Iaz, frenteko porlanezko posizioetara egindako bisita: «Bunkerretan»

Posted on

Iazko urrian, Gerra Zibila egonkortu ondorengo Frenteko posizioak lekutzeko asmotan irteera bat egin genuen. Lehenengo lerrotik atzeragoko posizioak aztertu asmoz, perretxikotan legez, bunker eta ametrailadore abixa bila ibili ginen. Ordenadorari hautsak kentzen ibili ondoren hemen horren lekuko post hau.

Elkarte edo leku diferentetakoak batu ginen, eguraldi txarrari aurre eginez, Mikel Lizarralde, Oier gorosabel eta Imanol Trebiño Eibartarrak, Frentes de Euzkadiko esperientzia haundiko  Jon Etxezarraga «Akondia», Francis «Montaud» eta Josu Algortakua eta gu, AHAZTUEN OROIMENA, Markinaldeko Frentea 1936ko kideak.

Ibilbidea, polita bezain gora beheratsua: Aginagan hasi, handik Barinagara jeitsi, Eliza atzetik Makardara (Itxurretara) eta Baldakotxuntxurratik, Iparragirrera, Markina-Xemeinera jeisteko. Bide honetan egindako argazki gehiago ikusi nahi ezkero hona hemen MIKEL LIZARRALDEREN «Bunkerretan» bilduma.

Aurkitu eta aztertu bagenituen ere, batzuk kalte haundiak izan dituzte urteak pasatu ahala, beste batzuk guztiz baztertuta, eta lurrez erdi beteta daude, besteak sasiz beteta. Baina hor daude.

Faxistei aurre egiten saiatu ziren, Egixarren orain 75 urte

Posted on Actualizado enn

Gerra zibilean beren borondatez, faxistei aurre egitera joandakoak omendu nahi izan ditugu,hain zuzen Egixarre inguruan hildako miliziano eta gudariak. Urriak 21ean, Jose Sagarna afusilatu eta biharamuenan, borroka gogor bat izan zen eta inguru honetan.

Akarregin zeuden milizianoek Oruntzen zeuden faxistei eraso bat egitea,eraso bat hastea zuten helburu; hemendik aurrera segi, Kalamuan zeuden Nafar Brigadetan osatutako erreketeak eta harutzagoko guztiak bota eta Otxandiotik, Legutioko azken borroka gogor bat eginda Gasteiz berhartzekotan.
Operazio haundi baten hasiera, edo ahalegina egin zuten, boluntarioak ziren herritarrekin, bi batailoi behintzat izan ziren atakea egin zutenak, bakoitzak 750 pertsonez osatuta. Xemeinentik; Ubilletik gehienak,  Beidetik eta Okokitik besteak Zulutan zehar, egixarrera arte heldu ziren, borrokarako prest.

40 edo 60 borrokalari hil zirela uste da borroka honetan, eta hilotzak lurgainean geratu ziren inork ezin izan baizituen jaso. Hainbat testigantzetan jaso dugunez, miliziano batzuen gorpuak, arropa, arma eta guzti lur gainean iraun zuten.

UGT1 eta PNVko beste batailoi bat izan ziren borroka egin zutenak, Fulgencio Mateos eta Ledesma zirela buru urrenez urren. Fulgencio Mateos, Bilboko zinegotzi sozialista izateaz gain milizien arduraduna zen, baina lehen lerroan ere borroka egin zuen, Egixarren zauritu 1936ko urriaren 21ean eta urriaren 25ean Bilbon hil zen.

Honelako borrokak, erakusten dute, faxismoari eta balore demokratikoen alde borrokan aritutako jende askok parte hartu zutela. Beraiei gure omenaldia eta errekonozimendua.

ARGAZKI GEHIAGO LOTURA HONETAN

Jose Sagarna eta Fusilatuei omenaldia 75.urteurrenean

Posted on Actualizado enn

Jose Sagarna Uriarte, 1911ko azaroan jaio zen eta 1936an, urriaren 20an afusilatu zuten faxistek Amulategiko soloan. Molina komandantea zen garai horretan, frenteko inguru horretan aginte postuko agintaria. Faxistak, urriaren lehenengo domekan sartu ziren Amulatei eta Mandiolararte eta hango inguruetan finkatu ziren zazpi hilabetez.

Jose Sagarna, 24 urte zituela, abade egin barri, abade gaztea Xemeinera (Larruskainera eta Amallora) destinatu zuten, geroago Berritatuko ardura ere izango zuena. Salaketa faltsuekin edo inungo oinarririk gabeko salaketa edo akusazio baten ondoren, Larruskaingo Manuel Larruskainek gerra egitera etorritako faxistei aitzen eman zien Sagarnaren kontra zituen barruko egonezin pertsonalak.

Gauzak honela, Jose Sagarna Amillagarai goikoan atxilotu zuten, begiak zapi batez estali eta Larruskaingo elizan giltzapetuta eduki ondoren atxilotuta eraman zuten. Bidean, Amulatein, eskuak lotzeko «molla soka» eskatu zieten bertakoei eta ondoren Mandiolara eraman zuten. Mandiolako kortan sartu zuten gau batez, bertan eduki zuten eta nonbait errukituta, Periko Mandiolak, (beti Manuelekin zebilen) lotarako mantaren bat eta janari beroa eman zion. Biharamuenan, Jose Sagarnak azken eskari gisa, Larruskaingo eliza ikusten zan leku batera eraman zezatela eskatu zuen. Horrela, 1936ko urriaren 20an, goizean goiz, hil egin zuten.

Gaur, 75 urte geroago, ekitaldi xume batez hau guztia gogoratu nahi izan dugu. Hurbildutakoei agurra egin eta txalaparta soinuekin bildu gara, Jose Sagarna afusilatu zuten lekuan bertan. Gaurkoan azpimarratu nahi izan dugu, Jose Sagarnak eta gerra zibilean beste askok bezala inungo defentsa eskubiderik, galderarik barik, abogaturik barik… hil zituztela, eta kasu batzuetan pentsakera ezberdinagaitik izan bazitekeen beste batzuetan (Jose Sagarnarena adibidez), ezer egin barik.

Afusilaketa honek, inguruetan eragin haundia izan zuen, beraien abadea, gaztea eta estimatua hil zieten eta gaur, 75 urte geroago sentimenduak bizi bizi ikusi  dugu bertakoen begi eta aurpegietan. Jose Sagarna Zeanurikoa zen, baina Markina, Etxebarria eta Bolibartarrak ziren herritarrak ere afusilatu zituzten:

  1. Hilario Aretxabaleta Arriola (Markina)
  2. Bonifacio Egurrola Kalzakorta (Ziortza)
  3. Juan Loiola Izagirre (Xemein)
  4. Anbrosio Mallukiza Albaolea (Markina)
  5. Celestino Onaindia Zuloaga
  6. Jose Ignacio Peñagaricano Solozabal (Etxebarria)
  7. Jeronimo Sanchez Pesado (Markina)
  8. Ramon Zuazo Otalora (Ziortza)

 

Oroimen historikoa lantzerakoan, azpimarratzekoa da, Amulategin, Amillagarin edo inguruko baserrietan eta baita Sagarnatarren etxean garaiko beldurrak, umilazioak etab sufritu arren gertaera basati hau transmititzeko izan duten gaitasuna. Fusilaketa hau, auzotarrek ez dute inoiz ahaztu, eta gaur, Amulategiko ekitaldian elkartu den jendetza horren isla da.

Gaur bertara etorri dira, auzoetako herritarretaz gain Sagarnaren familiako kide asko, bere arreba Vicenta Sagarna, hainbat iloba, Markina-Xemeingo eta Etxebarriko hainbat zinegotzi, Markina-Xemeingo alkatea, eta herritar ugari. Guztiei eskertu nahi diegu bertara etorri izana baina bereziki hau antolatzen eta borobiltzen lagundu diguten guztiei: txistulariak, dantzariak, Alpino mendigoizale taldeari, Bertsolariak… era batera edo bestera bere apurra eskaini duten guztiei. Eskerrik asko.

ARGAZKI GEHIAGO LOTURA HONETAN

Juan Zabala Sololuze

Posted on Actualizado enn

ENTZUN:

Juan Zabala Sololuze (Amulategi, 1926 – 2010  Markina-Xemein).

Amulategin jaio zen. Oso gertutik bizi izan zuen gerra zibila. Amulategi, soldaduz beteta egon zen, erreketeek etxeko korta eta inguruak hartuta zituzten. Puesto de socorro bezala hartu zuten beraien baserria eta etxetik alde egin behar izan zuten zenbait hilabetez.

