Iturreta, jaien barruan memoria historikoa eta ondarean sakontzen

Erantzun bikaina gaurkoan ere (uztailak 6) Iturretako jaien egitarauaren barruan antolatu dugun bisita gidatuak. 60 lagunetik gora izan gara ibilbidea burutu dugunok eta oroimena historikoa ezagutza jorratzeaz gain, tokian tokiko ondarearen ezagutza ere landu dugu.
Bisitaren hasieran Aintzane Gandiagak Iturreta auzoaren sorrera eta bertako ermitaren historia eta garrantziaz hitz egin digu, Santamañekoarekin batera, Euskal Herrian egurrezko sapaiarekin hornitutako lehen ermita, beste askorentzaki eredu izan zena.
Aurrerago, monumentu gisa aitortuta dagoen “Estrakinburuko Barrutia” historiaurreko hilobiari buruz hitz egin dugu, Baldaburuko gailurrera iritsi garen arte. Bertako babesleku-behatokia ezagutuaz 1936ko gerrate garaiko bigarren defentsa lerroko eraikinak ezagutzen hasi gara.
Balda 2 porlanezko eraikinean gudako borroka lerro desberdinak, bigarren defentsa lerroaren garrantzia, berau eraikitzen ibilitako inguruko baserritarren parte hartzea eta 2021eko uztailean burututako indusketa arkeologikoaren nondik norakoak azaldu ditugu.
EHUko irakasle eta gaian aditua den Josu Zubiaurrek 1940 hamarkadaren bukaeran espainiar estatu guztiko porlanezko eraikin gehienak lehertu egin zituztela, leherketa horiek eraikinetan erabilitako metala eskuratzeko egin zirela eta lan horien ardura eta etekin ekonomikoa Euskal Herriko jatorria zuten 3 taldek sortutako enpresa baten esku izan zirela azaldu digu. Hain zuzen, enpresa hori Meatzaldeko meategietako enpresa batek, Galdakaoko Valeriano Urrutikoetxea eraikuntza enpresak eta gerra garaian Eusko Jaurlaritzaren agindupean fortifikazioetako arduradun zenean frankisten aldera Bilboko, eta gure inguruko, defentsa posizioen planoekin pasatu zen, Alejandro Goikoetxea Omarrek osatu zuten.
Balda 1, bere babesleku eta lubana ezagutu ditugu, bertako indusketa arkeologikoan aurkitutakoaz hitz egin eta bunker desberdinen arteko loturak azaldu ditugu.
Bukatzeko, posizio hauetan osorik, lehertu gabe, dagoen bunker bakarra ikusi dugu, Balda 3. Kokapenaren garrantziaz eta bertatik dagoen ikusmiraz jardun dugu, Iturretara bueltatzeko bidea hartu arte.
Jarduera interesgarria, hurbildutakoen jakinmina eta esker ona jaso ditugu, egun borobila. Mila esker gure ondarea, oroimena eta transmisioaz jabetuta gaurko txangora etorri zareten guztioi, bereziki Iturretako Jai Batzordeari aukera hau eskaini eta babestearren.















