Patxi Juaristiri Elkarrizketa

Posted on Actualizado enn

MARKINAKO FRONTEA, Markina eta Xemeingo egoera politiko eta soziala bigarren Errepublikan eta gerra ziilean 1931-1939 izeneko liburua argitaratu du Patxi Juaristik (Markina-Xemein,1967). Hona hemen egin diogun elkarrizketa:

1. Nondik sortu zen lan hau egiteko asmoa, eta nondik abiatu zinen?

Markina-Xemeinen zaharrenekin hitz egitean sumatzen nuen Gerra Zibileko urteak bereziak izan zirela markinarrentzat eta xemeindarrentzat. Markinako Fronteari buruzko oroimenak, hildakoen izenak edo bonbardaketen esperientziak bizirik igartzen nituen nire inguruko zaharrenen artean. Hala ere, gaiari buruz gutxi nekiela konturatzen nintzen, gainera, denbora aurrera zihoan heinean, markinarrengandik eta xemeindarrengandik informazioa lortzea gero eta zailagoa zela ohartzen nintzen, gertaera hura bizi izan zuten belaunaldiak desagertzen ari zirelako. Berba gutxirekin esateko, Gerra Zibila gure memoria historikotik betirako desagertzeko arriskua zegoela ikusten nuen. 2006.urtean, Gerra Zibilaren hasieraren 70. urteurrena gogoratzeko, hainbat ekitaldi egin ziren Hego Euskal Herrian, eta, Markina-Xemeinen ere zerbait egiteko aitzakiarekin, liburuak arakatzen eta gerrako belaunaldiko batzuei elkarrizketak egiten hasi nintzen, hortik abiatuta liburu hau atera dut.

2. Zein izan da argiataratu berri duzun lan honen helburua/muina?

Liburu honen asmoa da Gerra Zibilean eta gerraondoan gure herrian gertatu zena berreraikitzea, fusilatu zituztenen, bonbardaketa eta tiroengatik hil zirenen, langileen batailoietan esklabutza lanetan aritu zirenen, ilea moztu zieten emakumeen, isunak ordaindu zituztenen, erbesteratuen edota espetxean urteak egin zituztenen markinarren eta xemeindarren memoria bizirik gordetzeko; bereziki, frankismoaren kontra eta askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatuta, errepresioa jasan zuten herritarren oroimena zaintzeko. Ikerketa honen helburua ere bada markinarren artean Gerra Zibilean gertatu zena zabaltzea, eta gai honen inguruko gogoeta bultzatzea.

3. Zerk harritu zaitu gehien ikerketa honetatik?

Herriek eta gizakiek, gerra bat pasatu eta izugarrikeri pila bizi izan ostean ere, aurrera egiteko gaitasuna dutela. Gauzak ahantzi gabe eta min askorekin, baina gizakiek aurrera egiteko gaitasuna izan dute. Jendeak bizitakoak kontatzeko izan duten eskuzabaltasunak ere zeharo hunkitu nau. Historia dramatikoak, familia barneko une hunkigarriak edota etxeko sekretuak kontatu dizkidate, ezeren truke. Harritu nauen beste gauza bat ere izan da nik pentsatzen nuen baino jende gehiago hil zela Markinan eta Xemeinen. Gerra Zibilarekin lotuta 86 pertsona hil ziren. Beste toki batzuetan baino jende gutxiago hil zen, baina nik pentsatzen nuen baino gehiago.

4. Ze balorazio egingo zenuke edo azalduko zenuke Markina eta Xemeinengo gizarteetaz 1931-1936ko garaien inguruan eta 1936-1939 urteetan?

Markina eta Xemein herri txikiak ziren Bigarren Errepublikan. 1936an, Markinak 1.898 biztanle zituen eta Xemeinek 1.347. Hala ere, giro politikoa eta soziala oso nahastuak zeuden. Horrenbeste bozketa, mitin, eztabaida eta istiluren ostean, haserre eta amorru asko zeuden ideologia desberdinekoen artean, eta kohesio soziala erabat ahuldurik zegoen. Hala ere, 1936ko uztailean, errekete gutxi batzuk kenduta, inork ez zuen gerratan pentsatzen. Gerra Zibilarekin herriko kohesio soziala guztiz txikitu zen. Bonbardaketek, atxiloketek, familiako kideen heriotzek, ondasunen bahiketek, irainek, ihesaldiek eta, oro har, gerra giroak beldur, frustrazio, desesperazio eta estutasun asko sortu zuten herritarren artean, gehienbat ezkertiarren eta abertzaleen familietan. Gerra irabazi zutenak harro eta gupidagabe agertzen ziren bitartean, galtzaileek ezin zuten ezer esan; ezta euren defuntuengatik dolua gorde edota behar bezala negar egin ere. Frankisten propagandaren ondorioz, biktimen familiak bigarren mailako herritarrak bihurtu ziren. Herritarren arteko harremanak guztiz txikitu ziren.

