ohi bezala egun argiz joan. Behin frentea aurrera joan zenean, egunetan taldean pasatu eta pasatu joan ziren frankistak Ibergunen aurrera Bizkaia hartzeko asmoekin.

Oharra: Testigantza editatzen ari gara. Aurrerago jarriko dugu bideo zein idatzizko formatuetan.

Iaz, frenteko porlanezko posizioetara egindako bisita: «Bunkerretan»

Posted on

Iazko urrian, Gerra Zibila egonkortu ondorengo Frenteko posizioak lekutzeko asmotan irteera bat egin genuen. Lehenengo lerrotik atzeragoko posizioak aztertu asmoz, perretxikotan legez, bunker eta ametrailadore abixa bila ibili ginen. Ordenadorari hautsak kentzen ibili ondoren hemen horren lekuko post hau.

Elkarte edo leku diferentetakoak batu ginen, eguraldi txarrari aurre eginez, Mikel Lizarralde, Oier gorosabel eta Imanol Trebiño Eibartarrak, Frentes de Euzkadiko esperientzia haundiko  Jon Etxezarraga «Akondia», Francis «Montaud» eta Josu Algortakua eta gu, AHAZTUEN OROIMENA, Markinaldeko Frentea 1936ko kideak.

Ibilbidea, polita bezain gora beheratsua: Aginagan hasi, handik Barinagara jeitsi, Eliza atzetik Makardara (Itxurretara) eta Baldakotxuntxurratik, Iparragirrera, Markina-Xemeinera jeisteko. Bide honetan egindako argazki gehiago ikusi nahi ezkero hona hemen MIKEL LIZARRALDEREN «Bunkerretan» bilduma.

Aurkitu eta aztertu bagenituen ere, batzuk kalte haundiak izan dituzte urteak pasatu ahala, beste batzuk guztiz baztertuta, eta lurrez erdi beteta daude, besteak sasiz beteta. Baina hor daude.

Faxistei aurre egiten saiatu ziren, Egixarren orain 75 urte

Posted on Actualizado enn

Gerra zibilean beren borondatez, faxistei aurre egitera joandakoak omendu nahi izan ditugu,hain zuzen Egixarre inguruan hildako miliziano eta gudariak. Urriak 21ean, Jose Sagarna afusilatu eta biharamuenan, borroka gogor bat izan zen eta inguru honetan.

Akarregin zeuden milizianoek Oruntzen zeuden faxistei eraso bat egitea,eraso bat hastea zuten helburu; hemendik aurrera segi, Kalamuan zeuden Nafar Brigadetan osatutako erreketeak eta harutzagoko guztiak bota eta Otxandiotik, Legutioko azken borroka gogor bat eginda Gasteiz berhartzekotan.
Operazio haundi baten hasiera, edo ahalegina egin zuten, boluntarioak ziren herritarrekin, bi batailoi behintzat izan ziren atakea egin zutenak, bakoitzak 750 pertsonez osatuta. Xemeinentik; Ubilletik gehienak,  Beidetik eta Okokitik besteak Zulutan zehar, egixarrera arte heldu ziren, borrokarako prest.

40 edo 60 borrokalari hil zirela uste da borroka honetan, eta hilotzak lurgainean geratu ziren inork ezin izan baizituen jaso. Hainbat testigantzetan jaso dugunez, miliziano batzuen gorpuak, arropa, arma eta guzti lur gainean iraun zuten.

UGT1 eta PNVko beste batailoi bat izan ziren borroka egin zutenak, Fulgencio Mateos eta Ledesma zirela buru urrenez urren. Fulgencio Mateos, Bilboko zinegotzi sozialista izateaz gain milizien arduraduna zen, baina lehen lerroan ere borroka egin zuen, Egixarren zauritu 1936ko urriaren 21ean eta urriaren 25ean Bilbon hil zen.

Honelako borrokak, erakusten dute, faxismoari eta balore demokratikoen alde borrokan aritutako jende askok parte hartu zutela. Beraiei gure omenaldia eta errekonozimendua.

