Juan Loiola
Juan Loiola ( Etxebarria, Urkaregi-Kurutze 1929 – Etxebarria 2013)
Gerra etorri zenean, hemen egon ziren, etxe ondoan, guk, urte bete pasa kanpoan egin genuen, irten egin behar izan genuen, bestelan berton hilko ginen.
Hemen, trintxerak danean egon ziren, bakizu, zanja antzekoak ziren, tiroak egiteko lekuekin…hemen, etxe ondo zelai guztian. Hor etxe ondoko hiru arbolen tartean, obus bat be badago, eztanda egin barik.
Urrutira ikusi zituen gure aita zenak nola zetorren frentea, gurdian ahal zena kargatu eta Itxilartera alde egin genuen lehenego, gero Oinaztegira, Arnoate baino pixkat honutzago.
Aldeta egon ginen Oinaztegin, gure ama, Itxilartekoa zen, orduan, bere familiarengana joan ginen frentea iritsi zenean. Lau neba-arreba ginen, hiru arreba eta ni, gazteena, 7 urte nituen orduan. Tio eta Tia bizi ziren Oinaztegin, ortuan ibiltzen ginen eta inguruan lanak egiten. Ganadua Loperrekan geneukan, gero Oinaztegira eraman ahal izan bageneuen ere..
Inguru horretan, baziren postuak, baita hemen Urkaregi-txikin ere. Urte bete inguru egin genuen horrela.
Bueltan, etxe ingurua dena, trintxeraz josita zegoen, eta gainera etxea erre egin zuten, azkenean. Obusak, balak etab aurkitzen genituen soloan, goldaketan egiterakoan, igitaiarekin jo ere berdin egiten genituen, pentsatu ere ez genuen egiten eztanda egin zezakeenik.
Etxea berriro egin behar izan genuen, etxe barik aurkitu ginen. Gainera, soloetako trintxerak bardindu beharra ere izan genuen, zelaia dena lokatzez, birrinduta, zikinez beteta etxe ingurua, trintxeren sakuak ustelduta…
Frentera kintxadak altzatutakoak ere baziren, Loperrekakoak adibidez. Tio Juanito Juan Loiola, gurean ere eraman zuten frentera eta bere anaia Jose Ramon Loiolak, Ondarroan itsasontzi bat hartu zuen eta alde egitea lortu zuen. Juan eta Jose Ramonen arreba bi ere, Dominga Loiola bat eta bestea, Argentira alde egin zuten.
Zaurituak izan ziren hemen inguruan. Goikoneko andrea, igitaiarekin lanean,granada bat ikutu eta eztanda egin zion. Ate baten gainean jeitsi zuten San Migelera, tripak airean, gorputza txikituta, Elgoibarrera eramateko. Denbora pasata, zauriak sendatu zituen.