Euskararen Kate Hautsiak
Euskal Memoria Fundazioak hizkuntza zapalkuntzaren gaiari heldu dio oraingoan eta horren inguruko liburu mardula idatzi du Dabid Anautek, memoria dokumentala eta memoria bizia oinarri hartuta. Donostiako Aieteko jauregian egin dugu aurkezpena. Bertan, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua eta Oroimen Historikoaren zuzendari Marina Bidasoro, Joan Mari Torrealdai, Xabier Mendiguren, Itziar Aizpurua, Joxe Manuel Odriozola, Sagrario Aleman, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera euskalgintzako hainbat erakundeetako ordezkariak ere bertan egon dira.
“Bazterketa, debekua, mespretxua, zigorra, jazarpena… errepresioa. Euskarak eta euskaldunok asko sufritu dugu, luzez, gure hizkuntza indarrez desagerrarazi nahi izan dutelako. Ez dute lortu, baina eragindako kaltea geure orainaren parte da”, hitz horiekin eman dio hasiera
Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza jazarpenaren memoria liburuaren aurkezpen ekitaldiari Arantxa Erasunek, Euskal Memoria Fundazioaren kideak.
Erasunek azaldu duenez, liburua guztiontzako tresna izatea nahi du Euskal Memoria Fundazioak, oraina eta geroari begira. “Hurrengo belaunaldiei kontatzeko beharrezko dugulako kontakizuna, euskararen eta euskaldunen kontra egindakoaren egia ezagutu eta ezagutarazteko eta gertatutakoaren aitortzak soilik lortuko duelako zauriak ixteak eta euskara zamatzen duten kate horiek haustea”, esan du.Liburuaren izenburuaren arrazoiak azaldu ditu Anautek eta lan honetan jasotzen diren bi ardatzak bilduko zituen zerbait bilatu zutela esan du.
“Euskararen
aurkako zapalkuntza eta jazarpena da landu nahi izan dugun ardatzetako bat, liburuko ardatz nagusia; eta euskararen defentsa egin duen eta euskara bizkortu nahi izan duen mugimendua eta auzolana bestea, euskalgintza alegia”.