ARGAZKI GEHIAGO LOTURA HONETAN

Juan Zabala Sololuze

Posted on Actualizado enn

ENTZUN:

Juan Zabala Sololuze (Amulategi, 1926 – 2010  Markina-Xemein).

Amulategin jaio zen. Oso gertutik bizi izan zuen gerra zibila. Amulategi, soldaduz beteta egon zen, erreketeek etxeko korta eta inguruak hartuta zituzten. Puesto de socorro bezala hartu zuten beraien baserria eta etxetik alde egin behar izan zuten zenbait hilabetez.

Juanek ezagutzen zuen Jose Sagarna abadea, bere akolitua ere izan zen eta ondo gogoan dute etxekoek Jose Sagarna Uriarte abadearen fusilaketa. Izan ere, Amulategiko soloetan izan zen gertaera hau. Gainera, etxeko sukaletik, Francisco Zabalak (amulateiko aitxitxek) fusilaketa ikusi zuen, 1936ko urriaren 20an, goizean goiz. Molina agintari faxistaren aginduz hainbat erreketek hil zuten abade gaztea. Gero, Francisco Zabalak, egurrezko estaka bat jarri zuen eta ondo zaindu zuen urteetan, estaka usteldu ahala barria jarriz eta berdin egin zuen Juanek, estaka ikur moduan mantenduz, urteak joan eta urteak etorri; 1988an Markina-Xemeingo udalak egun ikus daitekeen porlanezko gurutze sendo bat jarri arte.

Gerra denporan, gerra etorri zenean, 1936an izan zen gerra, 10 urte nituen, soldaduak hemen egon zirenean eta abadea hil zutenean. Amulatei zan, Puesto socorro, Mandiola puesto de mando, Oruntze, casa dorotea, Usozabal, caserio de la luz, (argia zegoelako) Arnorixa zan caserio obispo, eta Atsoin Zabalen deitura ez dut gogoan.

Gu familia haundia ginen eta lehenengo Larruskain Errotan egin genituen egun batzuk, osaba Jesusenean, gero Egixaunera joan behar izan genuen, izeba-osabengana eta han beste hamabost egun egin genituen. Handik ere bota gintuzten eta Olatzera joan ginen, han bost hilabete egiteko, Txurruka baserrian. Bueno, ni ez, nik hilabete egin nituen Olatzen.

Frentea inguruetara etorri zenean, Rubio Mandiola eta Manuel Larruskain Arno-Bat aldera urbildu ziren frentera, inguru horretara urten ziren frankistengana eta eurokin bat eginda etorri ziren tropa guztiarekin. Amulategira iristean, Rubiok zera esan zion amari: Karmen, hamen honek ume danokin ezin zeinke gelditxu, alde ein biozu hamendik ze hamentxe doiez gatza, tropie hamentxe gelditza doie asi que hamendik alde ein biozue nonora. Baina ni, nagusitxoa, aitarekin eta aitxitxe-amamarekin Amulatein geratu nintzen.

Abadea, lehenengo ekarri zutenean, egun horretan, gu Larruskain Errotan geunden. Ama eta neba arrebak jeitsi ginen osabarengana Larruskain Errotara. Amilagarai goikoak etxean ziren, hara eraman zuten Jose Sagarna eta Amilagarai goikoan egin zuen gau bat. Hurrengo goizean, behera joateko abisua egon zen, neure anai Txomin etorri zen,mutikoa, Larruskain errotatik, abadea behera eramateko abisua eman zutela esanez. Sagarna abadea, geldi geratu zen, ikerarik ere ez zuen egin.

Gero, Tia Florenek lortu zuen eramatea, abadearen bila etorri zen, Amilagaraira. Joateko agindu zutela eta jeitsi zedin…Orduan hartu zuten eta Larruskaingo elizan sartu ondoren giltzapean itxi zuten hantxe.

Errotara joan zitzaizkien soldaduak abisuarekin, eta Tia Florenek bazekinen Jose Sagarna Amilagarai goikoan zela, Txomin bidali zuen, Abadeari jeitsi zedin esatera. Baina, Sagarnari bildur txarra sartu zitzaion eta Txominek esan harren ez zuen ikerarik egin. Tia Florenekin jeitsi zen.

Tia Florenekin jeitsi zenean, Errotan barruan sartu zen, han, Tia Floreni esan zion joan beharra zuela baina bere zerbait hartu nahi zuela; goiko logelara joan zen eta bitartean Tiak arrautza bi egosi zizkion, hurrengo noiz jango ote zituen kezkaz. Bere errezu liburuak eskuetan hartu eta Errotatik atera zenean elizan sartu zuten.

Larruskaingo elizak ate bakarra duenez, soldaduek itxi zuten atea eta giltza beraiekin zutela, Txilerren tabernara joan ziren, banketera, giltza poltsikoan zuten bitartean.

Gero atera zuten Sagarna, bazkaria bukatu zutenean eta Amulategira arte ekarri zuten. Etorri zirenen artean, Sarjento txiki bat mozkortuta ekarri zuten, zaldi baten gainean eta haren atzetik abadea. Hona iritsi zirenean, kortako sarreran, galdetu zioten amama Mari Inesi:

– Cuantos años tiene aquel, (amoma gaitxik) jakin bazekien baina erderarik egin ez eta ni ere mutikoa, esan zien:

– Tres veces veinte y doce. (72)

Amamari eskatu zioten soka bat. Moila soka bat eman zien amamak, lehenako alanbrezko moilak kompontzeko erabiltzen zan soka mehea; matazan etortzen zen eta amamak hura eman zien. Orduan, hemen lotu zizkieten eskuak, atzean, eta begiak estali zizkien; gero Mandiola goikora eraman zuten, egun bustiak izan ziren dirudienez eta bidean, batean jausi bestean jaso joan omen zen,gero Mandiolan bazter batean eduki zutela esaten zuten. Han egin zuen gaua.

Hau bitartean, dena soldaduz beteta egoten zen dena. Guk hor etxostean, labea zegoen lekuan egiten genuen bizimodua.

Kortan eduki zuten Jose Sagarna gauez, eta erreketeekin konpainian zebilen abadeak konfesatu ere egin omen zuen, hil egin behar zutela esan ziotenean, horren jakinean zegoen. Badirudi abade horri utzi ziola etxekoentzat oroigarriren bat. Gau horretan, badirudi, Periko Rubio, errukitu egin zela bere parroko izan zenarekin eta denak erretiratu zirenean, katilukada bat esne eraman ziola kortara.
Biharamunean, goizean sasoiz, goizeko 8etan ekarri zuten berriro Amulategira. Da Aitxitxek esan eixotzen amamai:

– abadie daroie hiltxa hontxe,

– holakoik ezta gero!

Segidan tarratadie, rrrrrra!

– han bota dabe.

Berak eskatu omen zuen, San Inaziori begira hiltzea. Horregaitik hil omen zuten hemen, hau soldaduz beteta zegoen baina agindu postua Mandiola zen; berak eskatuta Larruskainera begira hil omen zuten, bestela ez zuten hona ekarriko.

Eskatzeko leihotik ikusi zuen dena aitonak. Orain kurutzea jarrita dagoen lekutik, goitik behera ikusten zen Larruskaingo kanpandorrea.

Comandante Molinak agindu zuen Jose Sagarna hiltzeko. Galiziarra zela esaten zuten Molina, eta Sagarna afusilatu eta 24 ordura, abadea hil zuten lekuaren azpiko partetik zehar, kamilan eraman zuten; San Miguel aldean hil egin omen zen.

