E.E.36 fusil-metrailador

ā€œLa Argentinaā€, Esperanza y Cia enpresaren ekoizpena atzerriratzeko 1937ko proiektua.

Posted on Actualizado enn

ArgazkimoduenGerra Zibilaren garaian, Euskal Herriko eremua matxinoen esku erori ondoren, Argentinan arma eta gerrarako materiala ekoizteko proiektu bat landu zen, ā€œLa Argentinaā€ deituriko proiektua.

Armagintza sektoreko 3 industria-buruk (ā€œGarate Anitua y Ciaā€ko Luis Ormaetxea, ā€œEsperanza y Ciaā€ko Castor Uriarte eta ā€œStarā€eko Valentin Suinaga) eta Eusko Jaurlaritzako Ameriketarako Delegatu Komertziala zen Tomas Zulaikak zituzten esperientzia, baliabide, patente eta Euskal Herritik erbesteratutako langile kualifikatuez baliatuz, enpresa handi baten proiektua aurkeztu zioten Eusko Jaurlaritzari, haren babesa eta finantziazioa eskatuaz.

1937ko irailaren 3an aurkeztu zuten proiektu hau Ameriketako merkatura bideratuta zegoen. Espainian gerra bere gordintasunean egon arren, errepublikaren defentsan ari zirenak hornitzeko asmorik gabe sortutako proiektu honek ez zuen erantzunik jaso eta bertan behera geratu zen.

GarateAnituaCiaFrentearen hurbiltasunaren eraginez eta 1936ko irailean eta urrian lantegiak jasandako bonbardaketagatik, ā€œEsperanza y Ciaā€ enpresa Markinatik Zamudiora eraman zuten. Derioko eroetxearen eraikinean eta San Mames futbol zelaiaren tribunaren azpian izan zituen lantokiak. Mortero eta granaden ekoizpenean zuen balio estrategikoagatik hainbat aldiz ā€œLegion Condorā€en airezko erasoak jasan zituen, gogorrenak 1937ko maiatzean eta 1937ko ekainaren 11an,Ā instalazioak faxisten esku erori baino bi egun lehenago izandakoak. Azken eraso honetan zauritu ondoren, biharamunean Etxebarriko Saratzuerdi baserrikoa zen Antonio Arregi Arrizabalaga langilea hil zen. Enpresa militarizatuta zegoenez, gure inguruetatik joandako langileez gain, mobilizatutako langileak aritu ziren ekoizpenean.

ā€œEsperanza y Ciaā€ enpresa Zamudion egon zen tartean ā€œE.E.36 fusil-metrailadoreaā€ modernoaren diseinu eta prototipoak garatu zituzten. Arma hau ā€œLa Argentinaā€ko ikurretariko bat izan behar zen.

StarBaina proiektua ez zen atera eta faxistek Zamudioko ā€œEsperanza y Ciaā€ko ekoizpena laster berreskuratzeaz gain, handitzea lortu zuten, gerraren iraupenerako arma egarri ziren. Tartean hor dago Miren Kasilda Aginaga markinarrak jasandako zigorra, abertzalea eta galtzaileen parteko izanda ere bertan lanean jarraitu zuelarik, ā€œPlato Unicoā€ deritzona ez ordaintzearren 1938 maiatzaren 27an enpresako jantokian atxilotu eta ondoren kartzelaratua izan zena.

ā€œLa Argentinaā€ egitasmoan buru-belarri aritutako enpresarioak, proiektuaren porrotaren ondoren, berregokitu eta egoera berrira moldatu ziren, faxisten aldean zituzten enpresen etorkizunaren alde ā€œnormalitateraā€ itzuliz. Horrela urte batzuetara ā€œEsperanza y Ciaā€ enpresa Markinara itzuli zen eta tartean gerra gatibuak eskatu eta ekoizpenean erabili zituen, geroago modernizazio aro bateri ekin eta instalazioak berritu eta handitu zituelarik, 1994. urtean itxi arte.

Hemen irakurgai ā€œLa Argentinaā€ proiektuaren inguruan osatutako hainbat dokumentu: