FOSIL GIDARIA. GERRA ZIBILAREN ARKEOLOGIAALDI BATERAKO ERAKUSKETA GERNIKAKO BAKEAREN MUSEOAN
Josu Santamarina Otaola

Gernikako Bakearen Museoan irailaren 18an hasi eta otsailaren amaiera arte egongo da Fosil gidaria. Gerra Zibilaren arkeologia aldi baterako erakusketa. Proiektu honen komisariotza Ander Gondra arte-historialariak eta nik, arkeologo gisa, aurrera eraman dugu.
Hasteko, II. Errepublikarekin amaitu zuen gerra hasi eta 90 urtera… zer gehiago jakin daiteke Gerra Zibilaz? Artxibo-iturriak ditugu, eta, gaur egun, memoria-lege berriei esker, iraganean baino irisgarritasun handiagoa dute. Ahozko iturriak ere baditugu, nahiz eta, kasu honetan, denboraren joanak horien desagerpena eragiten duen eta gero eta zailagoa den urte haiek bizi izan zituzten pertsonak elkarrizketatzea.
Pertsonak falta direnean, geratzen zaigun guztia kultura materiala da: argazkiak, marrazkiak, testuak… eta, jakina, objektuak. Aldi baterako erakusketa honetan, Gerra Zibileko arkeologiari buruzko hamarkada batez garatutako ikerketen lagin txiki bat eskaini nahi dugu. Abiapuntua Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) egindako doktorego ikerketa izan zen. Urte hauetan, fronteetako defentsa-aztarnen bi katalogo egin ditugu, hainbat gerra-postuetan indusketa-kanpainak martxan jarri ditugu -San Pedro mendia, Keturako bunkerrak, Oketa eta Burbona mendiak, Markinako bigarren defentsa-lerroa, eta abar-, eta harremanak ezarri ditugu memoria historikoko elkarte askorekin.
Horren emaitza erakusketan ikusgai dago: Gerra Zibilaren aztarnei buruzko ibilaldi txiki bat da publikoak aurkituko duena. Aztarnek erakusten dute gerra ez dela iraganeko zerbait, etengabe eraikitzen ari den orainaldikoa baizik. Izan ere, gela hauetan bildutako objektuek iraun egiten dute eta gaur egungo mundua osatzen dute. Gure historia tragikoaren parte dira, baina erlikiak ere badira (latinezko relinquere hitzetik eratorria, «irauten duena»), gorroto-diskurtsorik, militarismorik eta genozidiorik gabeko etorkizuna irudikatzera behartzen gaituztenak, hau da, faxismorik gabeko geroa imajinatzera.
Jarraian, Fosil gidaria erakusketa osatzen duten 8 ardatzen aipamen laburra.
- Lurra. Ahanztura-geruzak
Atal honetan, gure lurraldean dauden Gerra Zibileko aztarnei buruzko lehen ikuspegi arkeologikoa eskaintzen da. 90 urteren ondoren, paisaien erabateko eraldaketa da deigarriena. Adibidez, belardi batean lubaki bat zegoen tokian, gaur egun pinu-landaketa bat dago, eta badirudi horrek lekuaren iragan belikoa ezkutatzen duela.
- Zementuzko irlak
2016tik aurrera, Gerra Zibileko defentsa-aztarnak katalogatzen hasi ginen, eta, horretarako, Euskal Kultur Ondarearen Zentroaren laguntza izan genuen. Urte gutxiren buruan, 210 defentsa-posizio baino gehiagoren presentzia dokumentatzea lortu genuen, bai Euzko Gudarostearenak, bai armada errebelde edo frankistarenak ziren posizioak alegia. Horietako batzuetan hormigoizko gotorlekuen aztarnak kontserbatzen dira, gatazka horren aurpegi teknologiko eta hotza erakusten dutelarik.
- Grafitiak. Ahots galduak.
«Galeraren ahotsak» ere aipa litezke. Euzko Gudarostean borrokatu zirenek aurre egin behar izan zioten gudu-zelaietako heriotzari, baina, baita espetxe frankistetako zigorrari eta heriotzari ere. Gerra ondoren, 40 urteko diktadurak isiltasun erregimena ezarri zien gudariei eta euskal milizianoei. Hala ere, hori baino lehen, gerra betean, borrokalariek hainbat grafititan utzi zuten arrastoa, gaur egun oraindik ere gerrako gune nagusietan mantentzen direnak. Faxismoaren aurka borrokatu eta ondoren ahanztura pairatu behar izan zutenen ahots galduak -eta berreskuratuak- dira.
- Papera. Berreskuratutako letrak.
Normalean, iturri idatziak artxibo eta hemeroteketan kontsultatzen dira. Baina Gerra Zibila bezalako iragan hurbilagoaren arkeologiak irakurgai bereziak berreskuratzeko aukera eman dezake (noizean behin). Esate baterako, San Pedro/Askuren mendian, Urduñako frontean, lehen lerroan Euzkadi egunkariaren ale bat aurkitu genuen, EAJren prentsa organoa. 90 urte geroago, Araba Batailoiko gudariek gerra-frontean irakurtzen zutena ikus dezakegu.
