Mariatxo Martin Ibarloza, gaur duela 80 urte ihesi Donostiatik amaren jaioterrira
Mariatxo donostiarra da, abuztuaren 31 kaleko 12. zenbakian bigarren pisuan jaio zen 1927. urtean, baina ama ondarrutarra zuen. Kontxa Ibarloza nortasun handiko emakumea zen, errepublika garaian ere abertzaleentzako botoa eskatzen aritutakoa, erabakiak azkar eta taxuz hartzekoa.
Mariatxo Iruñan zen amarekin altxamendu kolpistaren aurreko egunetan. Giro nahasia nabarituta uztailaren 18an itzuli ziren Donostiara eta ondorengo gertaera gehienen lekuko izan ziren: herritarrak armaturik, itsas armadaren bonbardaketak, tiroketak eta abar.
Aita ebakuntza baten ondorioz inora joan ezinik, ama-alabak Ondarroarako bidea hartu zuten 1936ko irailaren 12an, Donostia faxisten eskuetan erori bezperan, gaurko egunez, duela 80 urte. Harrezkero Ondarroan bizi izan da beti.
Urriaren 4tik aurrera Ondarroan ere faxistak sartu eta Donostia bezela, frankisten eremuan izan arren, 7 hilabetez egon ziren aitaren berririk izan gabe. Tartean, Mariatxok ongi gogoratzen ditu Ondarroako zubien leherketak, faxistak nondik eta nola sartu ziren herrira, eskuindarrek kolpistei eskainitako harrera, eta beste hainbat pasarte.
Faxistek 1937ko otsailean Gipuzkoako hainbat familia kostako bidetik deserriratzera derrigortu zituztenean, ama alabak ere iheslari haiekin joan ziren, baina kostako txaleteko kontrol postuan zeunden eskuindar ondarrutarrek ez zien utzi lerroa igarotzen. Orndarroan, geroago frankisten errepresioa gertutik bizi izan zuen familiak: ama, izeba eta hainbat senideren atxiloketak, ama guardia zibilen kuartelera lanak egitera derrigortua, … gogoan ditu denak.
Gogoratzen du, lekuko izan baitzen, nola militar batek bere izebari eginiko sexu erasoa. Mariatxok salatu ondoren faxisten ofizial hori zigortu egin zuten. Antzeko egoera gehiago ere jasotzen ditu testigantzak, esaterako faxistak bat egindako italiarrak emakumeen atzetik zenbiltzala.
Garu balitz bezala kontatzen digu Donostiako etxeko goiko pisuko auzokideak beraien etxearen jabetza lapurtu zietela, etxeko tresna eta altzariak auzokide eskuindarren artean banatuz. Etxea hustuta, bere lehen jaunartzeko argazki hau, beste auzokide batek zaborretan aurkitu zuelako berreskuratu zuen.
Gerra osteko irainak eta mehatxuak, Saturrarango kartzela, bertan hildako emakume eta haurrak, Urberuagako kontzentrazio esparrua, biltzen ditu testigantza honek, luze jarduten du, mardula bezain testigantza garrantzitsua.