Juanek ezagutzen zuen Jose Sagarna abadea, bere akolitua ere izan zen eta ondo gogoan dute etxekoek Jose Sagarna Uriarte abadearen fusilaketa. Izan ere, Amulategiko soloetan izan zen gertaera hau. Gainera, etxeko sukaletik, Francisco Zabalak (amulateiko aitxitxek) fusilaketa ikusi zuen, 1936ko urriaren 20an, goizean goiz. Molina agintari faxistaren aginduz hainbat erreketek hil zuten abade gaztea. Gero, Francisco Zabalak, egurrezko estaka bat jarri zuen eta ondo zaindu zuen urteetan, estaka usteldu ahala barria jarriz eta berdin egin zuen Juanek, estaka ikur moduan mantenduz, urteak joan eta urteak etorri; 1988an Markina-Xemeingo udalak egun ikus daitekeen porlanezko gurutze sendo bat jarri arte.

Gerra denporan, gerra etorri zenean, 1936an izan zen gerra, 10 urte nituen, soldaduak hemen egon zirenean eta abadea hil zutenean. Amulatei zan, Puesto socorro, Mandiola puesto de mando, Oruntze, casa dorotea, Usozabal, caserio de la luz, (argia zegoelako) Arnorixa zan caserio obispo, eta Atsoin Zabalen deitura ez dut gogoan.

Gu familia haundia ginen eta lehenengo Larruskain Errotan egin genituen egun batzuk, osaba Jesusenean, gero Egixaunera joan behar izan genuen, izeba-osabengana eta han beste hamabost egun egin genituen. Handik ere bota gintuzten eta Olatzera joan ginen, han bost hilabete egiteko, Txurruka baserrian. Bueno, ni ez, nik hilabete egin nituen Olatzen.

Frentea inguruetara etorri zenean, Rubio Mandiola eta Manuel Larruskain Arno-Bat aldera urbildu ziren frentera, inguru horretara urten ziren frankistengana eta eurokin bat eginda etorri ziren tropa guztiarekin. Amulategira iristean, Rubiok zera esan zion amari: Karmen, hamen honek ume danokin ezin zeinke gelditxu, alde ein biozu hamendik ze hamentxe doiez gatza, tropie hamentxe gelditza doie asi que hamendik alde ein biozue nonora. Baina ni, nagusitxoa, aitarekin eta aitxitxe-amamarekin Amulatein geratu nintzen.

Abadea, lehenengo ekarri zutenean, egun horretan, gu Larruskain Errotan geunden. Ama eta neba arrebak jeitsi ginen osabarengana Larruskain Errotara. Amilagarai goikoak etxean ziren, hara eraman zuten Jose Sagarna eta Amilagarai goikoan egin zuen gau bat. Hurrengo goizean, behera joateko abisua egon zen, neure anai Txomin etorri zen,mutikoa, Larruskain errotatik, abadea behera eramateko abisua eman zutela esanez. Sagarna abadea, geldi geratu zen, ikerarik ere ez zuen egin.

Gero, Tia Florenek lortu zuen eramatea, abadearen bila etorri zen, Amilagaraira. Joateko agindu zutela eta jeitsi zedin…Orduan hartu zuten eta Larruskaingo elizan sartu ondoren giltzapean itxi zuten hantxe.

Errotara joan zitzaizkien soldaduak abisuarekin, eta Tia Florenek bazekinen Jose Sagarna Amilagarai goikoan zela, Txomin bidali zuen, Abadeari jeitsi zedin esatera. Baina, Sagarnari bildur txarra sartu zitzaion eta Txominek esan harren ez zuen ikerarik egin. Tia Florenekin jeitsi zen.

Tia Florenekin jeitsi zenean, Errotan barruan sartu zen, han, Tia Floreni esan zion joan beharra zuela baina bere zerbait hartu nahi zuela; goiko logelara joan zen eta bitartean Tiak arrautza bi egosi zizkion, hurrengo noiz jango ote zituen kezkaz. Bere errezu liburuak eskuetan hartu eta Errotatik atera zenean elizan sartu zuten.

Larruskaingo elizak ate bakarra duenez, soldaduek itxi zuten atea eta giltza beraiekin zutela, Txilerren tabernara joan ziren, banketera, giltza poltsikoan zuten bitartean.

Gero atera zuten Sagarna, bazkaria bukatu zutenean eta Amulategira arte ekarri zuten. Etorri zirenen artean, Sarjento txiki bat mozkortuta ekarri zuten, zaldi baten gainean eta haren atzetik abadea. Hona iritsi zirenean, kortako sarreran, galdetu zioten amama Mari Inesi:

– Cuantos años tiene aquel, (amoma gaitxik) jakin bazekien baina erderarik egin ez eta ni ere mutikoa, esan zien:

– Tres veces veinte y doce. (72)

Amamari eskatu zioten soka bat. Moila soka bat eman zien amamak, lehenako alanbrezko moilak kompontzeko erabiltzen zan soka mehea; matazan etortzen zen eta amamak hura eman zien. Orduan, hemen lotu zizkieten eskuak, atzean, eta begiak estali zizkien; gero Mandiola goikora eraman zuten, egun bustiak izan ziren dirudienez eta bidean, batean jausi bestean jaso joan omen zen,gero Mandiolan bazter batean eduki zutela esaten zuten. Han egin zuen gaua.

