Barinaga

Agustina Agirre Ibarzabal

Posted on Actualizado enn

Agustina Agirre Ibarzabal (Isurixa, Barinaga 1926- Etxebarria 2014).

Bizkaia eta Gipuzkoako muga-mugako Isurixa baserrian jaio nintzen, mujoia han dago, biak banatzen dira han, bertan eta bizi izan nuen gerra. Barinagako auzo gunetik aurrera. Ama bertakoa zen, Isurixakoa eta aita Munitibarkoa.

6 neba arreba izan ginen. Gurean, bigarren urtea egiten zegoen morro, Agustin Etxarteren anaia, maleta egin eta Munitibarrera joan zen, gerra etorri zenean.

Gerra garaian, etxean egon ziren eta frentea egonkortu baino lehen milizianoak etxera etortzen ziren elikagaien eske. Iputeixen ere egiten zituzten oiloek arrautzak eta milizianoak zain egoten ziren, arrautzak erosteko, trukean diru zuria emanez. Dirua soberan geneukan orduan, oiloek arrautza egin ahala ematen ziguten diru zuria. Hori egia da e! Ni umea nintzen baina amari eta entzunda gogoratzen dut.

Errekete eta karlistak, edo zer ziren? bueno, ba horiek, aurrera zetozela eta, gizon guztiak aurrean eramango zituztela eta, beldur ziren etxean. Aita, gure etxea baino pixkat beherago zegoen estoldan izkutatu zen, erreketeek aurrera eraman ez zezaten, baina ez ziguten ezer egin.

Lehen, Isura joateko gurdi bidea zegoen, Ardantzakoak eta gure ama eta Eibarrera azokara joaten zirenean, gurdi bidetik joaten ziren. Gerra etorri zenean, orduan bazen jende langilea, eta kamioia pasatu zuten, Isutik gurera, erreka pasatuta, bidea, atxurrekin eginda. Ez zen kamioia ere oso handia, baina gogoan daukat, nola pasatu zuten, errekatik errepidera. Orduan egin zuten milizianoek, orain Eibarrera joateko ezagutzen dugun bidea.

Milizianoak, Kalamuan egon ziren mordo bat, Urkon ere bai; gurean asto eder bat zegoen, orain kamioietan igotzen dituzte materialak baina asto otzarakin eraman zituzten orduan, Urkora, babeslekua egiteko behar zituzten materialak, eraman ziguten astoa, beraz. Orduan pasatu ziren batetik, bestera, zer zien gorrixek eta zurixek edo zer ziren? sekula ez dot ulertu… orduan pasatu zan gerra, behera. Astoa falta zitzaigun. Galdutzat eman genuen, baina biharamunean agertu zen etxean, otzara eta guzti. Kanoi bat ere, uste dut jarri zutela Astorrei inguruan, Illo aldapara begira.

Milizianoak gurean zeudenean, seguru sentitzen zirelakoan, behin, itxura danez, hegazkinek edo bazekiten han zeudela edo, zazpi bonba bota zituen hegazkin batek etxe inguruan eta batek ere ez zuen etxea jo. Illoko lur sailean, Ardantzakoan eta gurean erori ziren, zulo ederra egiten zuten. Gu, etxean geunden.

Gau bakarra egin genuen etxetik kanpo. Astorreira joan ginen. Frontearekin, denak aurrean eramaten zituztela eta, familia osoa Astorreira joan ginen. Baina ez ziguten ezer egin, ezta Astorreikoei ere. Fronteak aurrera egin zuenean, ikusi genituen, eta nire nebak, Suinagako astoa ezagutu zuen, frankistek hartu eta aurrera zeramaten. Gero, Karmenen lotuta ezagutu zuten Suinagakoek astoa, itxura denez astoa zauritu eta Etxebarriko baserri baten geratu zen, eta haiek beraganatu zuten harik eta Suinagakoek, Karmengo plazan lotuta zegoen batean, ezagutu arte.

Gerra pasatuta gero, akordatzen naiz, garia entregatu behar izaten zen, gurea, Isurixa, sailak bai baina ez zen gari lekua, lastoa hazten zen, indiarra eta bai baina garia ez. Hala ere, gariak entregatu egin behar, Okokira eta, aitak eramaterik nahi ez. Azken momentura arte zain egoten zela gogoan dut, behin, uholdeak etorri, eta gurdia errekatik pasatu behar, gogoan dut hori. Egurrezko zubi bat zegoen, eta handik pasatzen ginen.

Gure ama ausarta zen, gauez, Armistegi errotan egiten zuten hirina. Artoa hartu, eta joaten zen, horrela, bazuen taloak edo egiteko hirina. Bestela zer, razionamenduan ematen ez bazizuten zer ba?

