Jose Mari Eizagirre Urionabarrenetxea
Testigantza entzuteko:
Jose Mari Eizagirre (1913-2012) Albitxu. 1934an soldaduzkatik libratu bazen ere, 1936ko azaroan Markinako udalera joateko deia jaso zuen, Eusko Jaurlaritzak egindako deia zela eta Frentera jaso zuten.
Udaltzaina joan zitzaion etxera eta biharamunerako deiaren berri eman zion manta bat hartuta udaletxera ager zedin esanez. Gobernuaren partetik ibili zen gerran lehenbizi, Ibaizabal Batailoi abertzalean (Zubiaur konpainia). Orduan hasi zen bere “gerra ibilbidea” izan ere, 1936ko azaroan etxetik frentera jaso zuten eta 1939ko ekainaren 25ean bueltatu zen etxera.
Ibaizabal batailoiarekin, Bilboko kartzeletan guardiak egiten egon zen lehenbizi baina geroago, Otxandiora destinatu zuten batailoi osoa; Legution indarrei eutsi eta faxistak geratzeko asmoaz. Zaurituak hartatzea zen bere zeregina “camillero”.
Gerora, handik Ermuara destinatu zuten Ibaizabal eta Ermuan base nagusia zuten arren, Eibarko zein Elgetako frenteetara joaten ziren atakeak zeudenean.
Elgetan zeudela, faxistak gero eta gertuago (1937ko apirila) erretirada jo zuten, eta erretirada horretan, bere sorlekurantz urbildu zen gudari guztiekin batera. Bolibarren egin zuten lo gau batez, eta hurrengo egunean, Munitibarrera joan ziren; erretaguardian zeuden baina etsaia gertu zuten.
1937ko apirilaren 25ean Munitibar bonbardeatu zuten faxistek eta bonbardaketa hau tropa abertzaleak han zeudela gertatu zen, tartean Jose Mari bera. Hurrengo eguna, izkutuan eta ezer jan gabe pasatu zuten, Gernika bonbardatu zuten eguna zen.
Egoera ikusita, burkide baten etxera joan ziren Munitibarko Gaztaineta baserrira, gauez. Han talo eta esnea afaldu ondoren gaua pasatu zuten.
Biharamunean abisua eman zieten, Gaztaineta etxekoek, Bolibarko, Zeinke auzoko Madalena ermitan frankoren bandera jarri zutela; eta hori horrela izanik, Jose Mari,bere kidea eta batailoiko beste zenbait bertan entregatu ziren, faxisten esku gertau zirelarik.
Preso hartuta, Bolibarrera jeitsi zituzten, han fitxa eginda, guztiak Bergarako kartzelara eraman zituzten. Gau bakarra egin zuten han, gero Gasteizera eraman zituzten trenez eta hango kartzelan izan zituzten 12 egunez.
Faxistek, preso hartutako abertzaleak beraien batailoietan antolatu zituzten, Jose Mari Burgosko konpainiako kide izatea erabaki zuten.
Frankon tropekin, hainbat lekutan ibili zen, ametrailadoreekin Bizkargin, Bilbon, Santanderren, eta Asturiasen, non rantxero lanak (sukaldari) egin zituen Ebroko borroketan ere izan zen, non bere kide bat tiro batek jo eta bizkarrean eraman behar izan zuen. Kataluinia osoan zehar eraman zuten eta Madrilgo (sector Tajo, Toledo) borrokak ere bizi izan zituen.
Bizkargikoa oso gogorra izan zen beretzat, eta behin hau gaindituta, Bilborako sarrera Bidebietatik (Basauri) egin zuten batere tirorik gabe.
Gerra bukatu zen eguna gogoan du, Toledoko mendi bat hartu zuten egunean izan omen zen, 1937ko apirilaren 1a; baina 1937ko ekainaren 25ean bueltatu zen Albitxura, han bizi da egun.
Esta entrada fue publicada en Bolibar, Testigantzak.