Hau bitartean, dena soldaduz beteta egoten zen dena. Guk hor etxostean, labea zegoen lekuan egiten genuen bizimodua.

Kortan eduki zuten Jose Sagarna gauez, eta erreketeekin konpainian zebilen abadeak konfesatu ere egin omen zuen, hil egin behar zutela esan ziotenean, horren jakinean zegoen. Badirudi abade horri utzi ziola etxekoentzat oroigarriren bat. Gau horretan, badirudi, Periko Rubio, errukitu egin zela bere parroko izan zenarekin eta denak erretiratu zirenean, katilukada bat esne eraman ziola kortara.
Biharamunean, goizean sasoiz, goizeko 8etan ekarri zuten berriro Amulategira. Da Aitxitxek esan eixotzen amamai:

– abadie daroie hiltxa hontxe,

– holakoik ezta gero!

Segidan tarratadie, rrrrrra!

– han bota dabe.

Berak eskatu omen zuen, San Inaziori begira hiltzea. Horregaitik hil omen zuten hemen, hau soldaduz beteta zegoen baina agindu postua Mandiola zen; berak eskatuta Larruskainera begira hil omen zuten, bestela ez zuten hona ekarriko.

Eskatzeko leihotik ikusi zuen dena aitonak. Orain kurutzea jarrita dagoen lekutik, goitik behera ikusten zen Larruskaingo kanpandorrea.

Comandante Molinak agindu zuen Jose Sagarna hiltzeko. Galiziarra zela esaten zuten Molina, eta Sagarna afusilatu eta 24 ordura, abadea hil zuten lekuaren azpiko partetik zehar, kamilan eraman zuten; San Miguel aldean hil egin omen zen.

Entzun genuen, Jose Sagarnak, 24 ordu barru zerbait etorriko zela esan zuela, signifikantzie. Hil soldaudek hil zuten baina azkenean tiro de gracia Molinak eman zion.Gero Larruskainera eraman zuten. Kamila batean eraman zuten, boluntarioak eskatuta. Hil eta gero ikusi nuen Jose Sagarnaren hilotza baina hiltzen nik ez, Aitonak bai ordea.

Amulategitik kantinkada esnea eramaten zuen aitak; Frantzizko Zabalak, Larruskain errotara eta goiz horretan, bueltan zetorrela, Amilagarai behekotik goikora bitartean, Garrapilotontorra esaten diogun lekuan, aita goruntz zetorrela, orduan zeramaten Don Jose goitik behera. Aitak botak ezagutu zituen, bistan zeramatzalako, eta bigarrenez manta. Hil zutenean manta bat eskatu zuten Amulatein eta gure amak Egixaundik arriuen ekarritako manta ezagutu zuen, hertz marraduna. Kamila batean zeramaten, afusilatu zuten soldaduek beraiek helduta. Han amaitu zen harena.

Biharamunean, (hemen egiten ziren kafeak eta arrantxoak), gure aitona Julian joan zen kafe perola haundia idi burdian hartuta soldaduei eramatera, Mandiola Goikora eta etxe kontrara sartzen zegoela, handik Ibergundik kainonazoa! Arin sartu zen aitona etxe ostean baina kainonazoa etxeko sukaldean sartu zen Comandante Molina larri zaurituz. Manuel ere zauritu egin zen, Manuel Larruskain (han bai zegoen denbora guztian soldaduekin, Rubio bezala) eta aitonak kontatzen duen, bere gurdi gainera ekarri zietela Molina hori, lehenengo zauriak sendatzera baina kamilan hartu eta eraman egin zuten. Amulategin zehar, eskuak gora jasotzen zituen baina Urkaregi orduko hil egin zen. Ospitalera eraman zuten, Altzolan zegoen ospitala; ni ere han egon nintzen elgorriarekin, soldaduek kamilan eraman ninduten.

Gezur asko ere esan dira Jose Sagarnaren afusilketaren inguruan. Neuk dakit Amilagarain gau bat egin zuela, varias noches egon zela, telefonoko alanbreak mozten ibili zela… zerbait ipini behar eta! Gezurrak! Besterik ez zegoen orduan, Gezurra! Delitua jartzeko, guzurra, gezur naturala salaketari indartzeko.