Entzun genuen, Jose Sagarnak, 24 ordu barru zerbait etorriko zela esan zuela, signifikantzie. Hil soldaudek hil zuten baina azkenean tiro de gracia Molinak eman zion.Gero Larruskainera eraman zuten. Kamila batean eraman zuten, boluntarioak eskatuta. Hil eta gero ikusi nuen Jose Sagarnaren hilotza baina hiltzen nik ez, Aitonak bai ordea.

Amulategitik kantinkada esnea eramaten zuen aitak; Frantzizko Zabalak, Larruskain errotara eta goiz horretan, bueltan zetorrela, Amilagarai behekotik goikora bitartean, Garrapilotontorra esaten diogun lekuan, aita goruntz zetorrela, orduan zeramaten Don Jose goitik behera. Aitak botak ezagutu zituen, bistan zeramatzalako, eta bigarrenez manta. Hil zutenean manta bat eskatu zuten Amulatein eta gure amak Egixaundik arriuen ekarritako manta ezagutu zuen, hertz marraduna. Kamila batean zeramaten, afusilatu zuten soldaduek beraiek helduta. Han amaitu zen harena.

Biharamunean, (hemen egiten ziren kafeak eta arrantxoak), gure aitona Julian joan zen kafe perola haundia idi burdian hartuta soldaduei eramatera, Mandiola Goikora eta etxe kontrara sartzen zegoela, handik Ibergundik kainonazoa! Arin sartu zen aitona etxe ostean baina kainonazoa etxeko sukaldean sartu zen Comandante Molina larri zaurituz. Manuel ere zauritu egin zen, Manuel Larruskain (han bai zegoen denbora guztian soldaduekin, Rubio bezala) eta aitonak kontatzen duen, bere gurdi gainera ekarri zietela Molina hori, lehenengo zauriak sendatzera baina kamilan hartu eta eraman egin zuten. Amulategin zehar, eskuak gora jasotzen zituen baina Urkaregi orduko hil egin zen. Ospitalera eraman zuten, Altzolan zegoen ospitala; ni ere han egon nintzen elgorriarekin, soldaduek kamilan eraman ninduten.

Gezur asko ere esan dira Jose Sagarnaren afusilketaren inguruan. Neuk dakit Amilagarain gau bat egin zuela, varias noches egon zela, telefonoko alanbreak mozten ibili zela… zerbait ipini behar eta! Gezurrak! Besterik ez zegoen orduan, Gezurra! Delitua jartzeko, guzurra, gezur naturala salaketari indartzeko.

Sagar arbola zutundu egin zala eta ez zala ere, mugimendu haundia izan zen hemen. Guardia zibilak hasi ziren etortzen eta orduan ere etxea beteta eduki genuen, guardia zibilez.

Markineko Sadak esaten zuen, hori ez zela ez abade ez ezebez, hori telefono kableak mozten ibili zela zegoela salaketa. Idatzita omen zegoen. Baita espia gisara ere. Espia zela abadea izan beharrean… eta sinetsi askok horrek!

Sagar arbola zutundu egin zen hemen! Egia izango ez da ba! Abadea afusilatu zuten lekuan! Egia purua da hori! Hilabete justu egin zuen zutik, ez erdi kili-kolo, ez ez, zutik eta zuzen! Zuzen baino zuzenago. Sagar arbola izateko haundia gainera. Harek zuen gerria… Sadak urteak geroago esan zidan behin:

– Aquello de la manzana era mentira no?

Que va ser mentira, esan najutzan

– Aquello era verdad

– Calla, calla, calla!

Egixe esan arren sinestu ez! Baina guk hori zergaitik zutundu zen ez dakigu baina batek eta besteak esan harrren eztotzuet ba sinisten; etxostek ardureik pez.

Amulategiko eta Egixarreko ekitaldiak komunikabideetan

Posted on Actualizado enn

ARRATE IRRATIAN: Ostirala, 11:20 «hamaiketakoa» saioan.

ZUZENEAN HEMEN

BIZKAIA IRRATIAN: Larunbatean 12:15etan

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA (2011/10/21)

75. urteurrenean oroimena eta aldarrikapena Etxebarriko Kultur aretoan

Posted on Actualizado enn

Atzo iluntzean, 75 urte igaro ondoren, altxamendu faxistaren ondoren gertatutakoez jardun ginen. Oraindik orain, bistan geratzen da, oroimen historikoa berreskuratzeko lan handia dagoela egiteko, eta nola ez, zuzenean altxamendu faxistaren eta frankismoaren ondorioak pairatu zituztenekiko benetako justizia egitede dagoela bistan geratzen da.

Santi Uribek, Otxandioko alkateak, ANDIKONAKO ADIERAZPENAz jardun zuen. Bertan Euskal Herrian historian zehar gatazka politikoaren momentu ezberdinetaz hausnartu eta herri gisa, Euskal Herriak duen bakerako eskubidea defendatu zuen. Gainera, adierazpen honekin, baderako eskubidearen aldeko udal sarearen garrantzia aipatu zuen.

Joseba Felix Tobar Arbulu, Zierdamendin hil ziren gudarietako baten senidea da. Bere osaba Felix Arbulu 1936ko irailaren 25ean hil zuten ZIERDAMENDIN. Emandako hitzaldian, bere osabaren sorlekuaz, pentsaerez jardun zuen baina baita egin behar garrantzitsuetaz ere. Beharrezko baliabide guztiak lortzeko beharra azpimarratu zuen (instituzionalak, oroimen historikoa lantzen dugun taldeak, Zientzialariak, …) bere osaba eta Zierdamendin lurperatuta dauden guztiak hobietatik atera eta senideek hileta eta agur duin bat egiteko aukera izan dezaten.

Urteurren honek, jarraipena izango du bihar, Zierdamendin egingo dugun lore eskaintzan. Goizeko 11:30etan San Migeleko frontoian alkartuko gara gero gora igoteko.

Bonifazio Egurrola Kaltzakorta (Ondarroa 1898/11/13- Derio 1937/09/16)

Posted on Actualizado enn

Donato Egurrola eta Martina Kaltzarkota Berriaturarren semea, Ondarroan jaio zen, baina 12 urterekin umezurtz geratu ondoren Berriatuko Altxu baserriko senideengana joan zen bizitzera.. Boni ameriketara joan zen 17 urtekin lanera, bueltatu zenean Bolibarko Agarre baserriko Maria Onaindiarekin ezkondu zen.

Militar faxistek, kolpea habiatu zutenean, Bonifaziok 38 urte betetzeko zituen eta momentuko eztabaidetan, eta tertulietan ongi defendatzen zen, gizon argia eta eztabaidan azkarra zen auzoan taberna moduan zegoen alboko baserriko eztabaidetan. Bere ideiak aurrerakoiak ziren, hau ez zen oso gustuko hain nahasi ziren garai haietan, beste batzuentzat. Edozein aitzakia eta nahaste nahiko zen aurrerago egoera zailetan murgiltzeko.

Ez zen egoera gozoa, Ziortza-Bolibar eta Agarre baserria kokatzen den Ziarregi auzoa Euskadiko Gobernuaren aldeko erretagoardian kokatzen baziren ere, hainbat Ziortza-Bolibartar Frentean ziren faxisten aurka borrokan, edo-eta soldaduskan zeudela, faxistek lerroetara jaso zituztenak ere baziren.

Nahasteak eta garaiko eztabaida ideologikoak aparte, Boni Agarreren ardura nagusiena familia eta eguneroko bizitza aurrera ateratze ziren, beste herritar gehienena bezala. Baina frentea 7 hilabetez egonkortuta egon ondoren, 1937ko apirilaren 25ean sartu ziren lehen tropa faxistak Trabakuan behera, behera eta hurrengo egunetan Iruzubietatik gainontzekoak.

Hilabete batzuk geroago, Ziortza-Bolibar faxistek okupatu eta gero, Ikaztegiko, Arlabango eta Luzarkoak jarri ziren (besteak beste) udaletan Arlabangoak senide ziren baina hala eta guzti, badirudi beraien artean aurretik izandako nahaste pertsonalek eta auzokoen ezin ikusiak nahastu zutela egoera. Guardia Zibilak bere bila joan ziren etxera, Udaletxean agiri bat sinatu behar zuela esanaz, bertaratu zen baina gehiago ez zen itzuli. Auzoko eskumatarren ezin ikusietatik letorke Bonifazio Egurrola atxilotzeko zita.

1937an, uztailaren 30ean, Consejo de Guerra iraunkorrak, Procedimiento Sumarisimo de urgencia nº 223an, eta behin behineko kartzelaldian zela, sententziaren arabera, «komunista sutsua» izatea, herriko defentsa batzordeko kide izatea eta zinegotzia izateagatik akusatu eta epaitu zuten; adhesion a la rebelion zelarik bere delitua.

Epaitegi militar faxistak, heriotza sententzia deliberatu zuelarik, (1937ko abuztuaren 3an) aipatzekoa da, salaketa informeak, Markinako eta Bolibarko Guardia Zibilek, Bolibarko Udala eta Bolibarko Falange Tradizionalista y de las JONS-ek egindakoak zirela.

Bonifazioren emazteak, Mariak bi edo hiru aldiz, bere senarra bisitatzeko aukera izan zuen Bilbon kartzelan egon zen denboran, eta baita kartzelatik idatzitako hiru gutun jaso ere. Aurretik bezala, orduan ere, bere hiru semeak ziren Bonifazioren ardura, eta baita emazteak sabelean zuen laugarrena. Azken hau, galdu egin zuten, hileta 1937ko irailaren 14an izan zelarik.

Bere arrebak eta Don Domingo Bolibarko abadeak, sententziaren errebisioa eskatu zuten eta errebisio hau burutzeko, koinatak sinadurak bildu zituen; badirudi Ziortza-Bolibarko etxe guztietako sinadurak jaso zituztela, baita salatzaileen etxekoena ere. Hala ere, Bonifazio Egurrolari heriotza sententzia errebisatzeko eskaera egin zuten egunean, bigarren salaketa txosten bat iritsi zen epaitegira, eta errebisioa egin ondoren (1937ko abuztuaren 18an), lehenengo sententzia bera ezarri zioten.

Azken errebisio egitean, aurreko delituei, “pertsona arriskutsu”, “komite iraultzaileko kide”, “armatua ibiltzea”, “movimiento gloriosoko kideei tratu txarrak ematea eta isunak jartzea” bezalako akusazioak gehitu zizkieten.

1937ko irailaren 16an fusilatu zuten Derioko hilerrian, Munitibarko jatorria zuen Anbrosio Mallukiza Markinarrarekin batera.

75.urteurrena: Oroimena eta aldarrikapena

Posted on Actualizado enn

Irailailaren 23an Francok gidatu eta Molak bultzatutako kolpe faxistari aurre egiteko lehen mugimenduak hasi ziren Etxebarria, Markina, Urkaregi, San Migel eta Elgoibarren. Hori dela eta gerraren lehen egunetako gorabeheren inguruan hausnartu eta oroimen historikoa bizirik mantendu nahian zita luzatzen dizuegu.

Hilaren 23an hizlariekin eta irudien bidez osatuko dugu saioa, batetik Otxandioko alkateak (Santi Uribek) ANDIKONAKO ADIERAZPENAREN inguruan jardungo du. Bestetik, faxisten sarrera eta miliziano eta gudariak hauei aurre egiteko ahaleginen nondik norakoak azaltzen saiatuko gara eta bukatzeko 1936ko irailaren 25ean Zierdamenin (San Migel) izandako borrokaren inguruan arituko gara. Bertan hildako Felix Arbulu Bilbaoren senide Joseba Felix Tobar Arbulu izango dugu hizlari eta Zierda Mendin zauritutako Jose Maria Otsoa de Txintxetruren testigantza ikusi ahal izango dugu.