Ramon Zuazo Otalora (1909[?]-1937/09/06)
Bolibarko Gorosta baserrian jasio zen, eta agiri zenbait lekutan Barinagakoa zela ageri bada ere Bolibartarra zen Ramon. Oso gazte, hasi zen lanean, morro bezala ibili zen, Iturretako Jandoniz eta Eitza baserrian (errentero), Barinagako Mendiben, baita Eibarko Albizurin (errentero), eta Barinagako Oregi-zaharren eta azkenik Illaispen. Garai hauetan zenbait nahaste izan zituen, zuzenki, Albizurin zegoela, Bolibarko ardi batzuen lapurketa zala eta Bergarako epaitegietan epaiketa izan zuen gerra aurretik.
Oregi-zaharren zegoela, Illaispeko Francisco Baskaranek (zinegotzi tradizionalista berau) morro gisa hartu zuen Illo-Beitin; garai hartan 1936.urtea zen, gerra eta mugimendua, frentea egonkortu egin zen garaietan. Frenteko lehen lerrotik oso urbil geratu zen Illaldapa, hain zuzen, Maxera eta Baskaran Goiko ingurura arte defendatzen zuten gudari eta milizianoek faxistek Kalamua eta Akondia gainetatik egiten zituzten erasoak.
Horrela, 1936ko abenduan, Francisco Baskaranek eta beste batzuek gazte tradizionalistak faxisten frenteko posizioetara ezkutuan pasatzeko sarea osatu zuten; Ramon Zuazo ere lan hauetarako hartu zuen etxeko nagusiak, diruaren truke. 1936ko abenduaren 12an, 4 gazte Berriztar eta beste 4 Mallabiar pasatzeko prestatu ziren, eta herri hauetatik, Asuntzetik zehar pasatu ziren Kalamuako Gipuzkoako partera. Baina 1936ko abenduaren 20an, gazte horietako baten anaia atxilotu zuten, Mugerza abizenekoa eta atxilo aldian “Albizuri” ezizenez ezagutzen zen Ramon Zuazo Otaloraren izena eman zuen.
Atxilotu ondoren, Euskadiko epaileek lehen deklarazioa hartu zion 1936ko abenduaren 21ean, eta ondoren Francisco Baskaran, eta Matias Amillategiren bilaketa aginduaren ondorioz atxilotu egin zituzten.
Laurak Bilbon, Angeles Custodiososeko kartzelan zirela, epaiketa prestatze aldera, Ramon Zuazo, Matias Amillategi eta Mugerza Larrinagako kartzelara trasladatu zituzten 1937ko urtarrilaren 3an, Francisco Baskaran hasierako kartzela horretan mantendu zutelarik. Hurrengo egunean, 1937ko urtarrilaren 4ean faxisten hegazkinek Bilbo bonbardatu zuten eta gerora, hainbat pertsona haserrealdian kartzeletan sartu eta presoak hil zituzten, tartean Francisco Baskaran.
1937ko maiatzaren 3an hasi zen Zuazo, Amillategi eta Mugerzaren aurkako epaiketa, Euskadiko Epaitegienpean eta kartzelatze sententzia ebatzi zuten hirurentzat. Kartzelan ziren bitartean, faxistek Bilbo okupatu zuten urte horretako ekainean eta 1937ko uztailaren 3an Mugerza Santoña (edo Laredo) aldean askatu zuten, pentsa daitekeelarik Ramon eta Matias ere batera askatu zituztela.
Baina gerora, Ramon Zuazo berriro atxilotu zuten, oraingoan faxistek. Procedimiento Sumarisimo de Urgencia nº223/37ean, 1937ko abuztuaren 6ko datan bukatuan aztertu zuten beregain zegoen salaketa. Orduan, Gerra kontseilu iraunkorra bildurik, heriotzara kondenatu zuten. Delitua: Matxinadarekin bat egitea (Adhesión a la rebelión).
Sententziaren oinarria, Francisco Baskaranenegan (Ilaizpe) salaketa faltsua egin izanaren ondorioz bere heriotzaren arduraduntzat jo zuten Ramon Zuazo eta aurreko atxiloaldian (1936/12/21) Matias Amillategiri egindako salaketa eta mehatxuak aipatzen ditu epaitegi militar faxistaren ebazpena sendotzeko.Epaia bete egin zen , kartzelatik eraman eta Ramon Zuazo Otalora fusilatu egin zuten, Derioko hilerrian hobiratuz 1937ko irailaren 6an.
Esta entrada fue publicada en Bolibar, Hildakoak-zaurituak.