Jesusa Aierdi Egurrola
Jesusa Aierdi, jaio eta denbora gutxira Etxebarriko erberako Tomaseneko aurreko etxean bizi izan zen familiarekin. Baina gero, Iremateira joan ziren bizitzera, amaren jaiotetxera. Bertan harrapatu zuen familia guztia faxisten kolpeak, eta Kalamupean dagoen Irematein bertatik bertara bizi izan zituzten gerra borrokak.
Miliziano eta gudariak, etxe ondoan gora eta behera joaten sentitzen zituzten, etxetik oso gertu zeuden Maxeko, Zurdingo eta inguruko posizioak, hala ere, frentea mantendu zen hilabeteetan (1936 iraila-1937 apirila) etxean egon ziren.
Amaren nebak, Teodoro Egurrola Mandiolak, Kirikiño batailoian borrokatu zuen, eta gerra zauriak zirela eta Gernikaldean zegoen sendatzen. Pakete bat hartu eta Jesusaren izeba, Angelita, Teodoro bisitatzera zihoala, Gernikako bonbardaketak harrapatu zuen. Ordutik etxean ez zuten izebaren berririk jakin zazpi hilabetez. Etxera bueltatu zenean, izebak berak kontatu zien, Frantziara ebakuatu zutela itsasontziz, eta han egon zela denbora guzti horretan.
Gerra borroka uneez gain, momenturik gogorrena frentea hautsi eta faxistak sartzear zirela bizi izan zuten. Izan ere, miliziano eta gudariak ihesean zirela, ur pixkat hartzen geratu ziren Irematein; etxetik alde egiteko aholkatu zieten, erreketeak sartzear zirela eta. Horrela, 1937ko apirilaren 25ean, gauez, Irematei, Zubilla eta ingurukoak gurdiak prest etxetik alde egitea erabaki zuten, gauez. Bidean, auzoko ezagun bat aurkitu zuten, harekin hizketan hasi eta ezer gertatuko ez zitzaiela eta konbentzitu zituen. Guztiak etxera bueltatu ziren zetorrenaren zain.
Esta entrada fue publicada en Etxebarria, Testigantzak.