Sagar arbola zutundu egin zala eta ez zala ere, mugimendu haundia izan zen hemen. Guardia zibilak hasi ziren etortzen eta orduan ere etxea beteta eduki genuen, guardia zibilez.

Markineko Sadak esaten zuen, hori ez zela ez abade ez ezebez, hori telefono kableak mozten ibili zela zegoela salaketa. Idatzita omen zegoen. Baita espia gisara ere. Espia zela abadea izan beharrean… eta sinetsi askok horrek!

Sagar arbola zutundu egin zen hemen! Egia izango ez da ba! Abadea afusilatu zuten lekuan! Egia purua da hori! Hilabete justu egin zuen zutik, ez erdi kili-kolo, ez ez, zutik eta zuzen! Zuzen baino zuzenago. Sagar arbola izateko haundia gainera. Harek zuen gerria… Sadak urteak geroago esan zidan behin:

– Aquello de la manzana era mentira no?

Que va ser mentira, esan najutzan

– Aquello era verdad

– Calla, calla, calla!

Egixe esan arren sinestu ez! Baina guk hori zergaitik zutundu zen ez dakigu baina batek eta besteak esan harrren eztotzuet ba sinisten; etxostek ardureik pez.

Amulategiko eta Egixarreko ekitaldiak komunikabideetan

Posted on Actualizado enn

ARRATE IRRATIAN: Ostirala, 11:20 «hamaiketakoa» saioan.

ZUZENEAN HEMEN

BIZKAIA IRRATIAN: Larunbatean 12:15etan

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA (2011/10/21)

Pako Etxeberria “Exhumando fosas, recuperando dignidades” hitzaldia

Posted on Actualizado enn

ENTZUN HITZALDI OSOA:

«No se puede devolver la dignidad al que no la ha perdido nunca»
«Lo que encontramos no son huesos, son dignidades»

  

Aranzadiren erakusketa martxan eta Paco Etxeberriaren hitzaldia ostiralean

Posted on Actualizado enn

Markina-Xemeingo Garaian elkarteak antolatuta hitzaldia izango da ostiralean Uhagon kultur gunean.Paco Etxeberria Gabilondo Aranzadi zientzia elkarteko antropologia elkarteko lehendakaria da eta Gerra Zibileko desagertuak eta hobi komunak aztertzeko eratutako lantaldeko buru dihardu. Hildakoak hilobietatik ateraz, duintasunak berreskuratuz hitzaldia eskainiko du ostiralean, urriak 7an UHAGON kulturgunean.

Bestalde, «Hildakoak hilobietatik ateraz duintasunak berreskuratuz» –  «Exhumando fosas, recuperando dignidades» erakusketa ikusgai dago Uhagonen Urriaren 3tik 23ra egunero 18:00etatik 20:00etara.

Zierdamendi: isiltasunetik omenaldira, aldarrikapenera

Posted on Actualizado enn

Gaur goizean Zierdamendiren alde bietako herrietatik, bertako pagadian bat egin eta 1936an han hildakoei omenaldia egin diegu. Gaur 75 urte baina, Diaz de Riveraren indar faxistak, Nafar Brigadetan antolatutako erreketen indarrarekin, Elgoibar aldetik Bizkairantz sartzeko helburuarekin sartu ziren; balore demokratikoak eta herritarrek aukeratutako sistema defendatzen zituztenak armen tiroz aurrean eramanez.

Zierdamendin ziren anarkistak, milizianoak eta eratu berri ziren Zubiaur eta Garaizabaleko boluntarioak. Bizkaitarrak guztiak: Mungia, Bilbo-Begoñakoak, Santurtzikoak, Barakaldokoak… baina irailaren 24an Bilbotik abiatu, eta 25 egunsentirako hainbat hil zituzten. Batzuen izenak badakizkigu, Zubiaur konpainiako 6 gudari 1982an Derioko hilerrian hobiratu zituzten, baina egun oraindik hainbat gorpu lurpean daude.

Gaurko ekitaldi honekin, beraien borondatez, faxistei aurre egitera etorri ziren eta zauritu zein hil zirenei gure besarkadarik beroena eskaini eta omenaldia egin nahi izan diegu. Baita, beraien familiei gure gertutasuna eta elkartasuna adierazi.

Hemendik aurrera lanerako ordua da, erreparazio oso bat lortu arte, benetako justizia egin arte. Duintasunez. 75 urteren ondoren.

Lotura honetan gaurko ekitaldiko argazkiak.