- Metala. Milizianoaren txapa
Arkeologian oso zaila da gaur egun lurpean aurkitzen ditugun objektuak zituzten pertsonak izen-abizenez identifikatzea. Baina badira salbuespenak. 2018an, Manuel Mogrovejo Arnaiz miliziano komunistaren identifikazio-txapa aurkitu genuen San Pedro mendian. Zornotzan jaioa, borrokalari honek lehen pertsonan bizi izan zituen Gerra Zibileko eta Bigarren Mundu Gerrako gertaera historiko nagusiak. Tragedia eta fortuna erdibana elkartu ziren bere bizitzan: Mogrovejok itxialdia jasan zuen Mauthausengo esparru nazian, baina izugarrikeria hartatik bizirik atera ahal izan zen errepublikar bakar horietakoa izateko zortea izan zuen.
- Lubakiak. San Pedro/Askurengo objektuak eta San Pedro/Askuren. Defentsa posizio baten autopsia
San Pedro/Askuren mendia, Urduña eta Amurrio inguruan, Euzkadiko Gudarostearen defentsa-posizioa izan zen 1936 eta 1937 bitartean. Lau indusketa-kanpainatan zehar, borroka-frontearen ikuspegi gordin eta intimoa eskaintzen digun kultura material ugari eskuratu ahal izan dugu: metraila-zatiak eta armamentu ugari, baina baita eguneroko objektuak ere, hala nola txupito kopa bat eta mahai-tresnak.
- «Garaipenetik» haratago
Francok izua eta zigorra ezarri zien «garaituei», eta, aldi berean, gurtza ofiziala ezarri zuen «erorien» omenez (“caídos por Dios y por España” delakoak). Diktadurak lurraldea monumentuz bete zuen, gaur egun oraindik gurutzeak, uztarriak eta geziak bezalako sinboloak dituztenak. Hala ere, zeintzuk ziren Garaipenaren aurretik Francorekin borrokatzen zutenen sinboloak? Gela honetan «Garaipenaren B aldea»-ren irudia dago: borrokalari xumeen eguneroko objektuak, soldadu italiarren grafitiak Guardiako leihatila batzuetan, etab. Pieza hauek frankismoaren “Historiaurreari” buruzko ikuspegi desberdina eskaintzen digute.
Gainera, erakusketa honetan hainbat diziplinatako artisten laguntza paregabea izan dugu. Jarraian, artistei buruzko aipamen labur bat:
Verónica Domingo Alonso artista bizkaitarrak, duela gutxi Museo horretan bertan beste lan batzuk erakutsi zituenak, Keturako bunkerretan (Araba) dokumentatutako grafiti batzuk berrinterpretatu dituen olio-pintura bat utzi digu. Lehen lerroan zeuden bi gotorlekuetan, 1937ko martxoaren 10ean, Madrid Batailoiko miliziano sozialistek zementu freskoan hogeita hamar bat inskripzio grabatu zituzten. Koadroan «KATALINA» izena nabarmentzen da, orain arte lehen lerroan aurkitu dugun emakume izen bakarra.
Mateo Zikutah eta El Garto arabar musikariek «KETURA OPERAZIOA» rap diskoa argitaratu dute aurten. Disko kontzeptual honek Keturaren bunkerrak eta grafitiak hartzen ditu ardatz bere letra eta errimoetan.
Taxio Ardanaz, Bartzelonan bizi den artista nafarrak, ibilbide luzeko bere ikerketaren lagin txiki bat eskaintzen digu. Taxiok hamarkada bat baino gehiago darama gudu-eszenatokiak eta Gerra Zibilaren oroimenezko lekuak bisitatzen Espainia osoan zehar. Eyes izeneko bere lanean, bi proiektorek aldi berean marka eta inskripzio multzo bat argitzen dute, gatazkaren ikuspegi berezi eta argitaragabea eskaintzen duena.
Azkenik, Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek, Rotterdam eta Legutio (Araba) artean mugitzen den bikote artistikoak Alemanen kanposantue lana utzi digu. 2017an, Urbinako herrian (Araban), Kondor Legioaren hilarri baten moldea egin zuten. Beti izan zen monumentu arbuiatua herrian. Iratxek eta Klasek hilarriaren «negatiboa» erakusten dute, mailukaden inpaktu-marka guztiekin eta beste erresistentzia-seinale batzuekin. Hilarria 2018an kendu zuten, eta, beraz, molde hori da monumentu haren aztarna bakarra.
Edonola ere, eskerrak eman nahi dizkiogu Gernikako Bakearen Museoari, bereziki bertako zuzendari den Iratxe Momoitiori, Gerra Zibilari buruzko erakusketa arkeologiko honen alde egindako apustuagatik. Eskerrik asko, baita ere, Arabako Bibat Arkeologia Museoari, Bilboko Euskal Museoari eta Guardiako Adiskideen Elkarteari (Sancho el Sabio Fundazioaren bitartez), erakusketan ikusgai dauden hainbat piezen maileguagatik.
Gogoratu erakusketa otsaila amaitu arte egongo dela hemen. Ezagutzarako eta hausnarketarako baliabide praktiko bat izatea espero dugu.