5. Ulertu al daiteke gaur egungo garaietan 1936ko gerra/gizartea eta bertako jokaerak?

Gauza batzuk erlatibizatu egin behar ditugula pentsatzen dut. Lana hasi nintzanean, zaharrenek gertatu zenari buruzko transmisiorik ez egitea kritikatzen nuen. Zergatik ez dute kontatu gertatu zitzaiena? Gaur egun, euren portaera hobeto ulertzen dut. Markinarrek eta xemeindarrek oso gertutik bizi izan zuten gerra, baina agintari frankistekiko beldurrak, galtzaile izatearen lotsak, momentu mingarri guztiak bizkor ahanzteko gogoak, edota seme-alabei frustrazioa eta amorrua ekidin nahiak belaunaldien arteko transmisioa oztopatu zuten. Gregorio Armañanzas-ek oso ondo azaltzen ditu, nire ustez, Gerra Zibilaren inguruan garatu zen isilezko hitzarmenaren arrazoiak: “Muchos supervivientes eligen el silencio como forma de proteger a sus descendientes. Aceptar el daño psicológico, contar los horrores, puede ser vivido como una segunda victoria del enemigo. También necesitan negar el efecto del trauma en sus hijos: ellos son su futuro y su esperanza (Danielli, Y., 1998). Si no niegan esto ellos se sentirán culpables de transmitir este daño. En otros casos el silencio es un mecanismo de defensa con el objetivo de negar sus sufrimientos y continuar con sus vidas normales. No pasó nada. Pero muchas veces, el silencio transmite mucho más internamente que las palabras. El silencio y los secretos familiares, así como los mitos familiares constituyen uno de los mecanismos más efectivos para asegurar el impacto de la problemática familiar del pasado. Esto es cierto en las familias de supervivientes, agresores y Nazis” (Rosental, G. y Volter, B., 1998). El silencio transmite normas, mitos y meta-mensajes, sin ninguna posibilidad de ser cuestionados. Para proteger a sus descendientes los supervivientes les disuaden de hacer preguntas”.

6. Gizarte kohesioa aipatzen duzu zure lanean, gerra zibilaren denporetan eta orain ezberdinak dira?

Azken urteotan Euskal Herrian bizi izan dugun gatazkaren ondorioz, Euskal Herriko herri ugaritan, bereziki txikienetan, harremanak nahiko gaiztotuta daude. Gatazka politikoak gatazka soziala ere eragin du, eta, ondorioz, leku askotan, herri bizitza, gizarte kohesioa edo biztanleriaren arteko harremanak ahulduta daude. Ostrazismoa eta biktimismoa oinarri, irainak eta haserreak pilatzen joan dira, eta gaur egun milaka dira elkarri agurra ere ukatzen dioten ezagun, auzotar edota ahaideak. Gerra Zibilaren ostean egoera are eta zailagoa izan zela iruditzen zait. Elkarbizitza eta kohesio soziala gaur egun baino gehiago apurtu ziren. Hala ere, berriro harremanak ehuntzeko gai izan ziren herritarrak, eta iruditzen zait orain ere gai izango garela.

7. Garai hartako Tradizionalismoa eta Errepublikazale bezalako (besteak beste) pentsaerak zein bilakaera izan dute gaur egungo Markina-Xemeinen?

Orduko parametro politikoak eta gaurkoak desberdinak dira. Abertzaletasunak aurrera egin du, baina errepublikazaleak eta tradizionalistak desagertu egin dira. Diktadurak gauza asko apurtu zituen, eta horietako bat Errepublika garaiko tradizio politikoak izan ziren. Bigarren Errepublika garaiko Comunión tradizionalista zein Izquierda Republicana alderdiak debekatu egin ziren, eta Franco hil ostean alderdi hauek ez dira berriro agertu.

8. Guda garaian alde ezberdinetan jardundakoak gaur egun fusionatzea, ze ondorio atera genezake honetatik?

Gizarteek aurrera egiten dute, jendea politikoki berdefinitzen da. Gizarte guztietan gertatzen dira horrelakoak. Seme-alabek ez dute zertan euren gurasoen erruekin bizi behar, eta nahi dituzten autu politikoak egin behar dituzte.

9. Memoria historikoa lantzeak zauriak irekitzea, pasatutakoa bakean utzi behar dela eta antzeko kritikak jasotzen dira, zer uste duzu?

Batzuk esan didate Gerra Zibilaren inguruko azterketak eta, oro har, biktimen aldeko ekimenak beranduegi datozela, gerrako kaltetuak zein Francoren errepresioa jasan zuten ia denak hilda daudelako. Zilegi da hori pentsatzea. Nolanahi ere, nire ustez, ez da beranduegi honelako oroitza bat egiteko, kontuan hartzen badugu Gerra Zibilean sufritu zutenen seme-alabak eta ondorengoak bizirik dirautela, eta hauek ere biktimak direla. Gainera, beti ere hobe da gertatu zena jakitea, ez jakitea baino.

10. Bukatzeko nahi al diezu irakurleei aholkurik, gomendiorik eskaini?

Euren inguruko nagusiei Gerra Zibilari buruz galdetzeko. Gai hauen inguruan transmisioa eragin behar dugu, eta, bakoitzak ahal duen neurrian, memoria historikoaren alde egin behar du.