Gerra ostean, ogi baltza jaten genuen, saiarekin nahastuta egiten zuten, Barinagara joan behar izaten zen ogia hartzera, eta baserri batekoak ogia hartzera joaterakoan ez zegoela eta gogoan dut nola esaten zuten “ogixe dala baltza? hau dala baltza, bost seme etxien eta ogirik ez”

 

 

Anuncios

Hileta Barinagan

Posted on Actualizado enn

1936ko Urria, gogorra izan zen Markinaldeko sektorean. Borroka eta gertaera gogor askoren artean kokatu daiteke Barinagako hileta hau.
Lehenago Hil batailoiko bi gudari hil ziren, seguruenik Max inguruan. Jagi-Jagik bi batailoi izan zituen gerra zibilean Eusko Gudarostearen barruan; Lehenago Hil eta Zergatik Ez?. Mugimendu honen inguruan,“Jagi-Jagi. Historia del independentismo vasco” liburua argitaratu zuen Ahaztuak1936-1977ek, Eduardo Renobalesek idatzia.

Barinagan egin ziren hiletak; Tolosarra zen gudarietako bat, bestea berriz Pasaiko zen.

Argazki hauek (ikusi guztiak hemen)  Garaian aldizkarian (15.zbkia, 1994),eta  Gerra zibila Euskal Herrianlanean (Egaña,2000. III.tomoa:192) argitaratu ziren.

Josefa Baskaran

Posted on Actualizado enn

Josefa Baskaran (Barinaga, Illo 1914-Barinaga, Azabel Beheko, 2008)

Illon jaio nintzen, gerra aurretik ezkondu eta 13 hilabetera eraman zidaten gizona.  Azabel bekora ezkondu ninzen Jose Agirregomezkortarekin (1910). Gu ezkondu eta 8 hilabetera hasi zan gerrie, ta gero, gizona eraman zidaten gerrara. Urte bi eta erdi egin eta etorri zen etxera, gerrara eraman  eta gero. Frentera eraman zuten Jose, lehenengo hemen, Barinan eta geroago faxistekin ibili zen.
Hemen Barina inguruetan burrero ibili zen (errepublikarrekin), Kalamuan egon zen frentea eta hara joan behar izan zuen. Kalamua baino beherago zeuden postuak, Arantzamendi esaten diotena, hara; burrero, janaria igotzen jarri zuten.Gero atzera geratu zen. Josek ez zuen nahi aurrera joan; biharamonean Etxebarrirako prestatzeko agindu zioten, Josek utziko zutelakoan zegoen, baina, berriro hartu zuten eta akabo. Oraingoan nazionalak hartu zuten. Horrelako kontu tristeak dira gerrakoak.

Ezkondu eta 17 hilabetera eduki genuen lehenengo alaba, beraz, umeak 4 hilabete baino ez zituela eraman zuten  senarra frentera.
Aginagan abade plazentziar bat zegoen, bazekien frentea zetorrela eta gau baten hark egin zituen oihuak: ¡Viva franco! ¡Viva franco!…

Etxean sartu ziren, gure ama zena hemen zen, eta pentsa, Aginagako abadea soldaduekin etorri zan eta berak sartu zituen ganbaratik soldaduak etxera. Abadeak bazekien frentea zetorrena, eta zain zegoen. Esnea eskaini zien orduan amak soldaduei eta sukaldea bete zela, gogoan dut… Ni logelan nengoen, goiza zen eta orduan tiro bat entzun zen sukaldean, gogoan dut, beldurgarria izan zen, ze jangoikoaneko izango ote zen beldurrez eta dirudienez, soldaduren bati eskopeta edo ipini bera begira eta tiro egin zuen, etxeko sukaldean.
Soldaduak gure etxera etorri zirenean, uda partea izan behar zen, ezin esan nezakezu baina uda partea izan behar zen, apirilekoa da nire alaba nagusiena eta jaio barri zegoen…, orduan pasatu ziren Frankon aldekoak.

Hau pasu lekua zen, goitik behera, Aginan sartu eta solo bitartetik bidetik, hortik sartu ziren. 6 hilabetetan egon zen frentea Kalamuan; Arandoko bizkarrean ere, badira trintxerak.
Askonabitxeko neska hil zuten bertan etxe aurrean, Benantzia Muguruza, Kalamuatik tiro botata. Beste neska gaztetxo bat, Kosteikoa, ere, tirue Kalamuatik jaruti ta… Neuk ere ia ia, zapiak askan jotzen nengoela bala galdu bat etorri eta hau baino gertuago sartu zitzaidan, zapiak zeuden tina barrura. Beldurgarria.

