Orokorra
Kalean da «La Joven Guardia»

Marcelo Usabiagaren memoria biltzen duen liburua kalean da. Atzo aurkeztu zuten jendaurrean Irungo udalean. Liburu mardul hau, Luis de Uranzu Kultur Taldearen eskutik argitaratu dute eta Marceloren seme Miguel Usabiagak koordinatu du.
Herritarrak eta agintariak batuta, faxistek Elgeta suntsitu eta 75 urtera, egiaren eta justiziaren alde (GARA 2012/04/23)
GARA | ELGETA
Orain dela 75 urte herria txikitu zieten faxistek elgetarrei, zibil eta milizianoak fusilatu eta neskak eta emakumeak bortxatu. Biktima horiek omentzeko antolatutako ekitaldian, herritarren ondoan izan ziren atzo Idoia Mendia Lakuako bozeramailea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta alkate pila: Gernikakoa, Arrasatekoa, Bergarakoa, Aramaiokoa, Elorriokoa… 10.30ean herrian harrera egin, 36ko gerraren inguruko museoa ikusi eta Intxortako Ateraino joan ziren. Bertan, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Julia Monjek hartu zuen hitza. «Berriro aldarrikatu nahi dugu oroimen historikoa berreskuratu eta ezagutaraztearen beharra», hasi zen.
«Behin eta berriz ezarritako inpunitate eredu politiko batek gure herriak jasan zuen genozidioaren benetako dimentsioa ezeztatu du. Argitu gabe daude indar frankistek gizarte zibilaren kontra emakume, haur eta gizonei egindako gehiegikeriak». Horregatik, eta «batzuek egin ez dutena denon artean egiteko», Elgetako Euskal Memoria Interpretazio Zentroan, «Izen guztiak, aurpegi guztiak» atalarekin Euskal Herrian dauden faxismoaren biktima guztiei izena eta aurpegia jartzea helburu dutela adierazi zuen. Egia ezagutzea justizia egiteko eta minak sendatzeko lehendabiziko urratsa dela oroitarazi zuen. Azaldu zuenez, memoria historikoa erabakigarria da ulertzeko eta aurrera egiteko, pertsona libre eta solidarioz osatutako herri baterantz.
Izenak biltzen
«Ezinezkoa izango da dena berreskuratzea -ohartarazi zuen-. Emakume erresistenteen armada bat ahanzturan gelditu da. Halere, gure historia idazten jarraituko dugu, milaka emakume eta gizonen errealitatea, memoriak eskatzen duen hainbeste aldiz isildutako egia».
Beste hainbatek bezala, elkarte honek urteak daramatza horretan lanean eta 12.000 izen baino gehiago ditu, 850 aurpegi, eta jendeari laguntza eskatu zion historia osatzeko.
«Internazionala» eta «Eusko Gudariak» abestu, eta Zestogain baserriko Ainara Totorikaguena mintzatu zen. Etxe honetan, aita eta ama hil zituzten alaba bortxatzeko.
Oinez jaitsi ziren herrira, bost banderarekin -ANVrena, gorria, errepublikakoa, ikurrina eta anarkista-. Salbador ermitan itxaroten zuten Andoaingo Banda Errepublikanoa, eta lore eskaintza egin zieten Elgetan hildako zibilei. Bukatzeko, bazkaria egin zuten kafe antzokian.
Zestogain baserriko Ainara Totorikaguenak Lauaxetaren poema bat irakurri zuen: «Gazte horreik goruntz doaz abesti eta ikurriñez/ lainuan baino tiro hotsak bedartza dager odolez/ ikaraz duaz suak mendixa dago isilean/ hamar gazteren lerdena bizitza barik lurrian/ eta iluntzeko bakian/ norbaitek darrai kantari/ dana emon bihar jako maite dan askatasunari». Horrela esan zuen euskal poeta eta gudarien komandante Lauaxeta gazteak. Totorikaguena gazteak adierazi zuenez, gerran alde bietan daude galtzaileak, baina argi daukana zera da, zeintzuk diren zapaltzaileak eta zeintzuk zapalduak. «Intxorta eta Elgeta inguruan gorriz bustitako zelai-lurrak ez dituzte gure malkoek garbituko, baina tinko jarraituko dugu memoriaren zaindari». GARA
Iñaki Egaña eta Marcelo Usabiaga 75.urteurrenean
Zapatuko hitzaldiako argazkiak ikusteko klikatu hemen.
