88.urteurreneko Memoria jardunaldiek erantzun ezin hobea izan dute

Posted on

Erantzun ezin hobea izan dute asteburuko Memoria Jardunaldiek. Erantzun bikaina sortu duten interesagatik, ekitaldi bakoitzera hurbildu diren pertsona kopuruagatik, eta erantzun bikaina aurkezpen eta solasaldietan hizlariek agertu duten gai eta ezagutza, eta azalpenak emateko erakutsitako gaitasunagatik.

Ostiralean Gernika Memoriaren Lekuko elkarteko partaideek memoriaren lanketaren garrantzia agertu ziguten, elkarteko partaide diren talde dezberdinek urteetan zehar jorratutako lana azalduz, bereziki “Guernica Gernikara” ekimena. Tartean lotura honetan aurkituko duzuen bideoa aurkeztu ziguten.

Gernika Batzordeako partaide den Sabin Ibazeta Lertxundik Gernika: Laborategi esperimentala material didaktikoa aurkeztu zigun. Irakaskuntzara bideratutako unitatea, non ikasleei galderak eginez memoria landu, pentsamendu kritikoa eta sormena garatzea duen helburu, tartean Gernikako 1937ko suntsiketa basatiak artearen esparruan izan duen isla aztertuz.

Deigarria izan zen unitate didaktikoan, Gernikako bonbardaketekin lotuta aurreikusten diren hainbat gertaera lazgarri egun ere berdin bizi ditugula, gerra basatiekin, emakume eta umeen pairatutakoekin, mundua potentzia ekonomiko eta arma ekoizleen interesen menpe.

Artikulu honen bukaeran itsatsita duzue unitate didaktikoaren dokumentua.

Larunbat goizean Josu Santamarina Otaola arkeologoan “Euzkadi en Ruinas, Arqueologia de la Guerra Civil en el Pais Vasco (1936-1948)” liburua aurkeztu zigun.

Liburu honetan Josuk bere ibilbidean zehar 1936ko gerrako euskal frontean denbora luzez iraunkor izandako guda lerro osoan burututako ikerketa arkeologikoa agertu digu. Esan genezake bere Doktore Tesia lortzeko aurkeztu zuen lanaren formatu ulergarriago bat dela liburua.

Etorkizuneko memoria gaur landu behar dugulako, ikerketak eta arkeologiak duten garrantziaz eta eskaintzen dizkiguten aukerez ohartarazi digu hizlariak. Gainera ezaguna da Josuk Ahaztuen Oroimena elkartearekin izan duen harremana, hainbat izan dira elkarrekin burutu ditugun proiektuak, Zapola eta Zapolazpiko instalazioak, Baldaburu eta Legarmendiko indusketak, gure inguruetako gerra aztarnak,… guztiek dute merezi besteko isla liburu honetan.

Jardunaldiei bukaera emateko, larunbat arratsaldean 1976ko martxoaren 3ko sarraskia eta egun Martxoak 3 elkartearen jarduera aztertu genituen.

Llach, La Revolta Permanent” dokumentala oinarri hartuta, Luis Llach abeslari kataluniarrak sarraskia izandako egun berean “Campanades a morts” abestiaren sorkuntzan izandakoak eta zauritu, hildakoen senide eta lekukoekin jasotakoak agertu zitzaizkigun dokumentalean. Ondoren Julen Diaz de Argotek, Martxoak 3 elkarteko historialariak, solasaldi bat eskaini zigun, non partaideen galderei erantzunez elkartearen lana agertu zigun.

Asko dira Martxoak 3 elkarteak dituen erronkak, dokumentazioa bildu, froga berriak aurkitu, testigantza berriak lortu, salaketetan eta deitoratzean sakondu, Memoria Lekua proiektua kudeatu eta abar.

Memoria etorkizunera begira jarri behar dugulako,  esker anitz jardunaldi hauek gauzatzeko ezin besteko laguntza eskaini diguzuenori eta bereziki bertara hurbildu eta interesa agertu duzuenori.

Deja un comentario

Este sitio utiliza Akismet para reducir el spam. Conoce cómo se procesan los datos de tus comentarios.