Soldaduek janaria eramaten zuten etxetik, arrautzak eta horrelakoak eramaten zituzten, soldaduak etxera etorri eta guk saldu egiten genituen arrautzak. Frentea pasatu zenean, frankoren partekoak eta aurretik gorriak.

Hemen bestekoan ere hil zan, Azabel Goiko semea, Agustin Laka. Ama, Santa Mañe egun batean hil zen, bera, eraman zuten eta laisterrera hil zen, Toledon, bonba bat bota zuten eta lur pilo baten eraman zituen azpira.

Gizona gerran zela, ahizpa eduki nuen laguntzen, Etxebarriko Aulestiko Martina, eta aita zana ere hemen zen. Martinarekin nengoen zapiak joten tinan, xsixsixsi neure kontran bala galdua sartu zenean. Susto ederra hartu nuen!

Kainoirik eta hona ez zen sartu baina botatzen zituzten bai. Orei zahar dago hor goia, eta hara bai, etxe ondora Kalamutik nazionalek botatako kainonazoak iritsi ziren.

Barinako eskoletxearen atarian ere sartu omen zen, zera, bonba bat. Berriro horrelakorik ez dadila etorri, hori da nik esaten dudana.

Hegazkinak bai, ibiltzen ziren, ene! Gogoan dut, soloan, jorratzen genbiltzala hiru hegazkin bueltan bueltan zebiltzan, jo behar ginduezela ta, beldurgarria zen.

Gerran, harrapatzen zituzten guztiak eramaten zituzten frentera, hil zitzaizkidan niri, Orian lehengusu bat, Bentio Ibarluzea; hura eraman eta bala batek hil zuen segituan. Barandikuko hiru lehengusu ere hil zizkidaten. Urten frentera eta gehiago ez genuen jakin berririk; Jose Domingo zuen izena

Fausto Beñe-ko, 18 urterekin eraman zuten baina harek anai bi zituen aurretik gerran eta libratu egin zen. Hainbat etxetan libratu arren, errukiagatik bardin eramten zuten jendea frentera, ea ni hemen nola geratu nintzen, ume txikiarekin eta aitite zaharrarekin. Ni eta beste asko ere bai. Gizonak hilda etorritakoak ere bazire e! Ene, berriro horrelakoak etorriko ete diren beldur naiz.

Ziotenez, Ilaispeko morroi bat, usabak, beste frentera pasatu arazi zuen, esaten zuten. Morroi hori arrapatu egin zuten eta deklarazioa hartu ondoren, (ea nondik eta nola etorri zen), eta harek esan zuzen zuzen nola usabak jarri zuen eta kartzelara eraman zituzten. Konfesatu eragin zioten, nola joan zen edo zen eta harek konfesatu zuen usabaren agindua zela. Gero, jakin zutenean nola joan ziren, eta han ez zeudela, hil egin zuten Ilaispeko aitxe, Patxi Baskaran eta kartzelan zeuden gehiago, Alemanek botatako bonba batek. Bilboko kartzelaren baten izango zen. Amarik eta aitarik barik geratu ziren haiek. Ama aurretik hil zen eta aita kartzela horretan.

Urrengo, Migel Baskaran, Patxiren anaiak, morroiari zitazioa egin ziola esaten dute, eraman eta hil egin homen zuen. Behintzat, azkenerako mordoa hilda.

Inora ez ginen joaten, gu bestelan, Eibarrera joaten ginen plazakora. Uda partean madaria geneukan asko, Ondarrura be madaria saltzera joaten nintzen ni Txasiokin asko. Baina bestela zapatu guztietan Eibarrera, frentea egon zenean ez. Orduan ez ginen joan ezta behin ere. Denpora hori tristea zan.

Gerran ibili ziren, ingurukoak, Joxe Beide (1910-2009), Felix Txikiñe, nire neba zana, Antonio Baskaran, Aispeko Gregorioi be, txanda etorri zitzaionean eraman zuten soldadu eta hantxe, hara eta hona… eta ni, mutila izan banintz, akabo, atrapatuko ninduten gerrara. Nik lau kinto nituen hemen eta denak eraman zituzten gerrara. Eta horrela, gure denpora horrela pasatu zen.

Migel Agirregomezkorta, nire koinatua, Jesuita zen, Oriako beste jesuita batekin batera, (Domingo Ibarluzea hil egin zuten) harrapatu zituzten, Miguel, eskailera azpian gorde zen, Madrilen zeuden. Gero Japonera joan zen eta 2005ean hil zen.