1937-2012 (75) Gernika Batzordearen ekitaldiak
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira, gertaera gogoratu bai, baina Euskal Herriaren izaerari zein iraganari buruzko hausnarketa sustatu gura izan du Gernika 1937-2012 ekimenak, atzo arratsaldean Jai Alai frontoian Hemen gaude ikuskizuna estreinatu zuten. Musika eta antzezlana uztartuz, bonbardaketaz haratago, historiari begiratua egin diote Rafa Ruedak, Gotzon Barandiaranek eta Kukubiltxo antzerki taldeak.
Sabin Ibazetak hartu du hitza. Haren esanetan, “isiltasunera behartu” zuten Gernika 1937ko apirilaren 26an, baina Gernikak eta, oro har, Euskal Herriak, bizirik irauten jakin dutela ekarri du gogora. “Garrasia hor dago, ikusi zaldia; aldarria hor dago, ikusi eskua zabalik; kantua hor dago, ikusi txoria”. Herritar soila izanda, euskaldun izateaz “harro” dago.
Gau Gernika batzordeak antolatutako ekimenek aurrera jarraitzen dute, egun osoko egitarauaren banean eguerdian ekitaldia antolatu dute.
Faxisten euskarazko paperak Kalamuan hegazkinetatik botata (euskara gerra zibilean)
Testua: Autopsiarako Frogak liburutik hartua:
HEGAZKINETIK 2
Bi ziren, ehizakoak. Babes eskasa bonbarderoak zaintzeko. Itzuliak ematen, han goian. “Noiz arraio azaldu behar dira gureak?” Gero jaitsi egin ziren apur bat, eta lubakiari buruz ekin zioten. Tirorik ez. “Zer jukutria…?” Etorri ziren bezala urrundu. Paperak. Lubakian bertan jausiak ziren batzuk, hartu egin zuen. Euskarazko idatzi bat, ulertzen ez zuen zer edo zer behintzat, hegazkinetarik, Kalamuan.
“Eran nuestros!”
Eta erdaraz egiten ez zuen atxabaltarrari pasatu zion.
Azkaneko deia:
España´ko nortian darabilgun guda edo guerra au beriala amaitzeko asmua artu dot.
Iñor il ez badozue eta daukozuezan armak itxi eta gugana etorten bazarien suen bizija eta ondasunak gordeko doguz zuentzako oker barik.
Onela gaur berian egiten badozuen Bizkai guztiak deseguin edo apurtuko dot, guda edo guerra´ko Fabriketatik azirik.
Jakin eguizue ziur eguiteko oso-oso guertauta nagoala biar diran gauza guztiak ezkuetan daukedaz at.
General Mola.
Gerra psikologikoa air zen egiten Mola: erdaraz mehatxua zen; euskaraz,napalm erregarria.
Bazekien euskara inbadituz errazago jabetu ahal izanen zela lurraldeaz. Inbadituta zeukala erresistentzia.
Euskarak eusten dio gure izanlekuari, iduri eta zutabe.
AUTOPSIARAKO FROGAK. KOLDO IZAGIRRE
Aurkezpen-Hitzaldia: Frankismoa Euskal Herrian eta Markinaldeko Frenteko herrietan
Apirilaren 21ean UHAGON Kulturgunean (Markina-Xemein) Aurkezpen-HItzaldia izango dugu. Iñaki Egaña Euskal Memoria Fundazioko lehendakariak «Frankismoa Euskal Herrian, behin betiko konponbidea» liburuaren aurkezpena eta Euskal Herrian zein gure inguruko herrietan Frankismoaren inguruko kokapena egingo du.
Bestalde, gonbidatu berezi gisa Marcelo Usabiaga izango dugu. Marcelok, bete betean bizi izan zituen frankismoaren ondorioak (kartzela 20 urtez, atxiloketa, tortura, jazarpena…) baina bereziki, borrokalari sutsua da. Oso gaztetatik afiliatu zen alderdi komunistan, 17 urterekin eta oraindik egun bere 95 urteekin bere ideiak defendatzen jarraitzen du. Gerra aurretik, Asturiarrei muga zeharkatzen lagundu zien Frantziara (bera Irunen bizi zela) baina gerra zibilean ere borrokatu zuen, besteak beste Markinaldeko Frentean izan zen 1937an Rosa Luxemburgon (Urberuagan eta inguruko mendietan). Behin gerra bukatuta, Makietan parte hartu zuen, gerrilari gisa, Frankismoa deusestatu asmoz.
- ← Anterior
- 1
- …
- 17
- 18
- 19
- …
- 24
- Siguiente →
